Guggenheim Urdaibai "behin betiko baztertu" dute
Egitasmoa bertan behera uzteko arrazoi nagusien artean, "konplexutasun administratiboak" azpimarratu dituzte. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak erabakia ez dela erraza izan esan du: "Gelditzeko erabakia hartzeko arrazoi nagusia ontziola dagoen lurzatiaren egoera juridikoan dago. Kokapen hori izan da proiektuaren bertute eta ahulezia nagusia".
Guggenheim Urdaibai museoa bertan behera uztea erabaki du patronatuak, gaur arratsaldeko bileran.Irekia Urdaibaiko biosferaren erreserbaren erdian Guggenheim museo makroproiektua eraikitzeko plana atzera bota berri dute, Bilboko Guggenheim museoko patronatuaren gehiengoak hala bozkatuta. Gaur [abenduak 16] hartu du erabakia patronatuak, 2023. urteko abenduan proiektuaren bideragarritasuna neurtzeko bi urteko epea markatu ostean. Tartean, proiektuaren kontrako manifestazio jendetsuak egin dira, hori gelditzeko eskatzeko. Ez hori bakarrik: entzute prozesua ere egin dute, eta herritarrek adierazi dute ez dutela begi onez ikusten proiektua.
Baina, erabakia hartzeko arrazoien artean, konplexutasun administratiboak daude: administrazio, ingurumen eta hirigintza eskakizunen kopuruak handiak direla aditzera eman dute, eta proiektuak segurtasun juridikorik ere ez duela nabarmendu. Gainera, Muruetako ontziola ekuazioaren erdigunean dago: Bizkaiko Foru Aldundiak bi urte daramatza orube hori erosteko asmoz, baina gaur-gaurkoz ez dute inongo adostasunik lortu. Hastapeneko planaren arabera, gune hori litzateke Urdaibaiko Guggenheim museoa eraikitzeko ezinbestekoa.
Eta, Guggenheim Bilbao Museoa Busturialdea Urdaibain handitzeko proiektuari buruzko memorian jaso dutenez, zailtasun juridikoak “beti” izan dira proiektuaren faktore baldintzatzaileak: “Horiek bideraezin bihur lezakete Guggenheim Bilbao Museoaren handitze etenaren proiektua Urdaibain, 2020an birformulatu zenetik jasotakoaren arabera, bere kokapen bikoitzarekin. Eta 2025ean garatutako entzute-prozesuaren behin behineko emaitzek ondorio hori indartzen dute, eta arrazoi sozial sakon eta oinarritua gehitzen diote arrazoi juridikoari”.
Guggenheim Bilbao Museoaren patronatua museoaren aginte organo gorenetako bat da, hiru garroz osaturik dagoena: The Solomon R. Guggenheim Foundationek, alde batetik; bestetik, Eusko Jaurlaritzak; horiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak. Azken erakunde biek fundazioari etorkizunak ekar dezakeen “edozein egitasmotan laguntzeko prest” daudela adierazi diote.
Elixabete Etxanobe: “Muruetako kokapena izan da proiektuaren bertute eta ahulezia nagusia”
Bilboko Guggenheim museoko zuzendari Miren Arzalluz Loroñok azken urte bietako analisi eta hausnarketa “lan sakona” plazaratu du: “Ikerketa horren ondorioei jarraiki hartu dugu erabakia”.
Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak proiektuaren garapenerako “konplexutasuna” azpimarratu du, eta erabakia ez dela erraza izan esan du: “Gelditzeko erabakia hartzeko arrazoi nagusia ontziola dagoen lurzatiaren egoera juridikoan dago. Kokapen hori izan da proiektuaren bertute eta ahulezia nagusia”. Hain zuzen, adierazi du gutxienez hamar urte beharko liratekeela bertan egitasmoa garatzen hasi ahal izateko. “Muruetak artearen eta naturaren arteko natura lotura ezartzeko paradigma bikain betetzen zuen, baina, aldi berean, museoaren eraikin bat bertan ezartzeak tramitazio luzea, konplexua eta bermerik gabekoa eskatuko luke. Beraz, tamaina horretako egitasmo batek eskatzen duen arrakastarako bermerik egon ezean, handitze ekimena geldiarazteko erabakia hautu arduratsua da”, argudiatu du.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak egin du berba Jaurlaritzaren izenean, eta bi urteko prozesuaren ondorioak azaldu ditu, atzera egitea “ebidentzian” eta “konpromiso publikoan” oinarritu dela adierazita: “Epe labur eta ertainera bideragarria izateko baldintzak betetzen ez zirelako hartu dugu erabakia”.
Proiektua bertan behera uztea erabaki duten arren, lehendakariordeak azpimarratu du Busturialdea-Urdaibai eskualdea “lehentasuna” dela foru aldundiarentzat zein Eusko Jaurlaritzarentzat. Bertan egin den entzute prozesua “kalitate demokratikoko adierazpena” izan dela adierazi du, eta “lurraldea hobeto ezagutzeko aukera” eman diela. Eta, gehitu du prozesu hori ez dela amaitu, “horrek Busturialdeko herritarren kezkak, espektatibak eta lehentasunak agerian utzi” dituelako eta erakundeak “kezka horiei erantzuteko egitasmoak” egingo dituelako.
Guggenheim Bilbao Museoari dagokionez, Bengoetxea gehitu du museoak erakundeak alboan izango dituela hurrengo plan estrategikoa egiteko eta etorkizunerako ibilbide orri bat garatzeko 2026an hasiko duen hausnarketa prozesuan. Ze, Arzallusek aurreratu du egunotan 2027-2030 plan estrategikoa garatzen ariko direla, museoa zelan hedatu aztertzen. “Ez dugu metro koadroetan zenbatu behar, proiektuetan baizik, eta ikusi beharko da zein forma hartzen duten”, esan du. Izan ere, museoaren plan estrategiko horretan, “eztabaida museologiko eta artistiko garaikideak dakartzan erronka eta paradigma berriei” helduko dietela azaldu du: “Behar den denbora eta askatasuna hartugu dugu museoak izango duen alternatibak ze forma hartuko duen pentsatzeko”.