Arrizabalaga indartsu itzuli da txapelketara
Olatz Arrizabalagak garaipenagaz egin du Eskuz Binakako Txapelketa Nagusian debuta, bere bikote Arrate Bergaragaz batera Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabali irabaziz. Domekan [urtarrilak 18] izango dute hurrego norgehiagoka, Arrasaten.
Argazkia: Emakume Master Cup. 2026ko Eskuz Binakako Txapelketa Nagusian murgilduta daude zenbait pilotari abenduaren 27az geroztik. Besteren artean, Olatz Arrzabalaga gernika-lumotarra. Txapelketan debutatu zuen, atzo, Larrabetzun. Izan ere, Arrizabalagak abenduaren 28an ekin behar zion lehiaketari Sopelako pilotalekuan, baina Zabaleta leitzarrak ordezkatu zuen.
“Indartsu” itzuli da hainbeste gogoko duen lehiaketara, alegia. Eta, zelan ez, garaipenagaz. Arrate Bergaragaz osatu du bikotea, beste urte batez, eta atzo, Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabalek osatutako bikotearen aurka garaipena lortu zuten Larrabetzuko frontoian; 22-13. Garaipen honekin, irabazleek bigarren puntua eskuratu dute euren bigarren partidan eta finalerdietarako bidea ondo bideratuta dute, nahiz eta oraindik txapelketa hasi besterik ez den egin.
Partidaren hasieragaz batera, Arrizabalaga eta Bergara 7-0 aurreratu ziren markagailuan. Hala ere, Ruiz de Infantek eta Mendizabalek ez zuten amorerik eman, eta behetik gora etorrita, partida hamahiruna berdintzea lortu zuten. Hortxe gelditu ziren, ordea, ze, sakea berreskuratuta, Arrizabalagak partidaren aginte-makila hartu eta joko ona erakutsi zuen, tanto garrantzitsuak lortuz.
Gernika-lumotarrak nabarmendu duenez, “sentsazio onagaz” amaitu du debuta, baina “are sentsazio hobeak” izan nahi ditu: “Nahiz eta tartean gorabeherak izan genituen, partidaren hasiera eta amaiera onak egin genituen, eta hori izan ohi da garrantzitsuena. Gainera, eskuak oso ondo ditut azken aldian. Beraz, sentsazio onagaz hasi dut txapelketa, baina datorren domekan [urtarrilak 18] txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatzen dugu, eta Larrabetzun baino hobeto jokatzea komeni zaigu, hirugarren puntua lortzeko eta finalerdietara heltzeko aurrerapausoa emateko”.
Hala, domekan Arrasaten izango du hitzordua Arrizabalagak, bere bikote Bergaragaz batera, eta kasu honetan Aizane Ibarrola eta Itsaso Erasunek osatutako bikotea izango dute parez-pare, Arrasateko frontoian, 11:30ean.