Guggenheim Urdaibairen aurka "antolatzeak eta borrokatzeak" merezi izan duela dio Kontseilu Sozialistak
Busturialdeko Kontseilu Sozialistaren arabera, "ezinezkoa" litzateke Guggenheim Urdaibai proiektua gelditzea horrek eskualdean izan duen kontrakotasunik barik.
Atzo (abenduak 16) ezagutzera eman zuten Guggenheim Bilbao Patronatuaren erabakia: museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektua bertan behera gelditzea. Eta, hori, Busturialdeko Kontseilu Sozialistaren arabera, “ezinezkoa” litzateke proiektuak eskualdean izan duen kontrakotasunik barik: “Instituzioek egindako adierazpenetan, bigarren plano bat hartu du makroproiektuak eskualdean izan duen kontrakotasuna. Hzsieratik, hainbat eragile ibili gara makroproiektuak ekar zitzakeen ondorioak seinalatzen eta honen aurka antolatu eta mobilizatzen. Horrek eragin du instituzioek entzute prozesua martxan jarri izana. Baina, proiektuak izan duen kontrakotasun guztiagatik ez balitz, ez zen lortuko hura gelditzea, beraz, argi gelditu da beste behin antolatzeak eta borrokatzeak merezi duela”.
Patronatuaren hitzetan, “traba tekniko eta burokratikoak” izan dira erabakiaren arrazoi nagusia, baina Kontseilu Sozialistakoek salatu dute agindariek “ahal duten guztia egin dutela” oztopo horiek ekiditeko: “Kosta Legearen aldaketa da horren adibide. Argi utzi dute legedia interes kapitalisten arabera moldatzeko daukaten inpunitatea. Gainera, argigarria da makroeraikuntza posible egiteko oztopo teknikoei horrenbesteko garrantzia ematea, baina ez hasieratik seinalatu izan den arazo ekologiko eta sozialari. Izan ere, proiktuak bai ala bai aurrera eraman nahi izan du EAJk, ingurune naturalaren gainetik eta langileon kontura”.
Hala ere, Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko utzi duten arren, Kontseilu Sozialistako kideak mesfidati daude: “Horrek ez du esan nahi Urdaibai atrakzio turistiko bilakatzeko eta hortik enpresari eta jabedunek etekin pribatuak ateratzeko asmoak albo batera utzi dituztenik, eta, Busturialdearen turistifikazio prozesua jadanik bizitzen ari garen errealitate bat da”. Izan ere, hasieratik salatu izan dute Guggenheim Urdaibai proiektua “martxan dagoen turistifikazioaren prozesu bat areagotzeko pizgarria” zela. Baina, eurek argi dute suspertze hori ezin dela turismoaren eskutik etorri: “Beste lurralde batzuetako esperientziek argi erakusten dute langile klasearentzako prekarietatea eta bizi baldintzen okertzea dakarrela horrek; baita balio naturalen eta biodibertsitatearen galera ere”. Eta, gehitu dutenez, baliabide naturalak “arriskuan” daude eskualdean, baita langileen “probetzea areagotzen” ere.
Beraz, Guggenheim Urdaibai proiktua gelditzea lortu izanak aurretik duten borroka horretan antolatzen jarraitzeko “indarra eman” diela aitortu dute, eta horretan segitzeko asmoa agertu dute.