Kolektiboko bi kideri eraso egin dietela salatu du Gernika-Lumak
LGBTQ+ kolektiboko kideek aske izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute beste behin, eta herriak leku seguruak izan behar direla aldarrikatu dute: "Gure helburua da kolektiboko jendea seguru sentitzea eta horrela sentitzeko eremu bat sortzea. Horretarako, eraso oro salatuko dugu, eta eraso horiek argitara aterako ditugu".
Gernika-Lumak salatu du asteburuan kolektiboko bi kideri eraso egin ziela mutil talde gazte batek Gernika-Lumo erdigunean. Esan dutenez, kolektiboko kideak iraintzeaz gain, eraso fisikora ere ailegatu ziren gazteak, listua kolektibokoen gainera botaz.
Hala, erasoa gaitzetsi dute, horrelako erasorik ez dutela onartuko argi utziz. “Urte berriak zaharrak berri, baina hemen gaude, erantzuten, horrelako erasorik ez dugula onartuko adieraziz, ez hemen ez inon. Aurrean izango gaituzue, ez baikara isilduko. Gora borroka transmaribibolloa”.
LGBTQ+ kolektiboko kideek aske izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute beste behin, eta herriak leku seguruak izan behar direla aldarrikatu dute: “Gure helburua da kolektiboko jendea seguru sentitzea eta horrela sentitzeko eremu bat sortzea. Horretarako, eraso oro salatuko dugu, eta eraso horiek argitara aterako ditugu”.
Izan ere, Gernika-Lumakoen nahia da kolektibokoek jakitea eurak beraiei laguntzeko prest daudela. “Saiatuko gara, ahal den heinean, gaia lantzen eta biktima guztiei babesa eskaintzen. Jendea gugana gerturatzea nahi dugu, erasoak ikusezin gera ez daitezen eta beraiek babesa jaso dezaten. Izan ere, gu laguntzeko prest gaude”, gehitu dute.
Hala, gaineratu dute, asmoa dutela salaketa anonimoak jasotzeko bide bat irekitzeko: “Kolektiboko kideek salatzen dituzten erasoak jaso eta biltzeko tresna bat garatu nahi dugu, baina ikusiko dugu nola bideratzen dugun”.