"Busturialdeak bultzada sozioekonomikoaren beharra dauka"
Gernika-Lumoko Guztiontzako Herria, Bermeoko Guzan eta Mundakako Herritar Alternatiba herri plataformetako kideek agerraldia egin dute gaur [abenduak 16], Gernika-Lumon. "Hausnarketa egiteko eta inbertsioak oinarrizkoa lehenetsiz" egitea eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Besteak beste, etxebizitza politika indartsuak behar direla nabarmendu dute.
Busturialdea Lehentasunezko Jarduketa Eremu (LJE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailaren 27an, eta ia bi urte igaro direnean, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkate eta Guztiontzako Herriako burua, Xabier Ortuzar Guzaneko buru eta Bermeoko alkateordea eta Mikel Bilbao Mundakako Herritar Alternatiba plataformako burua “eskualdeko herrien etorkizunarekin arduratuta” agertu dira. Busturialdeak “bultzada sozioekomikoaren beharra” duela azpimarratu dute, “jendeak Busturialdean bizi nahi eta bizi ahal izatea” lortu behar dela aldarrrikatuz.
78.345.000 euro aurreikusten dira “eskualdea indartzeko” hamahiru proiektu eragiletarako, eta gaur gaurkoz, horien %30 baino gehiago “Muxika eta Bermeo lotuko dituen bidegorrira” bideratuko direla ikusita, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari “hausnarketa egiteko” eta inbertsioak “oinarrizkoa lehenetsiz” egitea eskatu diete alderdi independenteetatik.
Beste eskualde batzuetan egin bezala, LJEren helburua Busturialdeari bultzada sozioekonomikoa ematea dela azpimarratu dute, eskualdeko industriak “beherantz” egin duelako: “Industria asko galdu da azken urteetan, enpresa eta komertzio aldetik ere beherakada egon da eta etxebizitzaren prezioa eta egoera ere apur bat tentsionatu egin dira, gazteei batez ere, etxebizitza izatea zailagotuz”. Auzi horri eskualde gisa erantzun bat eman nahi izan diotela zehaztu dute, baliabideak egon badaudela eta gakoa horien kudeaketan dagoela zehaztuz. Horregatik, gaurko agerraldian azaldu bezala, eskualdeari “bizia emateko” lau ardatz finkatu dituzte, jarduera ekonomikoa sortzea oinarri hartuta.
Lanera zein bizitzera eskualdetik kanpora doazen herritarrak gero eta gehiago direnez, proposatu duten puntu nagusietako bat industria indartzearena da: “Ikuspuntu sozioekonomikotik, Gernikako industriaguneak edo Bermeoko portuak motorra izateko aukera dute. Urte batean martxan egon daitezke, beharrezko zerbitzu guztiak dituztelako: ura, argia, sanemendua, komunikazioa…”. Bestetik, “balio historikodun eraikin eta sinboloak indartzea” ere planteatu dute: “Ekonomiarekin, kulturarekin eta adingabeen eta adinekoen zaintzarekin lotutako eraikin bereziak berreskuratu behar dira. Bermeon, adibidez, kofradia dago, Ormaza fabrika… Gernikan Merkatu plaza dago —horretara diru sail bat bideratuko da—, baita Eusko Jaurlaritzak erosi duen Santa Klara komentua ere”.
Hirugarren neurri gisa eskualdera “bai ala bai eta lehenbailen etxebizitza politika indartsuak” ekartzea dela zehaztu dute, gazteek alokatu zein erositeko etxebizitza “eskuragarriak” eduki ahal izateko: “Inbertsio garrantzitsu bat egin behar da”.
Proiektuaren laugarren ardatza kultura eta formakuntza indartzea da, “formakuntza lanerako ardatz zentral gisa indartu behar delako”. Ortuzarrek nabarmendu duenez, “aurreko urte guztia” LJEgaz lotutako eskualdeko eragileekin batzarrak egiteko baliatu zuten, eta alkateekin beste mahai bat eratu zen. Formakuntza indartzearen proposamena alkateen mahaira eraman zutela gogoratu du Guzanekoak: “Batzarrera joan ginenean, boto batzuk emateko eskatu ziguten, eta eraman ziren hogei bat proposamenen artean hori izan zen gehien baloratu zena: formakuntza dibertsifikatzea, formakuntza ezberdinak erakartzea, beti ere kontuan hartuta Biosferaren Erreserba den eskualde bat garela”. Ingurumenarekin lotutako tituluak eskainiko lituzketen bi zentro proposatu dituzte eurek, “gazteak prestatu behar direlako”: Gernika-Lumon institutua eta Bermeon Lanbide Hezietako zentroa.
Hala, urtebete bilerak egiten egon ostean, “ulertzen ez dituzten gauza batzuk” daudela adierazi dute, Busturialdea sozioekonomikoki indarberritzeko 78.345.000 euroko aurrekontuko proiektuak proposatu eta baloratu ostean, “ezustekoak” hartu dituztelako: “78 milioi horietatik proposamen nagusiena, inoiz eta inork, alkate batek ere, gure aurrean aipatu ez duena izan da. 78 milioi euroetatik ia 24 milioi bidegorri bat egitera bideratuko dira”. Erabaki hori “nahikoa larria” da euren ustez: “Eskualdera dirua etorriko da, baina dirua benetan nora doan kontrolatu behar da”.
Bidegorriarena izango da diru gehien jasoko duen proposamena, eta hori eskualdearentzat “aukera galdua” dela uste dutenez, emendakinak aurkeztu dizkiote behin behineko proiektuari: “Kontrako emendakinak sartu genituen hiru herriok, mesedez bidegorria atzean uztea, Bermeon eta Gernikan formakuntza indartzea eta eskualdeko herri guztien artean diru laguntza lerroa sortzeko eskatzeko, baina ezezkoa eman ziguten”. Horren aurrean, Jaurlaritza eta aldundiari “hausnarketa” egitea eskatu diote talde independenteen izenean: “Hausnartu dezagun; oraindik ez da aukera galdu. Gehitu dezagun beste diru-sail bat beste arloak erakartzeko, edo mesedez, bota dezagun bidegorria atzera eta zentratu gaitezen benetan zentratu behar garen kontuetan, eskualdea benetan sozioekonomikoki indatu nahi badugu. Eskualdeari ilusio bat emateko momentua da, Bermeo, Gernika-Lumo, Mundaka eta Urdaibai guztia ilusionatu eta haren etorkizuna ondo antolatzekoa. Horretarako erabakiak objetibotasun handiagaz hartu behar dira, eta sentsibilitatea eskatzen diegu, errepestu osoz, erabakian parte hartzen duten agente guztiei”.