Puntu bakoitza, lubaki: Gernikak ozta-ozta aurrera egingo du Eurocup Womenen
Lointek Gernika Bizkaiak 78 eta 61 galdu du NKA Universitas Pecs taldearen kontrako Eurocup Womenen final-hamaseirenetako kanporaketaren itzuliko partidua. Hori bai, Malosteko joanekoan lortutako garaipena tarteko, puntu biko aldeagatik lortu du lehian aurrera egitea.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia. Puntu bakarrak zirt edo zart egiteko aldea egin dezake. Lointek Gernika Bizkaiak 78 eta 61 galdu zuen atzo [abenduak 17], NKA Universitas Pecsen aurka, Eurocup Womenen final-hamaseirenen itzuliko partidua, baina Malosten 62 eta 43 gailenduta, puntu bigatik (123 eta 121eko puntuazio totala) aurrera egingo dute txapelketan. Hala, europar lehiaketarik handienaren hurrengo fasea lehiatzen jarraituko duten hamasei taldeetako bat izango da Gernika.
Erritmoa izan zen partiduaren estreinako laurdenaren gidalerro nagusia. Multzokako fasean birritan eta final-hamaseiren fasearen joanekoan beste behin elkar topatuta, talde biek ala biek elkarren berri sobera zuten, eta horren isla izan ziren bai batak, bai besteak eratutako defentsa sendoak. Julia Reisingerova izan zen lehen aldeak egiteko arduraduna, eta errebotearen kontrolak, pixkanaka-pixkanaka, hungariarren aldera jo zuen. Haren aurrean, Ane Olaeta gernika-lumotarrak eta Masa Jankovic serbiarrak aldeak murriztu zituzten, beraien saskiratzeekin; 21 eta 16koagaz biribildu zuten lehendabiziko laurdena.
Bigarren laurdenaren hasieran lehenengoaren amaieraren segida izan zen. Hori bai, setaren erdialdetik aurrera, Pecsek koska bat igo zuen partiduaren eskakizun maila: hungariarren intentsitateak eta defentsako oldarkortasunak baloia gura moduan mugitzea galarazi zion Gernikari. Mugikortasun falta hari saskiratzeek pairatutako idortea gehitu zitzaion. Egoera hartan, ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula markagailuan alde erosorik lortzea. Set amaieran, etxekoek bultzada eman zioten neurketari, eta markagailuan 11 puntuko arrakala urratu ahal izan zuten; 41 eta 29koagaz joan ziren atsedenaldira.

Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia.
Aldageletatik itzultzean, hungariarren karta denak mahaigaineratu zituzten: defentsan gogotik estutu zituzten granateak, markagailuan aldeak egin asmoz. Ondorioz, Lointekek kanpoaldetik zukutu behar izan zituen bere aukerak; jaurtiketa gehienek, baina, ez zuten saskian sartu gura. 57 eta 38koagaz, kanporaketa aldapa gora ipini zitzaien Malostekoei. Jankovic eta Sarah Polleros taldeari arnasa ematen saiatu zire, 2+1 bat tarteko, baina Reisingerovak, bere aldetik, saskiratzeak erdiesten jarraitu zuen. 59 eta 44ko markagailuagaz ekin zioten azken laurdenari.
Azken borrokaldia Eszter Ratkairen hiruko saskiratzeagaz abiatu zuten. Hungariarrak sendo iritsi ziren kanporaketaren txanpara, eta gernika-lumotarrei dena ematea eta kantxan odolustea besterik ez zitzaien tokatu. Baloiak eta jokoak alde batetik bestera egin zuten, etengabeko lehian. Partiduaren izar handietako batek, Reisingerovak, +18ra eroan zuen bere esku hartzea. Beste behin, Olaeta zein Jankovic giltzarri izan ziren, taldearen ardura lepotan hartuta; markagailuaren aldeak -13ra murriztu zituzten. Bukaerarako 47 segundo falta zirela, 75 eta 59 zihoazen.
Azken jaurtiketa.
+19ko balantzeagaz, Pecsek 15 segundo zituen partidua eta kanporaketa poltsikoratu ahal izateko. Talde bien aulkietako estrategia gako izan zen azken segundo haietan. Jankovicek azken jaurtiketa bat gordea zuen patrikan, eta ez zuen abagunea alferrik galdu. Serbiarrak kale edo bale egin zuen partiduaren azken hatsean, eta bere saskiratzeak Gernikari garaipena nahiz hurrengo fasera sailkapena eman zizkion. Itzulera partiduan, Pecs 78 eta 61 nagusitu zen; kanporaketan, Gernikak 123 eta 121ekoagaz ezarri zuen bere legea.
Lucas Fernandez: “Taldeak anbizio eta sinismen ariketa handia egin du, eta ilusioz hartzen dugu txapelketa honetan aurrera egitea”
Partidua amaitu berri, Lucas Fernandezek partidu “biribila” izan zela azpimarratu zuen: “Hala erasoan, nola defentsan”. Lehen minututik beren aukerengan “irmo sinistuz” jokatu zuten, aurkariaren “maila handiaren” jakitun: “Mailarik onena eman behar izan dugu, eta lortu dugu heldutasunez jokatzea; hutsegiteak ere egin ditugu, baina horiek detektatzea etorkizunean hazten segitzeko balioko digute”.

Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia.
Erreboteen lanketan eginiko “taldelana eta esfortzua” nabarmendu zituen entrenatzaileak: “Aurkariaren abiadura, batik bat, Reisingerovarena, geure aurka eduki dugu; zenbait unetan igarri dugu joanekoan arerioen jokalari batzuek errotazio gehiago eduki zituztela, eta horrek beren jokoari freskotasuna eman dio. Guk, geure aldetik, defentsa lerro sendoa eraiki dugu, eta saiatu gara Pecsen erritmoa behin eta berriz eteten. Oro har, taldeak anbizio eta sinismen ariketa handia egin du, eta ilusioz hartzen dugu txapelketa honetan aurrera egitea”.
Masa Jankovic: “Ez dugu geure partidurik distiratsuena egin, baina Malosten lortutako errentak aurrera egiteko balio izan digu”
Partiduaren izarretako bat, Jankovic, partiduaren “fisikotasunaz” mintzatu zen: “Norgehiagoka oso fisikoa izatea espero genuen, eta halaxe izan da. Uste dut ez dugula geure partidurik distiratsuena egin, baina Malosten lortutako errentak aurrera egiteko balio izan digu. Oso harro nago jokalari guztiek eginiko lanagaz”.