Urdaibai ET, asteburu erabakigarriaren atarian
Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea. Lanak ordainsaria dakar beragaz, eta Urdaibai Eskubaloi Taldea lanerako gogotsu dago. Klubaren barruko lantaldeak lurralde mailako txapelketetan bete-betean murgilduta daude, eta orain arteko behar gogorra fruitua ematen ari zaio eskualdeko eskubaloi taldeari. Hain zuzen ere, iragan asteburuan, gizonezkoen zein emakumezkoen kadete mailako B Ligako fase finalak irabazi zituzten.
Emakumezkoen Urdaibai Garbola Occident kadeteen taldeak, hurrenez hurren, 45-25 eta 32-17ko markagailuekin hartu zituzten menpean Basauri eta Nailuk BZG taldeak, Bermeon. Gizonezkoen Urdaibai Aritzatxu Occident kadete taldeak, Etxebarrian, 43-33koagaz garaitu zuen Askartza, eta 44-30ekoagaz, ostera, Nailuk BZG.
Bi taldeek “denboraldi distiratsua eta erregularra” jokatu dutela azpimarratu dute klubeko ordezkariek, eta txapelketa uneoro “bide onetik” joan dela. Finaletako garaipenak, horrenbestez, lan horren guztiorren “emaitza” izan dira: “Azken fasera irabaziz eta nagusi agertuz iritsi dira bi taldeak, eta garaipenak, ondorioz, erabat merezitakoak izan dira”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Konpetizioak, gainera, aurrerantzean ez du inondik inora etenik izango. Izan ere, asteburu honetako zapatua [urtarrilak 17] eta domeka [urtarrilak 18] bitartean, partidu erabakigarriei aurre egin beharko die eskualdeko eskubaloi klubak. Alde batetik, gizonezko kadeteek Bizkaiko A4 Ligarako fase finala jokatuko dute: zapatuan, 13:30ean, Bermeoko Arene kiroldegian, Loiola Indautxuren kontra jokatuko dute; aurretik, 11:45ean, Ibaizabalek Escolapiosen kontra jokatuko du beste finalaurrekoa. Maila horretako finala domekan lehiatuko dute, 13:30ean hasita.
Gazte mailako Urdaibai Lurunak ere gorriz markaturik edukiko du datorren asteburua: Mundakako Isla Kale kiroldegian jokatuko dute juniorrek Bizkaiko A4 ligarako fase finala. Zapatuan, 16:00retan, Muskizek Berango Urdulizen kontra jokatu beharko du lehenik; ostean, 18:00retatik aurrera, etxeko taldeak Loiola Indautxu edukiko du aurrez aurre. Finalari dagokionez, domekan izango dute, 17:00etan.
Ez hori bakarrik: gazte mailako gizonezkoen AUG Urdaibaik ere final asteburua dauka ate joka, Bermeoko Arene kiroldegian jokatuko duena. Zapatuan, 16:00retan, Escolapios taldearen kontra neurtu beharko dituzte indarrak; beste finalerdiak Barakaldo eta Corazonistas elkartuko ditu, 18:00retan. Finala biharamunean lehiatuko dute, 11:45ean. Neurketa hori orduko, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka jokatuko dute, 10:00etan hasita.