Gernika-Lumoko udal aurrekontuan ekarpenak egiteko aukera dago
Gernika-Lumoko udal aurrekontua osatzeko iradokizunak bihar (urtarrilak 6) arte jasoko dituzte, bai udalean, bai posta elektronikoz.
Gernika-Lumoko Udalak aurtengo udal aurrekontua prestatzeko herritarren iritziak jaso gura ditu, eta horiei ekarpenak egiteko aukera eskaini gura die, partaidetza prozesu baten bitartez. Iradokizunak aurkezteko epea bihar (urtarrilak 6) amaituko da.
Ekarpenak udalean bertan edota udalaren helbide elektronikora bidalita egin daitezke: partaidetza@gernika-lumo.eus helbidera idatzita edota udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzura (HAZ) joanda aurkeztu beharko dira, udalaren webgunean aurki daitekeen formularioa bete ondoren.
Udalerrian erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak aurkeztu ahalko ditu iradokizunak, baita udalaren erakundeen erregistroan inskribatutako edozein erakundek eta edozein elkartek, fundaziok, sindikatuk, enpresa elkartek, elkargo profesionalek, zuzenbide publikoko korporazioek edota ordenamendu juridikoaren arabera nortasun juridikoa duen eta egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra herrian duen beste edozein erakundek ere.
Hori bai, proposamenak bideragarriak izan behar direla azpimarratu dute, eta herritar guztien interes orokorra eta guztien ongizatea lehenetsi behar dituztela ere bai. Izan ere, proposamenak jaso ostean, proiektu horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko ditu udalak.