2.547,40 euro batu dituzte Marijesiek, AEA gaitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko
Adela Bizkaia erakundeak jaso du aurten Gernika-Lumoko Marijesiek bildutako dirua: 2.547,40 euro. Gaixotasuna dutenei zainketa aringarriak eskaintzeko eta ikerketa bideratzeko erabiliko dute diru ekarpena.
Gernika-Lumoko Marijesiak Adela elkarteko kideei batutako diruaren txekea ematen, Merkurio parean.BB_Baskolor-Marijesiak artxiboa Alboko esklerosi amiotrofikoa ikusaraztea eta gizarteratzea sustatzen duen Adela Bizkaia erakundeak jaso du aurten Gernika-Lumoko Marijesiek bildutako dirua: 2.547,40 euro. Adela Bizkaia elkartearen izenean Jon Oses Irulegi lekeitiarrak hartu zuen dirua Merkurio parean, abenduaren 30ean egindako agerraldian, eta diru hori hartzerakoan eskertuta agertu zen Oses.
Jasotako diru laguntza AEA gaitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen duten zainketa aringarriak eskaintzeko eta ikerketa bideratzeko erabiliko da. Izan ere, alboko esklerosi amiotrofikoa neurona motorren degenerazio progresibo batek eragindako gaixotasuna da, giharren ahulezia duena ondorio, eta gorputzean zehar hedatzen dena, atatez atal, gorputzaren erabateko paralisia helburu. Eta, gaur egun tratamendurik eta sendabiderik gabekoa da. Duela 150 urte baino gehiago aurkitu zen, baina gaur egun oraindik ez da behar bezain ezaguna.
AEAren diagnostikoa, pronostikoa eta bilakaera onartzea “oso gogorra” da, laguntza emozionala beharrezkoa da, eta horretan laguntzea bilatzen du Adela elkarteak. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta AEA duten pertsonen eta haien familien arretan lan egiten duten familiek, boluntarioek, laguntzaileek eta profesionalek osatzen dute. “Gure ahalegina bizitza duina ematen laguntzea da: familiak zaintzea, laguntzea eta gaixotasunaren prozesuan babestea bilatzen dugu, euren egunerokoan sufrimendua arintzen saiatuz, gure esperientziaren eta hurbiltasunaren bidez”, diote elkartekoek.
Bederatziurrena.
Bederatziurrena egiten dute Gernikako Marijesiek Gabonak aurretik, eta gaueko errondetan kalera ateratzeaz gain, egunez ere kantuan ibili ziren abenduaren 24an. Azken egun horretan, goiz eta eguerdi partean, udalerriko kaleetatik ibili ohi dira koplak abesten eta zakuagaz dirua biltzen. Hala, dohaitza egin duten herritar guztiak eskertu gura izan dituzte: “Eskerrak eman behar dizkiegu gernikar guztiei, egindako diru ekarpenagatik”.
Horrez gain, bederatziurrenaren balorazio “guztiz positiboa” egin dute, izan ere, emandako datuen arabera, asko eta asko izan dira errondetan parte hartu duten bizilagunak. Egunez eguneko errondetan, gehienak emakumezkoak izan dira orokorrean, eta jende gehien bildu duen eguna abenduaren 21a izan zen: 109 pertsona bildu ziren, 44 gizonezkoak eta 65 emakumezkoak.
Gainera, leihora atera diren gernikarrak eskertu dituzte, kale ilunetatik argi keinuak ikustea berezia baita. 2026koan ere marijesiak bueltatuko dira, “kunplietan legia”.