Albiste "pozgarria", baina ez nahikoa
Jabier Abaunza Martinez euskal preso gernika-lumotarraren hurbiltzea begi onez baloratu dute Gernika-Lumoko Sareko kideek, baina euskal presoen auzia "amaitzeko baldintzak eraiki" behar direla aldarrikatu dute.
Asteon plazaratu da Jabier Abaunza Martinez preso gernika-lumotarraren hurreratzea. Lannemezango espetxetik Martutenera hurbildu dute Abaunza, 320 kilometroko distantzia ia ehun kilometrotara apalduko da, horrenbestez. Gernika-Lumoko Sarek elkarretaratze herritarra deitu zuen atzo [abenduak 16], albistearen eta aurrerantzean eman beharko liratekeen urratsen berri emateko. Sarekideek albiste “pozgarria” dela adierazi dute, espetxeratuen “urruntze politika” atzean uzteko bidean. Hori bai, aldarrikatu zuten euskal presoen berehalako hurbiltzea “ezinbesteko neurria” dela. Alde horretatik, Lannemezango kartzelan bertan dagoen Mikel Karrera Saroberen kasua aipatu zuten. Bere euskal herriratzea eskatu zuen Sarek, “are gehiago, orain ondoan inongo euskal presorik gabe geratu baita”.
Salbuespen neurriak ere ahotan izan zituzten, eta ohartarazi Abaunzak 7/2014 legedia aplikatzeko “arriskua” duela oraindik. Arau horren arabera, Frantzian kartzela zigorra beteta Espainiara lekualdatzerakoan, zigorra berriro hutsetik abiatzea ezartzen zaio gatibuari, “urteetan indarrean egon den tranpa juridikoaren ondorioz”. Europatik legedia hori aldatzera behartuagatik eta iazko udazkenean Espainiako Kongresuak legea zuzenduagatik ere, “estatu espainiarrak oraindik ez die estatu ezberdinetan betetako zigor batuketa aplikatu euskal preso guztiei”. Etxeratzea “urgentziaz” bizi dute, konponketa prozesua eta “etxerako bidea orain” martxan ipini behar direla gehituta. “Arkitektura juridikoaren” zuzenketa prozedura “geldo” doala nabarmenduta, oraindik 50 euskal preso baino gehiago espetxe egoera “ankerra” pairatzen ari direla azpimarratu zuten, eta hori iraultzeko beharrezko neurriak eskatu.