Abantaila polita bai, baina ez erabakigarria
Lointek Gernika Bizkaiak 62-43 irabazi zion atzo [abenduak 11] Hungariako Pecs taldeari Eurokopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, Malosten.
Reisingerova eta JankovicMaria Mentxaka (Lointek Gernika) Joaneko eta itzulerako kanporaketetan puntu bakoitza garrantzitsua da. Edozein erabakigarria izan daiteke. Lointek Gernika Bizkaia abantaila polita lortu zuen atzo [abenduak 11] Hungariako Pecs taldearen aurka 62-43 irabazita Eurokopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, Malosten. Abantaila polita bai, baina ez erabakigarria orain abenduaren 17an, 18:00etan, Pecs hirian jokatu behar dutelako bigarren neurketa.
Partida hasi baino lehen, bajak izan ziren protagonistak. Sarah Pollerosek ez zuen jokatu gaixorik zegoelako eta hungariarrek Agnes Studer antolatzailearen hutsunea zuten lesioagatik. Bi baja garrantzitsu. Lehen minutuak ikustea nahikoa izan zen ondoriorazteko partida puntu gutxikoa izango zela. Julia Reisingerova aurkarien izarrak bi falta egin zituen oso arin, eta hortik aurrera erabat baldintzatuta jokatu zuen. Are gehiago atsedenaldia baino lehen hirugarrena egin zuenean. Partida berdindua zioan, Ane Olaetak hirukoa sartu zuen lehen laurdenaren amaieran gernikarrak aurretik jartzeko markagailuan: 20-19. Bi taldeek zonakako defentsak planteatu zituen, eta horrela, etxeko taldeak baloi batzuk lapurtu ahal izan zituen errez saskiratzeko. 28-22 aurreratu ziren, baina uztaipeko hutsegiteengatik ez zuten abantaila handitu.
Reisingerova erabat jokoz kanpo jartzea lortu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, 5 puntu bakarrik sartu zituen, guztiak tiro libreen marratik. Pecs taldeak ez zuen beste baliabiderik erakutsi erasoan bere izarraren falta arazoen aurrean. Adibidez, 28 hiruko jaurti zituzten bakarrik 3 sartzeko. Masa Jankovic izan zen saskiratzaile nagusia etxekoetan 17 puntu sartuta, baina batez ere talde lana izan zen nagusi. 40-28koagaz bazirudien etxekoek partida hautsi zezaketela, baina ez. Ia 6 minutu egon ziren punturik sartu gabe granateak. Hiruko marratik zabaldu zuten berriro zuloa, lehenengo Esther Castedok eta gero Olaetak alderik handiena lortzeko: 53-36. Emilly Bessoirrek eta Castedoren beste hiruko batek ezarri zuten azken aldea.
Lucas Fernandezek taldearen “gogoa, ilusioa eta ahalegina” nabarmendu ditu: “Partida espero genuen bezala hasi da, oso gogor defendatu dute, baina gai izan gara horri etekina ateratzeko. Reisingerovak ohi baino minutu gutxiago jokatu behar izan ditu falten arazoengatik eta horrek errebotea dominatzeko aukera eman digu. Partida aurrera joan ahala gero eta konfiantza gehiago izan dugu gure jaurtiketetan, batez ere hiruko marratik”. Hala ere, entrenatzaileak badaki oraindik beste 40 minutu falta direla, baina taldea “dena ematera” bidaiatuko dutela hurrengo astean Hungariara. Aurretik, Lointek Gernika Bizkaiak domekan [abenduak 14] Leganesen aurka jokatuko du ligako 11. jardunaldian, 13:00etan, Malosten.
