Ekintza sozial total baten araketa prozesua
Itziar Navarro Ibañezek marijesien eta abenduko erronden inguruabarrak bildu, aztertu eta plazaratu ditu bere doktoretza tesian: ‘Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak’. Besteren artean, Gernika-Lumo, Ibarruri, Ariatza, Ibarrangelu, Ea eta Lekeitioko ereduetan ipini du fokua musikari eta etnomusikologo gipuzkoarrak.
Argazkia: Markos Estebanez. Marcel Maussek ekintza sozial totaltzat bataiatu zituen gizarte bati buruz informazio ugari ematen duten jarduerak. Abendu erronda eta marijesiek ere badute ikerlari frantsesak azaldutako babesleku izaera horretatik. XX. mende hasierako abertzaletasuna, euskara batuaren aldeko hautua, ikastolen borroka, generoaren auzia nahiz kutsu erlijiosoaren bilakaera usadio horrek gordetzen duen informazio uriolaren zenbait lagin baino ez dira.
Eako zein Gernika-Lumoko bazterrak jadanik hasiak dira Gabon aurreko ibiltarien urratsak sumatzen. Itziar Navarro Ibañezen pausoak, aldiz, atseden eske daude nonbait. Musikari eta etnomusikologo donostiarraren iparrorratza abenduko erronden eta marijesien azterketaren ortzimugara begira egon da azken lau urteotan, eta aldi horretan eginiko behar eskerga bere doktoretza tesian gorpuztu du: Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztu du urteotako lana, baina, hura hartu duten herritarrenganako “itzulera keinu” modura, astelehenean [abenduak 15] Gernika-Lumoko Kultur Etxean ere plazaratu zuen; aretoa lepo bete zuten aipatutako udalerrietako marijesien ordezkariek. Zapatuan [abenduak 20], Eako Eskolondon aurkeztuko du tesia, 18:00retan; domekan [abenduak 21], ordu berean, Ibarruriko Saltsamendi txokoan.

Argazkia: Markos Estebanez.
Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea izan dira gipuzkoarraren landa lanaren habitat: Gernika-Lumo, Ea, Ibarrangelu, Ibarruri, Ariatza, Lekeitio, Iurreta eta Oromiñon jaso ditu datuak, grabatu errondak eta egin elkarrizketak. Etnoantropologiaren eta antropologia musikalaren metodologiari jarraiki, “ikerketa konparatiboa” da tesiaren ardatza; besteak beste, “erronden garrantzia, bilakaera musikala edota bide historikoa” jorratu ditu.
Itziar Navarro Ibañez: “Niri musikaren atzean dauden pertsonak interesatzen zaizkit: kantatu barik ezin daiteke kantua ulertu”
Horretarako, “material argitaratua —artikuluak, liburuak, iturri estatistikoak, partiturak, eskuizkribuak, sare sozialak— argitaratu gabekoa —argazki zaharrak, VHSak, bideoak— edota testigantzak” izan ditu helduleku. Tesiaren emaitzak ohiturak “azken hamarkadetan izandako aldaeren eta aldaketen” berri ematen du. Etnomusikologia alorrean, aipu entzuna da garrantzizkoena ez dela musika, musika horren “atzean dauden pertsonak” baino: “Niri norbanako horiek interesatzen zaizkit: uste dut kantatu barik ezin daitekeela kantua ulertu; beraz, urteotan taldearen parte izaten saiatu naiz, eta talde izaera hori ezagutzeak asko lagundu dit lanerakoan”.
Navarrok iturri desberdin asko topatu ditu bidean, eta asmatu behar izan du batetik zein bestetik edaten: “Adibidez, Ean Abendua, no tocar oharra zuen VHS bat eman zidaten, eta hamarkada bat lehenagoko erronden grabazioa aurkitu nuen bertan”. Bideo zinta pribatu horretaraino iritsi izana, baina, ez da kasualitatea. Izan ere, transmisioa da ohituraren zutabe eta altxor nagusia.
“Ean ‘Abendua, no tocar’ oharra zuen VHS bat eman zidaten, eta hamarkada bat lehenagoko erronden grabazioa aurkitu nuen bertan”
Transmisioa: etxean soilik?
Ezkaratzetik ezkaratzera. Etxerik etxe. Plazaz plaza. Ondareak izugarri du etxe barruko zuzeneko txandapasatik, baina badago aitzatesteko moduko salbuespenik ere: “Lekeitiar emakumeek azaldu zidaten beraiek arrain fabrikan ikasi zituztela marijesien koplak, eta ez etxean. Faktorietan, hainbat belaunalditako emakumeak biltzen ziren, eta denetariko kantuak abestu ohi zituzten, tartean, Gabonetakoak. Hortaz, ez da kasualitatea udalerri horretakoa izatea emakumezkoen dokumentaturiko lehendabiziko grabazioa, XIX. mendekoa”.
Ikertzaileak XX. mendean kokatu du euskal abertzaletasuna abenduko erronden ekuazioan sartu zen aldia. “Sasoi hartan, jatorri latindar edo gaztelaniazkoa zuten berba zein adiera ugari kentzeari ekin zioten, erregistroa garbitu asmoz. Gernika-Lumon, Seber Altubek eta Segundo Olaetak tarte hartan marijesiak eszenan ipini zituzten; Ibarrangelun, Domingo Zuluagak”. 50-60 hamarkadetan, “motibazio aldaketa” eman zen: “Apaiz euskaltzaleek esangura handia eduki zuten Ibarrangelun, Iurretan zein Ibarrurin; Zuluaga, Juanito Gallastegi eta Txomin Artetxe gako izan ziren, euskal kultura frankismoaren itzalpean bultzatzeko. Herriotako kantarien gehiena beren ikasle izandakoak dira”.
“Lekeitiar emakumeek azaldu zidaten beraiek arrain fabrikan ikasi zituztela marijesien koplak, eta ez etxean”
Hamarkada bitarte hartan, Gernika-Lumoko abendu kantari asko “karlismoaren edo Ekintza Katolikoaren bueltakoak” baldin baziren, 70eko hamarkadan “ikuskera berriak” txertatu zitzaizkion tradizioari: “Kristautasunarekiko aldentzea hasi ziren. Gaur egun, marijesiek ez dute elizagaz inongo hartu-eman zuzenik, baina hori duela zenbait hamarkadatatik hona datorren korrontearen emaria da”.
“Erlijio edo liturgiatik komunitate sentimenera” jauzia egin zen hurrena: “Ideologia desberdinetako jendea hurbildu zen aldi hartan: ikastolaren aldeko euskaltzaleak, Iurretan; batzokiaren ingurukoak, Lekeition; ezkerreko militanteak, Gernika-Lumon”. Gaur egun, abestera ateratzeko arrazoiak “eraldatzen” ari dira: “Bizilagunekin elkartzea, herri bizitza aktibo mantentzea, kultur ondarea gordetzea, helduarora pasatzearen transgresioa, familiako transmisioa, euskal identitatea aldarrikatzea, hizkuntza faktorea eta, batez ere, kantuaren zirrara”.

Argazkia: Markos Estebanez.
Zirrara horrek goia jotzen du, gernika-lumotarrak “bereziki maite” dituzten txokoetatik igarotzen direnean. Kantariek, bazter denetara iritsi asmoz, udalerria “hiru sektoretan” banatzen dute, horrek beregain dituen argi-itzalekin: “Batetik, zuzenbide luzeek eztarriak balantzan jartzen dituzte; bestetik, Barrenkaleko bidegurutzeak, Industria kaleak edota San Kristobal plazako galeriak dira gunerik kuttunenak”.
“Abestera ez joateko arrazoi nagusiak tematika erlijiosoa eta gutxiespen klasista dira”
Txanponaren ifrentzuan, “nork ez du parte hartzen, eta zergatik?”. Galdera horren atzean, tematika erlijiosoa da arrazoi funtsezkoena: “Lekeition, adibidez, 1984tik atera izan dira errondetara, baina ikastolak koplak laiko bihurtu ditu; Maria/Jesus Jesus/Maria-tik Oles Aroa/Olentzeroa kantatzera igaro dira”. Ibarrangelun ere “parekoa” jazo zela azaldu du ikerlariak. Ean, aldiz, bigarren faktorearen berri izan zuen: gutxiespen klasista. “Bilbo inguruan bizi ziren eatarrak abenduan hiriburuko lagunekin beren herrira joatea ekidin egiten zuten, koplak abestea zelanbait herrikoikeria zelakoan. Horrez gain, antolakuntza moduekiko “desadostasuna” da igarri duen azken kausa, Gernika-Lumon. Bertan, 2000tik aurrerantzean, tradizioa “patrimonializatu” egin zen: “Ondarea gordetzeko neurriak hartu ziren, hainbat dimentsiori helduz”.
Emakumezkoen “ahotsa”.
Egun, herri denetako errondak mistoak dira. Baina ez da beti hala izan. Lekeition, tradizioaren eroaleak emakumezkoak izan dira ohituraz; Ean, 80ko hamarkadan multzoratu ziren neskak, “nahikoa mutiko ez omen zegoelako”; Gernika-Lumon, emakumezkoek “tantaka-tantaka” egin zuten taldera sarrera, eta egun “erdia inguru izatera” iritsi dira. Kopuruaz harago, tonu grabeak ere ematen du informaziorik: “Emakumeak integratu egin ziren, baina taldearen ahotsa gizonezkoen neurrira doitutakoa zen, grabea; Ane Miren Arejita lehen emakumezko bakarlaria iritsi zen arte”.
“Historia, ondarea, hizkuntza, herrigintza, feminismoa, musika, folklorea, aktualitatea”. Horiek eta askoz gehiago gordetzen ditu ekintza sozial total terminoak. Horiek eta gehiago gordetzen dituzte abendu errondek. Arrastia edo goizaldea urratzen duten ahotsei galdetzea baino ez dago. Edo, are hobeto: ahots horiek aztertu eta gordetzeko, bere denbora, esfortzua eta grina zukutu dituen ikerlari galdetzea.