Aldundiak 2,5 milioi bideratu ditu Maier Technology Centerrera, "Busturialdean industria teknologikoa sustatzeko"
Maier kooperatibaren I+G zentro da Maier Technology Centre (MTC), eta horrek jasoko du Bizkaiko Foru Aldundiaren 2,5 milioi euroko ekarpena. Inbertsioa Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) baitan kokatzen da, eta eskualdeko ehun industriala eta teknologikoa indartzea ditu helburu.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak Mondragon Korporazioko Maier kooperatibaren I+G zentroa den Maier Technology Centre (MTC) zentrorako 2,5 milioi euroko ekarpena egitea onartu zuen abenduaren 29ko Gobernu Kontseiluan. Izan ere, Maier Technology Center osagai plastiko funtzional eta estetikoen ikerketan eta garapenean eta automobilgintzarako dekorazio teknologi aurreratuetan espezializatutako erreferentziazko zentro teknologikoa da, “dibertsifikazioko beste arlo batzuk ere aztertzen dituena”.
MTC Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sarean sartuta dago, eta ezagutza enpresa-ehunera transferitzera bideratutako industria eta teknologia ikerketako jarduerak garatzen ditu. Zentroaren instalazio berriak Arabieta (Ajangiz) industrialdean kokatuko dira, Busturialdea-Urdaibairen posizionamendua proiektu industrial eta teknologiko aurreratuak “ezartzeko gune erakargarri gisa” indartuz.
Maierrek bultzatutako proiektuak 2.683.000 euroko aurrekontua dauka guztira, eta horietatik 2,5 milioi euro Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko ditu, “balio erantsi handiko industria jarduerak garatzearen eta lurraldearen eragile teknologiko estrategikoak sendotzearen aldeko apustua berresteko asmoz”.
Inbertsioak MTCren gaitasun zientifiko-teknologikoak “handituko” dituela diote, erreferentziazko enpresa eta ikerketa zentroekin duen lankidetza ere sendotuko duela gehituz. Gainera, automobilgintzarako osagai plastikoen eta dekorazio teknologien I+Gko erreferentziazko zentro gisa duen lekua “egonkortuko” duela ere uste dute, “beste dibertsifikazio aukera batzuetan sakontzeaz gain” eta Bizkaiaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzeaz aparte.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, laguntza hori eskualde planeko proiektu eragilearen baitan kokatzen da, Oinarri teknologikoko industria proiektu berriei laguntzeako atalean. Eta, gehitu du Busturialdea-Urdaibaiko EPEn jasotako konpromisoak gauzatzeko “lehen mugarrietako bat” dela: “Izan ere, lehen mugarri horien ardatza euskaldeko industria, teknologia eta ezagutza oinarria indartzea da”.
Proiektu hori gauzatzeak “funtsezko eragile teknologikoa indartzea” dakarrela uste dute aldundiko ordezkariek: “Enplegu kualifikatua sortuko du eta eskualdeko eta Bizkaiko industria sarearen lehiakortasuna bultzatuko du. gainera,e zagutza eta teknologia lurraldeko enpresetara transferitzea sustatuko du”.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoari buruz
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoa (EPE) Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta inguruko 20 udalek partekatzen duten ibilbide-orria dela gogoratu dute aldundiko ordezkariek, “diagnosi-lan bateratu batean oinarritzen dena, eta erronkak identifikatzean eta lurraldearen garapen ekonomikoa, industriala eta soziala bultzatzean oinarritzen dena”.
Planaren helburua, “Busturialdea-Urdaibairen berezko gaitasunekin eta aukerekin bat etorriz”, eskualdearen lehiakortasuna indartzea, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta garapen orekatu eta jasangarrirantz aurrera egitea dela nabarmendu dute. Eta, gogoratu dute planak 13 proiektu traktoretarako 78,4 milioi euroko inbertsio publiko zuzena aurreikusten duela, eta horrekin batera 225 milioi euroko inbertsio gehigarriak egingo direla.