Otsailaren 6ra arteko epea dago Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko
Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek.
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. 2005az geroztik, urtero banatzen dituzte sari horiek Gernika bonbardatu zuteneko urteurren egunean, eta 2026ko sarietarako hautagaitzik aurkezteko epea otsailaren 6an (barikua) amaituko da.
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek, “pertsonei zuzendutako bakearen eta ongizatearen alde hartutako konpromisoaren ezaugarri gisa”. Bi sarietako batek bakearen alde lan egiten duten pertsona anonimoen eginkizuna saritzen du, eta, besteak, gatazkak konpontzen ahalegintzeagatik eta etorkizunari begirako berradiskidete prozeduretako oinarriak ezartzeagatik nabarmendu diren liderrak, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak saritzea bilatzen du.
Hautagaitzak Gernika-Lumoko talde sozial, kultural, kirol edo gizarte eragileen bitartez aurkeztu daitezke, baita udal ordezkaritza duen talde politikoren batek bermetuta ere. Pforzheimgo Udalak ere proposamenak egin ahalko ditu. Talde edo elkarte bakoitzak kategoria bakoitzeko hautagai bakarra aurkeztu ahal izango du, eta, horretarako, proposatu nahi den hautagaitzari buruzko merezimendu txostena aurkeztu beharko dute interesatuek.
Hautagai denak kontuan izanda, epaimahaiak erabakiko du saria nori eman. Gernika-Lumoko alkateak, udalbatza osatzen duten hiru kideetako ordezkari banak, Pforzheimgo alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariak, Bakearen Museoaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeko ordezkarriak osatzen dute epaimahaia.
Urtez urteko lana.
Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak 1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa, hiribilduatik bakearen eta berradiskidetzearen kulturaren balioak sustatzeko asmoz. Ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearean Ikerketa Zentroa (1987) sortu zuten, baita Gernikako Bakearen Museoa (1998) ere.
Urte hauetan zehar egindako berradiskidetzearen aldeko lana da azpimarratu beharrekoa. Emaitzarik adierazgarriena Roman Herzog Alemaniako RF-ko Presidentearen aitorpena da. “Gernika-Lumoko bonbardaketatik bizirik atera ziren lekukoei, 1997ko apirilaren 27an zuzendutako gutunaren bitartez, Gernika-Lumoko bonbardaketan Alemaniako Kondor Legioaren parte hartzea aitortu eta bostekoa luzatu zien berraskidetze gisa”, azaldu dute arduradunek.
Horrez gain, nazioarteko aitorpena ere jaso dute Gernika Sariek. Izan ere, Unescok Europako eskualdeko Bakearen Hiriak Saria 2002-2003 eman zion 2004ko irailaren 9an.
Iaz, Antonio Guterres nazio batuen idazkari nagusiak eta Argentinako Antropologia Forentseko Taldeak jaso zituzten sariok, gizarte eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.