Adimen artifiziala tokiko enplegua bilatzeko bide berri bat
Gernika-Lumoko Udalak, Lanbide Ekimenak arloaren bitartez, langabetuentzako AA sortzaileari buruzko doako prestakuntza bultzatu du, SPRIk finantzatuta eta tresna digital berrien erabilera praktikoan oinarrituta.
Gernika-Lumoko Udalak prestakuntza-ekimen berri bat jarri du martxan, adimen artifiziala lana bilatzen ari diren pertsonei hurbiltzeko. Lanbide Ekimenak arloaren bitartez, otsailaren 3an, AA sortzaileari buruzko ikastaro trinkoa antolatuko du, lana bilatzearekin lotuta. Doako prestakuntza hori kultur etxean egingo da, eta SPRIk finantzatuko du bere osotasunean.
Proposamenak lan-merkatuan “gero eta nabariagoa” den errealitateari erantzuten diola diote antolatzaileek: “Tresna digitalak, eta bereziki adimen artifiziala, ez dira balio erantsi bat, faktore bereizgarri bat baizik”. Hala, ikastaroak bost orduko iraupena izango du, eta langabetuei eta hautaketan aritzen diren profesionalei zuzenduta dago; ez dago gaiaren inguruko aldez aurretiko ezagutzarik izan beharrik, eta ChatGPT, Gemini edo Copilot plataformen erabilera praktikoa jorratuko dutela aurreratu dute, lana bilatzeko prozesuaren fase guztietan.
Prestakuntzak ikuspegi praktikoa izango du, kasu errealetan eta zereginak automatizatzeko eta denbora optimizatzeko aukera emango duten laguntzaile pertsonalizatuak sortzean oinarrituta egongo baita: Curriculumaren eta lanbide-profilaren hobekuntzatik hasi eta elkarrizketak prestatzera arteko edo lan-eskaintzak identifikatzeko teknikak landuko dituzte.
Ikastaro hori eskualdeko eraldaketa digitala bultzatzeko estrategia zabalago batean kokatzen dela diote, “ez dela ekimen isolatua” adieraziz. Izan ere, Lanbide Ekimenak elkartea digitalizazioa eta enplegagarritasuna hobetzera bideratutako prestakuntza-ildoa garatzen ari da azken hilabeteotan, eta, joan den azaroan, antzeko beste ikastaro bat egin zuen, teknologia berriak profil profesional desberdinetara hurbiltzeko helburuagaz.
Ildo beretik, Lanbide Ekimenak eta SPRI digitalizazio-ibilbidea prestatzen ari dira gaur egun. Bertan, aholkularitza pertsonalizatua eta tailer praktikoak eskainiko dizkiete autonomoei eta euskal mikroenpresei, “aldaketa teknologikoetara errazago egokitzeko eta lehiakortasuna indartzeko”.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak ikastaroaren “izaera inklusiboa” azpimarratu du: “Adimen artifiziala urruneko zerbait bezala, edo profil teknikoentzat gordetako zerbait bezala ez ikustea nahi dugu. Gure helburua da lana bilatzen ari den edozeinek tresna horiek ulertu eta bere alde erabili ahal izatea”. Lejarragaren arabera, prestakuntzak banakako enplegagarritasuna hobetzeaz gain, eskualdea lan-munduan gertatzen ari diren aldaketetarako prestatzeko balio du.