Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeko bidea "ezin dela gehiago luzatu" aldarrikatu dute
Sare Gernika-Lumok abenduaren 31n egindako mobilizazioan gogoratu zuen oraindik 104 euskal preso, 14 iheslari eta 3 deportatu daude etxerako bidean jartzeko: "Elkarbizitzarako urratsak emateko, ezinbestean, haien etxeratzea oinarrizkoa eta urgentziazkoa da".
Sare Gernika-Lumok abenduaren 31n egindako mobilizazioa. Sare Gernika-Lumo Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko kale dinamika “beharrezkoa” dela-eta, Sare Gernika-Lumok mobilizazioa deitu zuen udalerrian abenduaren 31n, eta 150 lagun elkartu ziren. Bertan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeko bidea “ezin dela gehiago luzatu” aldarrikatu zuten. Izan ere, oraindik 104 euskal preso, 14 iheslari eta 3 deportatu daude etxerako bidean jartzeko: “Gatazkaren konponbidean urratsak eman, ondorioak gainditu eta elkarbizitzarako urratsak emateko, ezinbestean, haien etxeratzea oinarrizkoa eta urgentziazkoa da”.
Gainera, gehitu zuten euskal preso, iheslari eta deportatuei salbuespen neurriak aplikatzen jarraitzen zaizkiela: “Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, lege arrunta aplikatu, eta urteetan luzatu den eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen euskal presoen auzia amaitzeko baldintzak eraiki behar ditugu”. Hori dela eta, etorkizunari begira jarri eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko baldintzak sortu behar direla adierazi zuten.
Gogoratu zuten, duela aste pare bat, Jabi Abaunza Martinez gernika-lumotar presoa estatu frantziarreko Lannemezango espetxetik —Euskal Herritik 317 kilometrotara dagoena— Martuteneko espetzera lekualdatu dutela. “Poztan gara Jabigatik eta bere senide eta lagunengatik. Urruntze politika atzean utzita Euskal Herriratua izan da, behingoz”, esan zuten. Baina Abaunzak 7/2014 espainiar legea aplikatzeko arriskua dauka; hau da, behin estatu frantziarrean zigorra beteta —23 urtetik gorako zigorra bete du han— estatu espainiarreko zigorra zerotik betearazi nahi zaio: “Urteetan indarrean egon den tranpa juridikoa da hori. Nahiz eta Europak aldaraztera behartu eta iazko udazkenean Espainiako kongresuak zuzendu, estatu espainiarrak ez die oraindik estatu ezberdinetan betetako zigor batuketa aplikatu euskal preso guztiei”.
Sare Gernika-Lumok, ondorioz, arkitektura juridikoaren zuzenketa “geldo” doala adierazi du, bitartean “espetxe erregimenean oztopoak ezarri eta kaleratze aukerak zapuzten zaizkiela” euskal presoei gogoratuta. Hala ere, Sare Herritarra arlo kultural, sozial, politiko, sindikal eta instituzionalean aktibazio soziala sustatu eta konpromisoak areagotzeko asmoagaz proposaturiko dinamika zabala dela gogoratu zuten mobilizazioan, “herriko gehiengo sozialak bat egiten dituen printzipioen gainean” eraikitakoa: konponbibidea, bakea eta elkarbizitza. Hori dela eta, eta hori oinarri hartuta, udalak aho batez plazaratu zuen Sare Gernika-Lumoren adierazpen instituzionala, euren arteko ezberdintasunak alboratuta, eta hori urrats “garrantzitsua” zela adierazi zuten sarekideek mobilizazioan: “Urteetan egin bezala, Gabonen testuinguruko testu bateratua argitaratu izana urrats kualitatiboa da”.

Sare Gernika-Lumok abenduaren 31n egindako mobilizazioa.Sare Gernika-Lumo
Iazko urtearen azken egunean egindako mobilizazioan ez zuten Dabid Zelaia sarekidea ahaztu, ez eta eurekin ez zeuden lagunak ere: “Besarkada bat etxekoei. Espetxea eta erbestearen errealitatea ezagutu izan dute gertutik urteetan lagun kuadrilan, eta jakitun gara falta direnen gomuta presente izaten jarraituko dutela”.
Lanean jarraitzeko asmoa iragarri zuten, beraz. Eta, zentzu horretan, Gernika-Lumon urtarrilaren 25ean egingo duten VII. Etxera Trail ekimena indartzera gonbidatu zituzten herritarrak, bai izena emanda, bai antolakuntzan laguntzaile izanda.
Eta, herriko beste zenbait kide eta elkarte zein eragile ere aipatu zituzten: “Ez dugu diskurtso hau amaitu nahi zorion mezuak igorri barik: zorionak zuri, aitor, txapelagatik; Amillari egindako txapelketagatik eta eskainitako laguntzagatik. Baita Onintzari ere. Aurten 20 urte bete dituzten Astra kultura faktoriari eta Busturialdeko Hitzari ere, zorionak: lehen 20ak baino ez daitezela izan! Sare lehenbailehen desagertzeko jaio bazen ere, ibilbidea egiten jarraitzera behartuak garen bitartean bidaide izaten jarraituko dugu”.