Urdaitri, herritik sortutako triatloi taldea, pausoz pauso hazten
Elkarrekin entrenatzea, lasterketetan lehiakorrak izatea eta giro ona mantentzea du helburu eskualdeko Urdaitri triatloi taldeak. Eskualdeko kideek parte hartzen dute bertan, eta euren kirolari ikusgarritasuna eman nahi diote, baita gazte gehiago eta emakumeak taldera erakarri ere.
Urdaibaiko errepideetan mugitzen diren txirrindulariek, kaleetan korrika ikus daitezkeen siluetek, eta eskualdeko kiroldegietako pistinetan entrenatzen diren igerilarietako batzuek osatzen dute Urdaitri triatloi taldea. Herritik sortutako proiektu baten parte dira horiek, txikia, gertukoa eta pausoz pauso hazteko asmoa duen proiektuaren osagai garrantzitsuak. Urdaitri triatloi taldeak ez du elitea helburu, baina bai elkarrekin aurrera egitea. Eta, kirolari bakoitzak bere erritmoa duen arren, guztiek partekatzen dituzte helburu berberak: triatloiaz gozatzea, norbere markak hobetzea, elkarrekin entrenatzea, eta taldeari bizia ematen jarraitzea.
Hiru diziplina uztartzen dituen kirol batean, talde-sentsazioa da Urdaitrikoen indar nagusietako bat. Izan ere, banakako kirola dela esan ohi da triatloia, baina taldea izateak laguntzen du aurrera egiten, elkar babesten eta kirol hori ikusarazten. Hain zuzen ere, Urdaitri triatloi taldea indarberritzeko «gogotsu» daude taldekideak, eta hurrengo urterako hainbat proiektu eta erronka dituztela adierazi dute Unai Zoilo eta Xabier Ortuzar Urdaitriko kideek. Elkarrekin 2023an sartu ziren taldean, biak txirrindularitzan lehiatzetik triatloietan aritzeko pausoa emanda, eta taldearen babesa eskertu dute: «Taldeak funtsezko zeregina du kirolarien egunerokoan. Entrenatzeko, motibatzeko eta talde-sentsazioa izateko oso garrantzitsua da». Asteburuetan elkarrekin gelditzen dira entrenatzeko, izan igerilekuan, izan bizikletan irtenda, izan korrika, eta horrek lotura sendotzen du. «Ekar motibatzeko» baliagarria da taldea izatea Ortuzarren berbetan, talde batena egonda bultzada, babesa eta motibazioa lortzen baititu.

Gainera, taldea izateak bestelako onurak ere badituela diote: materiala eskuratzeko laguntza, lizentziak merkeago ateratzeko aukera edota lasterketetara elkarrekin joateko babesa. «Bakarrik joanez gero, triatloia ekonomikoki oso garestia da», nabarmendu dute. Identitate kontua ere bada: kamiseta bera jantzita lehiatzea, taldearen babesa sentitzea eta lasterketen aurretik eta ondoren giro onean egotea. «Norberari aurrera egiten laguntzen dio taldearen babesa izateak, izan ere, gainera giro ona ere badugu. Lasterketetara elkarrekin joaten gara, eta lehenago eta ostean ere giro onean ibiltzen gara. Hori ere bada kirol honen parte. Guk ez dugu eliteko kirola egiten; exijentzia badago, baina norberak norbere buruari jartzen diona. Izan ere, edonor sar daiteke taldean».
Gaur egun, Urdaitrik 25 eta 30 kide artean ditu, batez ere Gernika eta Bermeoko kirolariek osatua, baina izenak berak dioen bezala, Urdaibai osoko edonork du bertan sartzeko aukera. «Gazteak falta zaizkigu», azaldu dute, izan ere, eurak dira gazteenetakoak, eta jende berria erakartzea da beraien erronketako bat.
Zoilok onartu du txirrindularitzan lehiatzeaz nekatuta zegoela, eta triatloia probatzea erabaki zuela, Joanes Goitisolo lagun eta triatletagaz hitz eginda: «Berak esan zidan Urdaitri taldea zegoela eskualdean, eta probatzeko aukera ona zela. Probatu nuen, eta bertan jarraitzen dut. Txirrindularitzatik nekatuta nengoen, eta hiru diziplina praktikatzea errazagoa da nire buruarentzat, errazagoa egiten du entrenamendua, ez baikara egunero kirol bakarra egiten ibili behar».
Ortuzar ere iritzi berekoa da. Zazpi urte eman zituen afizionatu mailan txirrindularitzan lehiatzen, eta aldaketa behar zuela sentitu zuen: «Motibazio berria bilatzen nuen, eta triatloiak hori eman dit».
Triatloia, hala ere, kirol sakrifikatua da. Hiru diziplina uztartu behar dira, eta horrek denbora eta esfortzua eskatzen du. «Dena norberak markatzen du», diote, hala ere, atletek. «Lehia lasai hartu nahi izanez gero, posible da hori egitea; gehiago lehiatu nahi baduzu ere bai. Taldeak ez dizu inolako presiorik jartzen, norberak bere buruari ezartzen dio».
Eta, ez da gutxi bai Ortuzarrek, bai Zoilok euren buruari duatloi txapelketan eskatzen dioten exijentzia. Biak ala biak batera sartu ziren taldean, eta biek ala biek emaitza bikainak lortu dituzte aurtengo sasoian, batez ere duatloiko euskal zirkuituan.
Ortuzar bigarren sailkatu da Euskadiko Duatloi Zirkuituan, Joanes Goitisolo kirolari gernika-lumotarraren atzetik, eta Unai Zoilo bosgarren sailkatu da sailkapen nagusian, eta bigarren, berriz, 23 urtez azpikoetan. «Hobetu ahal da, baina balorazio oso ona egiten dugu biok», azpimarratu dute.
Gainera, talde modura, Euskadiko Duatloi Zirkuituko hirugarren postua lortu dute Urdaitrikoek, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako talde indartsuen artean podiumeko hirugarren postua lortuta. «Horrek erakusten du taldea bizirik dagoela. Izan ere, lasterketa bakoitzera, puntuak lortu ahal izateko, talde bakoitzeko hiru prtsona joan behar dira gutxienez, eta hirugarren postu horrek erakusten du taldea badabilela parte hartzen», nabarmendu dute. Gainera, diotenez, nahiago dute taldeka irabazi, banaja baino.
Duatloietan bereziki gustura dabiltza Urdaitrikoak, igeriketa baita biei gehien kostatzen zaien diziplina. «Bizikletan eta korrika nahiko ondo gabiltza; igeriketan teknika asko behar da, eta hobekuntza ikustea zailagoa da», azaldu dute. Hala ere, balorazio pertsonala oso ona da, eta dagoeneko datorren denboraldia prestatzen hasi dira. «Duatloietan beti dena ematera ateratzen naiz», onartu du Zoilok. Eta, markak hobetzeko erronka ezarri du Ortuzarrek. «Lasterketetako sentsazioak onak izatea bilatuko dugu datorren urtean, aurtengo markak hobetzea», diote. Izan ere, lehiakortasuna da, konpetizioa, biak ala biak entrenatzera bultzatzen dituena: «Helburu barik entreantzea ez da erraza. Gozatzen dugu kirola eginda, baina erronkek balio dute norbere buruari gehiago exijitzeko, eta entrenatzeko bultzada ere badira».

Hala ere, duatloian bakarrik ez, triatloi txapelketan ere parte hartu dute biek ala biek, hor ere maila bikaina erakutsiz. Triatloitik gehien gustatzen zaiena dena emateko sentsazioa da, bai Ortuzarrentzako, bai Zoilorentzako. «Lasterketa bukatu, dena emanda, hustuta, baina lanak eginda daudela sentitzea». Hiru diziplinek aukera ematen dute batean behintzat ondo aritu izanaren sentipena izateko, eta horrek motibatzen ditu aurrera jarraitzen.
Helburuak eta erronkak
Talde modura, helburua argia da: elkarrekin entrenatzea, lasterketetara joatea eta giro ona mantentzea. Urtean zehar lasterketa gehienak banaka lehiatzen badituzte ere, badira taldeka lehiatzeko hitzordu bereziak, eta horietan ahalik eta emaitzarik onena lortzea bilatzen dute Urdaitrikoek. Baina, bestela, urtean zehar talde modura mantentzea eta elkarri babesa ematea da euren asmoa, «gero, bakoitzak bere lasterketa propioak egiten dituelako».
Horrez gain, etorkizunera begira, inguruan lasterketak antolatzeko ideia mahai gainean dute: Bermeon triatloi bat edo Gernika inguruan duatloi txiki bat, eskolekin elkarlanean, triatloia sustatzeko. «Ez dago ezer zehaztuta, baina ideiak baditugu, eta gogoa ere bai. Ideiak dira, baina gure kirola bultzatu nahi dugu, eta gogotsu gaude. Horiek lagunduko lukete gure kirola ikusarazten, eta animatzen. Horrek sortzen du afizioa», diote. Hurrengo urteetan garatzeko asmoa argia da beraz: triatloia kirol legez ikusaraztea, jendea animatzea eta babesleei ikusgarritasuna ematea.
Izan ere, taldeak eskualdean duen presentzia handitu nahi dute. “Gernikan edo Bermeon, esaterako, jende askok ez daki triatloi taldea dagoenik eskualdean”, diote. Eta, futbola, errugbia edo saskibaloia ezagunagoak diren arren, triatloiak ere lekua izan behar duela sinistuta, lasterketak herrian bertan ikusteak jendea animatu dezakeela uste dute. «Ezkutuan gaude, eta bultzada eman behar diogu kirol honi, herrian gure presentzia egotea bilatu gura dugu».

Etorkizuneko erronketan, argi dute zer falta zaien: gazte gehiago eta emakumeak batzea. Gaur egun, taldeko kide gazteenek 20 urte baino gehiago dituzte, eta ez dago neskarik. «Normala da, zaila da bakarrik sartzea, baina gure helburua hori aldatzea da», diote, eta probatzea nahi duen ororentzat ateak zabalik dituztela gehitu dute.
Hori lortzeko, baina, badakite eskola bat izatea garrantzitsua dela, baina gaur gaurkoz ez dituzte horretarako baliabideak: «Eskola baten falta nabaritzen da taldean. Ze, esaterako, Lekeition eskola dute, eta umetatik hasten dira gaztetxoenak triatloian aritzen zen lehiatzen. Eta, gurean, gazteenek 20 urtetik gora dituzte». Beraien mugen jakitun, herritarrei taldera bertaratzeko gonbidapena luzatu diete, gerturatu eta probatzeko.
Urdaitri ez da eliteko taldea, baina bai konpromisoz, lanaz eta giro onaz eraikitako proiektua. Eta Urdaibain, pausoz pauso bada ere, triatloiak bere tokia bilatzen jarraitzen du eta jarraituko du.