Guggenheim Urdaibai Stop: "Herritarron lanari esker lortu da Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzea"
Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek argi eta garbi adierazi dute herritarron lanari esker lortu dela Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzea. Hala ere, lanean jarraituko dutela gehitu dute, Muruetako Ontziola dagoen lekutik ateratzeko.
“Garaipen hau hainbat eta hainbat lagunek egindako lan etengabearen ondorioa da. Argi eta garbi adierazi nahi dugu: herritarron lanari esker lortu da Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzea”. Adierazpena argia izan da. Hala adierazi dute Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek gaur (abenduak 17), Gernika-Lumoko Astran egindako agerraldian, atzo (abenduak 16) Bilboko Guggenheim museoko patronatuak Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektua “behin betiko” geldituko zuela adierazi ostean.
Azken urteetan plataformako kideen aurpegietan nabaritzen zen ardura, kezka eta ezinegona erabat bestelakoa izan da gaurkoan, irribarreak, emozioa eta poztasuna nabaritzen ziren horiengan, prentsaurrekoa hasi aurretik eta ostean. Hala ere, adierazi dute eskualdearen etorkizuna defendatzeko lanak ez duela amaierarik, eta Muruetako Ontziola dagoen lekutik ateratzeko prozesu juridikoa hastera doazela jakinarazi dute. “Gure erronka ontziola Muruetatik ateratzea izango da orain. Peritu txosten bat daukagu eginda, zeinek ontziola horren historioa guztia biltzen duen. Honekin gure abokatuarekin lan egingo dugu, eta Arrantza Sailaren mendeko Litoralaren Garapena, Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzara eroango dugu, eta hortik epaitegietara”, adierazi du Eider Gotxi plataformako kideak.
Gehitu du agintariek egin beharko luketena egingo dutela eurek. Ze, gogoratu dute agintariek esan zutela Guggenheim Urdaibairen proiektuak Busturialdeko lurren deskontaminazioa ekarriko zuela, baina, proiekturik barik, hori nork ekarriko duen galdetu dute: “Ontziola horri Itxaso Atutxak ‘txatarra’ deitu zion, irain ekologikoa zela esan zuen, baita musoak ontziola hori hortik aterako zuela. Baina, orain, proiekturik ez dago. Beraz, nork aterako du ontziola hortik? Instituzioek? Gu, behintzat, saiatu egingo gara, eta hori izango da gure hurrengo urratsa”. Txosten hori egiteak “sekulako inbertsioa” eskatu duela aitortu du Gotxik, eragile eta norbanakoen ekarpenekin egindako lana dela esanda. “Eta honekin aurrera egingo gara. Ze, lur horiek berrestauratu egin behar dira. Emekida bat daukatelako iraungita, eta lur horrek estuarioari bueltatu behar zaizkiolako: padurari berea dena bueltatu behar zaio”.
“Gure erronka ontziola Muruetatik ateratzea izango da orain”
Hasiera-hasieratik Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Guggenheim museoa Urdaibai zabaltzeko proiektuarekiko “jarrera zurrun eta inposatzailea” erakutsi zutela gogorarazi dute plataformako kideek. “Agintariek aho betean esan ziguten museo hori bai ala bai egingo zutela. Berdin zien gizartearen iritziak, berdin zien herritarren artean sortutako eztabaidak. Orain, ostera, hemen gaude, zientziak, legeak eta gizarteak agerian utzitako errealitateari ihes egin ezinik, agintari eta erakunde horiek eurek hartu behar izan duten erabakia ospatzen”, adierazi du plataformako kideak.
Hala ere, erakunde horiei eskatu diete Busturialdeko egoera sozioekonomikoa “hobetzeko proiektu serio, bideragarri eta eraginkorrak” abian jartzeko, eta horietan inbertitzeko, “hori bai, eskualdeko agente sozialen iritzia kontuan hartuta”. Izan ere, Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoa “gauza gutxi” dela uste dute: “Uste dugu gu ez garela egokienak plan estrategiko horri buruz irakurketa bat egiteko. Baina, Ramon Zallo bai. Eta berak egin du irakurketa hori. Eta plan hori eskualde honetarako gauza gutxi dela esan du, zementu asko eta etorkizun gutxi duela esanda”. Beraz, uste dute planak “benetako etorkizunari begira” egin behar direla, “benetan hemengo eragileekin benetako parte hartze bat sustatuz, eta ez itxurakeriak eginez”. Uste dute Guggenheim Urdaibai proiektuak plan sozioekonomiko hori “arin batean” martxan jartzea ekarri duela, “erdipurdika”, Gotxiren berbetan: “Plan hori askoz hobeto egin beharko litzateke, eta berriro egingo balukete, hobeto”.
“Herritarron presioak, herritarrok proiektuaren kontra egiteak gerarazi du proiektua. Busturialdeak ezetz esan du, herritarrok ezetz esan dugu. Eta hori da zabalduko dugun mezua”
Herritarren presioa, gakoa.
Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz, argi esan dute herritarrek hasieratik zekitela zergatik baztertu behar den Guggenheim Urdaibai proiektua: “Alde batetik, proiektu honek kalte ekologiko larriak eragingo lituzkeelako, eta, ondo daki hori komunitate zientifikoak, hasieratik ibili baita horretaz ohartarazten; bestetik, Urdaibai Biosfera Erreserba babesten duten legeekin ezinezkoa da proiektu hau bideragarria izatea, nahiz eta agintariak behin eta berriro saiatu diren lege horiek saihesten”. Gainera, salatu dute horrelako egitasmoek ez dutela “inondik inora” eskualdearen egoera sozioekonomikoa suspertuko, “alderantziz”, “prekarietatea eta nortasuna galtzera kondenatuko” dituztela uste dute.
Arrazoi horiengandik aritu dira borrokan agintarien eta erakundeen aurrean, arrazoi horiengandik atera dira kalera behin eta berriro azken hiru urte hauetan. Eta horrek gerarazi duela proiektua berretsi dute: “Herritarron presioak, herritarrok proiektuaren kontra egiteak. Busturialdeak ezetz esan du, herritarrok ezetz esan dugu. Eta hori da orain Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko dugun mezua, hori da gure ondorengoei kontatuko dieguna”.

Nabarmendu dute atzera pauso honek erakusten duela “agintariek beti ez dutela haiek nahi dutena lortzen”, baita herriak baduela hitza, herritarrek badutela inposatu nahi dizkieten egitasmoak bertan behera uzteko ahalmena.
Horregatik guztiagatik, hiru urtez borrokan aritu diren guztiak eskertu dituzte plataformako kideek: “Eskerrik asko herri sareari, gure aldarria lau haizeetara zabaltzeagatik. Eskerrik asko propaganda taldeari, borroka honetan eskulana, indarra eta errebeldia jartzeagatik. Eskerrik asko urratsez urrats aurrera egiten lagundu diguzuen kolaboratzaile guztiei. Eskerrik asko gu zaintzen ibili zareten lagun eta etxeko guztiei. Eskerrik asko Busturialdetik eta Euskal Herriko txoko guztietatik plataforma honi eutsi diozuen herritar guzti-guztiei. Zuen lanari esker gaude gaur hemen. Herriak irabazi du, Urdaibaik irabazi du”.
Hori dela eta, ospakizunerako garaia dela diote, eta otsailaren 7an Gernika-Lumon batuko dira, lorpen hau jai giroan ospatzeko eta Urdaibairen aldeko konpromisoa berrestek: “Erdu eta aldarrikatu dezagun, argi eta ozen, gizarte antolatua erakundeen eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko gai dela”.