'Bermeoko erara' kanpaina hasiko dute gaur, pintxo-pote ibilbidearekin
Bermeo Tuna World Capitalek bultzatutako Gabonetako kanpainak arrantzaleen lana, itsas nortasuna eta tokiko produktu jasangarriaren kontsumoa balioan jartzen ditu. Bermeoko erara kanpaina gaur [abenduak 19] hasiko dute, pintxo-pote ibilbidearekin. Josepa Kale-Kaleko kideek girotuko dute, 20:00etatik aurrera.
Horrez gain, kanpainak Bermeo Tuna World Capitalen kontserba-sorten zozketa ere izango du, parte-hartzea eta tokiko produktuaren kontsumoa sustatzeko helburuarekin.
Parte hartu nahi dutenek bi aukera edukiko dituzte: batetik, tabernetan, hegaluze edo atun pintxo bat kontsumituz, txartel bat eskatuta eta establezimenduetan jarritako kutxetan utzi beharo dute, eta bestetik, Internet bidez tabernetan eskatutako pintxoaren argazki bat Instagram edo Facebookera igota, #GabonakBermeokoErara hashtag-arekin eta @BermeoTuna aipatuz eta jarraituz.
Pintxo desberdinekin nahi beste aldiz parte hartu ahal izango da, eta parte hartzeko epea urtarrilaren 6an amaituko da. Ondoren hiru sari banatuko dituzte: bat tabernetako txartelen artean, beste bat online parte-hartzaileen artean, eta hegaluze edo atun pintxo gehien saldu duen tabernarentzako aitorpen bat.
Antolatzaileek azaldu bezala, Gabonetako kanpainaren helburua da hegaluze eta atun jasangarriaren kontsumoa sustatzea da, bai kanpainan parte hartzen duten ostalaritza establezimenduetan, bai etxeetan, “udalerriaren izaeraren parte den produktua eta hori posible egiten duten pertsonen lana balioan jarriz”.
Horrela, Bermeok itsasoari, gastronomiari eta tokiko nortasunari lotutako Gabonen aldeko apustua “indartzen” dutela azpimarratu dute: “Gure arrantzaleen eta produktu hauek gure mahaietara iritsi daitezen lanean ari diren pertsona guztien ahaleginari esker, hegaluzea eta atuna dastatzeko aukera izatea pribilegio bat da, Gabonak bezalako data berezietan ere, hemen, Gabonak Bermeoko erara ospatzen direlako”.