Lurgaiak Berrekondo ingurua baso autoktono bihurtzen jarraituko du landaketak eginez
Lurgaia Fundazioak zapatuan [urtarrilak 17] landaketa egingo du Mendatako Berrekondo ibarrean. Eta, bertaratzeko izen-ematea zabalik dago.
Lurgaia Fundazioak baso landaketa egingo du Mendatan, zapatuan (urtarrila 17). Hain zuzen ere, Berrekondo bailaran egingo dute landaketa, “oso erraz” lantzen den lursailean. Inguru horiek pinuen laborantza intentsiborako baliatu izan dira urte luzez, eta orain bertan baso autoktonoa sortzea edo lehengoratzea da Lurgaia Fundaziokoen landaketen helburu nagusia.
Lurgaia irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta biodibertsitatea kontserbatzen eta natura ondarea kudeatzen laguntzea du helburu: espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia. Hala, baso autoktonoak berreskuratzeko lan egiten du, eta horretarako lurrak kudeatzen ditu lurraldea zainduz, erosiz, lagapen edo erabilera hitzarmenak sinatuz jabeekin. “Eta, Berrekondoko landaketen erritmoa ikusita, oso denbora gutxian baso batean bihurtuta ikusiko dugu”, diote.
Eguena (azaroak 15) bitarteko epea dago landaketetan parte hartzeko izena emateko, Lurgaiaren web orrialdera joanda zein info@lurgaia.org posta elektronikora idatzita; izena ematerakoan, parte hartuko duten guztien izen-abizenak eta jatorrizko udalerria ipini beharko dira, baita hartu-emanetarako telefono zenbaki bat ere. Hori bai, izena eman ostean, baieztapena jaso behar da landaketetara joan aurretik.
Hori jasota, 09:00etan ipini dute zapaturako hitzordua Muxikako Ariatzan, 1845 autobus geltokiaren aldameneko aparkaleku gunean. Bertatik joango dira landaketa eremura, auto “gutxi batzuetan” banatuta, eta aurreikusi dute 13:30ak aldera amaitzea jardunaldia.
Eroan beharrekoak.
Landaketan parte hartuko dutenentzako zenbait gomendio zerrendatu gura izan dituzte antolatzaileek. Alde batetik, ura ontzi berrerabilgarrietan eramateko eskatzen dute, baita jateko zer edo zer ere. Praka luzeak beharko dituzte landaketa eremuan segurtasunez ibiltzeko, eta mendiko edo baratzeko botak. Euria egingo balu, euritarako arropak eta aldatzeko zerbait eroatea gomendatzen dute.