"Ni'
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Ni lamina bat naiz. Xixili izenez ezagutzen naute antzinatik euskaldunek, nahiz eta beste izen asko izan ditudan betidanik. Munduko bazter askotan egon naiz, eta asko maite ditut zabalera handiko ur distiratsuak. Baita ur sakonean gordetako toki ezkutu guztiak ere. Ia ahaztuak ditut, ordea, hain da luzea nire bizitza.
Greziarrekin izan nintzen aspaldi, uhartetik uhartera saltoka. Arrantzale eta gudari galanten itsasontzien atzetik, ahots gozoz abestutako doinuez liluratzen nituen. Oso iparrean bizi ziren bikingoekin ere izan naiz jolasean. Hegatsa erakutsiaz, amodiozko poema ulergaitzak edesten nizkien, eta banekien, etxerako bueltan, ohean zuten andrea besoetan sutsuki hartu eta nire doinuak belarrietan xuxurlatuko zizkietela belarrira.
Baina, aspaldi, Euskal Herriko urak izan ditut bizitoki. Balea eta izurdea ziren bereziki lagun, baina baita olagarroa, hegaluzea eta ilargi-arraina ere. Pozik jolasten nintzen ni itsas otsoekin ur hotzetatik iheska etorri eta kostaldera hurbiltzen zirenean; ur-lasterketa amaigabeetan, norgehiagoka ibiltzen ginen. Nire deika hasten ziren Lapurdiko muturretik, ongi baitzekiten nondik nenbilen, eta nik Izaron itxaroten nien irribarretsu. Haien abiadurari jarraituz, ur handietara saltoka eta bueltaka joaten ginen, bale lagunen begiradapean. Eta nik barre egiten nuen beti, oso jostalaria bainintzen.
Batzuetan, kostaldera joateko premia izaten nuen, gizakiak ikusmiratzera. Bermeoko portura hurbiltzen nintzen, nire txokorik gustukoenera, eta begiak besterik ez atereaz, porturatzen ziren itsasontzien artetik bi hankadun mutil lirainei begira egoten nintzaien.
Han ikusi zintudan lehen aldiz, ondo oroitzen naiz horretaz. Eguzkiak gogor jotzen zuen egun hartan hodei-tarteen artetik, eta urrunean arrantzatutako nire lagunen ezkatek distira ederrez margotu zuten zure aurpegia. Zu portutxoan zeunden egun hartan, arrain-kutxak leku batera eta bestera eramanez, alkandora zuriz jantzita. Ez nizun besteen antzera begiratu. Zure besoetako giharrek, zure ile gorri kizkurrak eta zure aurpegi ederrak liluratu ninduten. Zelatari, abesti xarmagarri bat kantatzera ausartu nintzaizun. Oso erakargarria izan zitzaizula uste dut, ezen laster geldiarazi zintuen, eta, itsasoari begira, olatu guztiak arakatu zenituen, nire ahotsaren preso.
Zein polito abestu zintudan, laburra izan bazen ere. Jarraitu izan banu, agian ontzitik salto egin eta ez zinatekeen gehiago lurreratuko. Lana amaitu eta etxerako bidea hartu zenuen arte egon nintzaizun begira. Berotu zitzaizun sabelpea, badakit. Agian bular ederreko neskaren bat izango zenuen zure zain, amodioaren jola- sean arratsaldea zurekin pasatzeko prest. Eta Izaroko arroken babespean, gauaren lehen isiltasunarekin, loak hartu ninduen zure irudia laztantzen nuen bitartean.
Askotan galdetu izan diot neure buruari ez ote naizen ni ere erdigizakia izango. Uda garaian gustukoa nuen gaztetxoak itsasoan saltoka ikustera joatea. Igeri egiten zuten, eta ur epeletan arraintxoekin jolasten ziren, gorputz guztia murgilduz. Ez zuten askorik irauten, ordea, eta laster lehorreratzen ziren berriro. Hain ikusten nituen nire modukoak batzuetan, eta hain ezberdinak besteetan.
Aspaldi nekien laster zahartzen zirela, eta oso bizitza laburrekoak zirela ere bai, arraintxoei gertatzen zaien moduan. Ilea zuritzean, liraintasuna galtzen zuten. Nik ez nekien hori zer zen, betidanik bizi izan bainaiz, mundua mundu denetik, itsasoa itsaso denetik. Eta nork daki hori noiz izan zen?
Zorigaiztoko eguna heldu zen arte.