Muxikako Udalak euskararen Bikain kalitate ziurtagiria eskuratu du
Muxikako Udalak goi maila egiaztatu zuen Bikain ereduaren arabera egindako kanpo ebaluazioan, izan ere, ebaluazioak erakundearen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila neurtu zuen.
Erakunde zein enpresa batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du Muxikako Udalak; kanpo ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen eta Eusko Jaurlaritzak banatzen duen ziurtagiri ofiziala da hori.
Irailean egindako ebaluazioaren ostean, Muxikako Udalak goi maila egiaztatu zuen Bikain ereduaren arabera egindako kanpo ebaluazioan, izan ere, ebaluazioak erakundearen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila neurtu zuen. Hala, Eusko Jaurlaritzak Muxikako Udalari aitortu dio euskararen erabilera hedatzeko orain arte egin duen lana.
Muxikako alkate Begoña Enbeita Maguregik eta Kultura eta Euskara zinegotzi Roke Ojanguren Gabikaetxenarriak jaso zuten ziurtagiria atzo (abenduak 16), Jaurlaritzak Gasteizen egindako ekitaldian. Ojangurenen berbetan, Bikain ziurtagiri horrek udalak urteetan euskararekin izan duen konpromisoa aitortzeaz gain, udaleko langileen esfortzua eta lana saritzen ditu. Era berean, Uemako euskara teknikariaren lana ere eskertu du zinegotziak, “Bikain ziurtagiria lortzeko ezinbesteko laguntza eskaintzeagatik”.
Bere aldetik, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordeak esan zuen ziurtagiriaren helburua euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten “ahalik eta entitate gehienen aitortza” egitea zela, euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua egiteko. Eta, erakunde publiko zein pribatuen konpromisoa eta lana azpimarratu ditu: “Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan eremuan euskararen erabilera handitzea lehenasunezkoa eta estrategikoa izango da eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri horien bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu”.