"Erabaki zuzena izan da"
Atzo (abenduak 16) jakinarazi zuten Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektua "behin betiko" geldituko zutela museoko patronatuko kideek, eta erreakzio ugari utzi ditu albisteak. EH Bildu, Sumar eta Podemos Euskadi alderdi politikoek "erabaki zuzena" izan dela ondorioztatu dute.
Iazko urriaren 19an, Gernika-Lumok hartu zuen proiektuaren aurkako orain arteko manifestaziorik jendetsuena. “Behin betiko” gelditu dute Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektua. Atzo (abenduak 16) jakinarazi zuten erabakia museoko patronatuko kideek, azken asteetako zurrumurruak egiaztatuz. Esperotako erabakia izan arren, erreakzio ugari utzi zituen, gehienak alderdi politikoenak, eta horiek “erabaki zuzena” izan dela ondorioztatu dute.
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak “begi onez” ikusi du Guggenheim patronatuak Urdaibaiko biosferan museoa eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko erabakia; bere hitzetan, “zentzua nagusitu” da, eta “errealitatea EAJren gainetik pasatu da”. Proiekturik ez zegoenaren ideian sakondu du: “Museo bat biosfera erreserban egitea burutazio bat izan da. Zegoena turismo eredu baten aldeko apustu ekonomikoa zen, eta eredu ekonomiko turistiko horren ondorioak oso ezagunak ditu euskal gizarteak: gentrifikazioa, etxebizitzaren prezioen igoera eta masifikazioa”.
Halaber, gaineratu du entzuketa prozesuak gehiagotan erabili beharreko tresna direla: “Gobernantza bertikalen garaia amaitu da. Gauzak ezin dira bai edo bai egin, eta are gutxiago eragin eta dimentsio hau duten proiektuak direnean. Horrelako egitasmo handiak jendearekin egin behar dira eta erabakietan parte hartzeko modua eman behar zaie herritarrei. Iruditzen zaigu entzuketa prozesuak oso tresna erabilgarriak direla trantsizio energetikoaren auzian aplikatzeko, edo krisi klimatikoaren testuinguruan gure lurraldeak behar dituen askotariko trantsizioetan, hala nola elikadura burujabetzan, bioaniztasunaren babesean edo gure lurraldea klima aldaketara egokitzean”.
Era berean, eskualdeko gehiengoa proiektu honen aurka zegoela gogorarazi du Otxandianok, baina eskualdeak garapen sozioekonomikorako estrategia baten beharrean segitzen duela ere gehitu du.

Iazko urriaren 19an, Gernika-Lumok hartu zuen proiektuaren aurkako orain arteko manifestaziorik jendetsuena.
Bere aldetik, Alba Garcia Sumar Mugimenduko koordinatzaile nagusiak ere erabakia “albiste ona” dela esan du, eta gizarte zibilaren garaipentzat jo du. “Gehiengoaren nahia” gailendu izana nabarmendu du, eta mezu bat bidali die proiektuaren bultzatzaileei: “Sarraskia zela jakin eta hala ere herritarrei jaramonik egin ez zietenek ozen eta argi entzun beharko lukete. Bestalde, zorionak proiektua gelditzea lortu duten herritarrei”.
Podemos Euskadik aurreikusitako proiektuarekin ez jarraitzeko erabakia “positibotzat” jo du, eta erabakia oposizio sozial, ekologista eta politiko “luze eta sendoaren” ondorioa izan dela adierazi du. “Urdaibaik irabazi du. Zentzuzko ikuspegiak irabazi du. Eta herritarrek irabazi dute. Erabaki honek erakusten du herritarrak antolatzen direnean eta euren lurraldea defendatzen dutenean goitik inposatutako proiektuak geldiarazi daitezkeela”, adierazi du Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak.
Podemos Euskadik uste du erabaki horrek “inflexio puntu bat” izan behar duela Bizkai, Araba eta Gipuzkoan proiektu estrategikoak lantzeko moduari dagokionean, eta Urdaibai “behin betiko babestua” izan behar dela gehitu du, “etorkizunean ez dadin berriro espekulazio operazio estalien xede izan”. Izan ere, bozeramaileak ondorioztatu du Urdaibaik ez duela esperimentu gehiago behar: “Urdaibaik ez du hormigoi gehiago ezta esperimentu gehiago behar. Zaintza, errespetua eta bere jedearekin eta bere jendearentzat pentsatutako politika publikoak behar ditu”.