Azken minutuan, baina basurdeak nagusi
27-32 nagusitu ziren gernika-lumotarrak Avilesen, partida estu batean. Garaipen horrekin, sailkapeneko hirugarren postua eskuratu du Gernika Rugby Taldeak. Domekan [urtarrilak 18], ordea, Sant Cugat talde kataluniarra hartuko dute Urbietan, bigarren postuaren alde borrokatzeko asmoz.
Gernika Rugby Taldearen eta Pasek Belenok taldearen arteko partidua.Javier Barcena Gernika Rugby Taldeak herenegun Avilesen izan zuen norgehiagoka, eta Pasek Belenos talde asturiarraren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak gernika-lumotarrek. Markagailuan 27-32ko emaitzarekin irabazi zuten basurdeek, baina partida “ez zen erraza izan”, taldetik nabarmendu dutenez.
“Hasiera bikaina” izan zuten, ordea: “Gogotsu hasi genuen partidua. Markagailuan 5-13 emaitzagaz hasi ginen, eta joku aldetik ere indartsu genbiltzan”. Hala ere, ez diote kontrako taldearen lanari garrantzirik kendu nahi izan, “lan fina” egin baitzuten, ze, esan dute, atsedenaldira irabazten heldu ziren arren, etxeko taldeak “asko estutu” ziela; 10-13 heldu ziren, hain zuzen, atsedenaldira.
Lehenengo zati “txukunaren” ostean, atsedenalditik bueltan egin zuten jokoa “guztiz kontrakoa” izan zela zehaztu dute gernika-lumotarrek: “Eskasa izan zen gure jokua atsedenalditik bueltan, eta markagailua irauli ziguten asturiarrek. Ez zizkiguten gauzak erraz jarri, eta ez ginen bat ere eroso aurkitzen”. Hala ere, gogoaren indarraren erakusle izan ziren, eta partidaren azken unera arte borrokatu zuten; ondo borrokatu, gainera. Izan ere, azken minutuan egindako entsaio baten ondorioz lortu zuten markagailua berriz aldeko jartzea, eta emandako aurrerapauso hortaz baliatu ziren, aldeko emaitza mantetzeko.
Garaipenagaz eta sailkapeneko hirugarren postuagaz itzuli dira etxera basurdeak, eta “oso pozik” daude, taldea partida eskas bat aurrera ateratzeko gai izan zelako.
Hala ere, lanean jarraitu behar dutela argi esan dute, datorren domekan bigarren sailkatuak hartuko baitituzte Urbietan, bigarren postu hori lortzearen alde lehiatzeko. Sant Cugat talde kataluniarra izango dute arerio, halaber, eta zaleen berotasuna beharrezkoa izango dela gaineratu dute basurdeek: “Partidu zaila izango dela jakin badakigu, ze, taldean dauzkagun lesioez gain, talde oso sendoa da Sant Cugat. Iaz finalaurrekoak jokatu genituen beraien kontra, eta kriston giroa sortu zen Urbietan. Asteburuan ere horixe lortu nahi dugu”. Hala, gernika-lumotar eta ingurukoak animatu dituzte Gernika Rugby Taldetik, domekan 12:30ean Urbietara hurbiltzera.