Anaiarteko final gernika-lumotarra izan daiteke
Xabier Barandika gernika-lumotarrak, Thibault Basquegaz batera, Eusko Label Winter Seriesen finalera heltzeko hautagaitza are gehiago argitu du, Johan eta Gorka Sorozabal anaiak 2 eta 1 menperatuta.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Xabier Barandikak eta Thibault Basquek erabatbegiz jota dute Eusko Label Winter Seriesen finala. Aurrelari gernika-lumotarrak eta atzelari bidartarrak 2 eta 1 irabazi zuten atzo [urtarrilak 12] Johan eta Gorka Sorozabal miarriztar anaien aurkako Lauko Finaleko finalaurrekoen ligaxka partidua. Estua izan zen neurketa; borrokatua, tanto bakoitza. Azkenean, gaztetasunak eskarmentuaren aurrean makurtu behar izan zuen, eta, horrenbestez, Jai Alaiko negu aldiko txapelketa nagusiak herriko bi puntistak bere finalean ikus ditzake; Barandika ez ezik, Unai Lekerika —Jai Alai Ligaren lidergoagatik borrokan ari dena— ere goi mailan jokatzen ari da finalerdien txanpa, Alex Goitia markina-xemeindarragaz batera. Azken bikotea Eñaut Urreisti mutrikuar gazteak eta aurten erretiroa hartuko duen Imanol Lopez zumaiar beteranoak osaturikoa da.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Barandika eta Basque beren estilo eta jokoarekiko fidel aritu ziren uneoro: lana, lana eta lana izan zuten oinarri. Lehen setean, Daniatik Euskal Herrira bidaia egin zuen miarriztar binomioari asko kostatu zitzaion kantxan bere tokia topatzea, eta, ondorioz, aurrea hartu zuten ia akatsik egin ez zuten moreek. Gorkak lehen hiru tantoak erreskadan galdu zituen. Hori gutxi ez, eta Johan jokotik erabat aldendu zuen pilota mantsoak. Barandika, aldiz, bere saltsan ibili zen: sake-errestoan eta eskumakadaz zein errebesagaz eginiko erreboteetan ez zuen inongo pitzadurarik kantxaratu. Markagailuan 11 eta 5 edota 13 eta 6 aurreratuta, laranjek aldeak zertxobait apaldu ahal izan zituzten, baina lehen borrokaldia 15 eta 11koagaz biribildu zuen bikote moreak.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Sorozabaldarrak pilotalekuak beren lekua topatuta aritu ziren bigarrenean. Pilota biziagoa lagun, akats gutxiago eta eraginkortasun handiagoa bistaratu zituzten, besteak beste, Johanen errebeskada oldarkorrak tarteko. Hamargarren kartoia bitarte, moreak partidutik at egon ziren. Baina ezin ahaztu daiteke piztiak are arriskutsuagoak direla, zauriturik egonik. Barandikak eta Basquek, erresilientzia ariketa bat plazaratuta, 11 eta 10 aurrea hartzea lortu zuten tantoz tanto, baina ezin izan zuten berdinketa haustea ekidin: txik-txak jaurtiriko eskumakada boteretsu bategaz sinatu zuen Gorkak 12 eta 15ekoa.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Ezpatak airera.
Hirugarren eta azken jokoan, Barandikak hagaxka magikoa jantzi zuen, xistera barik. Txik-txak erara, horma bitara eta errebotez eginiko hiru tantoak giltzarri izan ziren, serta bideratuta uzteko. Johan eta Gorka egoera iraultzen saiatu ziren, baina 5 eta 2ko set argiagaz lortu zuten garaipena moreek. Garaipenaz gain, hiru puntugaz sailkapenaren buru dira. Hiruna puntu dituzte Barandika-Basque eta Goitia-Lekerika bikoteek, baina tantoen batez bestekoa alde dute lehendabizikoek; Urreisti-Lopez eta Johan-Gorka bikoteek puntu bana daukate patrikan, aipaturiko batez bestekoa lehenen aldekoa dela.
Xabier Barandika: “Finalaurrekoetan ez dago hutsegiteetarako tarterik”