Kale bazterrak koplaz betetzen hasiak dira
Urteroko gaueko errondei hasiera eman zieten atzo (abenduak 16) goizaldean, eta kale bazterrak koplaz betetzen jarraituko dute abenduaren 24ra arte.
Argazkia: ALZ-Marijesiak Beste behin, kalera ateratzeko ordua ailegatu zaie Gernika-Lumoko Marijesiei. Hala, tradizioari jarraituz, errondekin hasi ziren atzo (abenduak 16) goizaldean, eta horrela jaraituko dute abenduaren 24ko goizaldera arte; kale bazterrak koplaz betetzen hasi dira, beraz, dagoeneko. Aurtengo koplak Iñaki Gonzalez Abadia, Alex Uriarte Atxikallende, Fernando Astoreka Aranburu, Ane Miren Arejita Abaitua eta Denis Azkarate Eizagirreren ahotsetatik helduko dira, eta ondoan izango dituzte Marijesien taldea osatzen duten kideak, euren koplei erantzuteko prest.
Hilaren 16, 19, 21 eta 24an Lurgorri aldea musikatuko dutela adierazi dute; 17, 20 eta 23an, ostera, Errenteria; azkenik, 18an nahiz 22an Tiloak musikatuko dituzte. Hala nola, lehen gaueko errondak Agirre, San Kristobal eta Urremendi inguruetatik egin zituzten, eta 68 pertsona bildu ziren, ordu eta berrogei minutu iraun zituen errondan. Gaurko errondan, ostera, 50 lagun bildu dira, eta antzerako denboran egin dute erronda, azaldu dutenez.
Aurretik beste horrenbeste gelditzen zaizkie oraindik: bihar (abenduak 18), esaterako, Tiloak zeharkatuko dituzte, Arejitaren, Astorekaren, Azkarateren eta Uriarteren ahotsetan. Hurrengo ibilbidea aegingo dute: Andra Maria eleiza – Allendesalazar – Karmelo Etxegarai – Saraspe – Juan Calzada – Askatasuna – Iparragirre – Gurutze Gorria – Juan Calzada – Ubitarte – Iparragirre – Adolfo Urioste – Merkurioa – Adolfo Urioste – Azokakalea – San Juan – Barrenkalea – Andra Maria – Domingo Alegria plaza – Domingo Bernaola – Don Tello – Carlos Gangoiti – Pedro Elejalde – Allendesalazar – Andra Maria – Goienkalea (Andra Maria eleiza). 04:00etan jarri dute hitzordua, halaber, Andra Mari Eleizaren atean.