Odola emateko sei aukera egongo dira eskualdean, urtarrilean
Odola emateko autobusak hiru egunetan egingo du geldialdia Gernika-Lumon, bitan Bermeon eta egun bakarrean Mundakan.
Urtea hasteko odola emateko hainbat aukera egongo dira eskualdean, urtarrilean. Euskadiko Odol Emaileen elkarteak sei hitzordu zehaztu ditu Busturialdeako biztanleek odola emateko aukera eskutik-eskura eduki dezaten. Hala, odola emateko autobusak hiru egunetan egingo du geldialdia Gernika-Lumon, bitan Bermeon eta egun bakarrean Mundakan. Gaur (urtarrilak 5), esaterako, Foruen plazan dago autobusa.
Gaurko egunaz aparte, etzi (urtarrilak 7) eta hurrengo astelehenean (urtarrilak 12) egingo ditu geldialdiak autobusak Gernika-Lumon, etzi 16:30etik 21:00etara bitartean, eta urtarrilaren 12an 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara arteko ordutegian.
Bermeori dagokionez, urtarrilaren 23an eta 24an egongo da odola emateko aukera Lameran, lehenengo egunean 09:45etik 13:30era eta 16:45etik 20:30era bitartean, eta, huurengo egunean goizeko ordutegian bakarrik.
Mundakara, aldiz, urtarrilaren 24an ailegatuko da, goizez: 09:45etik 13:30era arteko ordutegian egongo da autobusa, Talan.
Euskadiko Odol Emaileen elkarteak jakitera eman duenez, AB- odol motaren beharra dute gehien, eta horiek odola ematea “premiazkoa” dela esan dute.
Gernika-Lumoko Odolkideak taldeko kideek odola ematera deitu dituzte herritarrak, “beharrezkoa eta segurua” delako. Odol erreserbak izatea eta horiek betetzea “garrantzitsua” dela azpimarratu dute, beraz, hori egiteko deialdia zabaldu dute.