Jabier Abaunza presoa Martutenera lekualdatu dute
Gernika-Lumoko Sarek "pozgarritzat" hartu du Jabier Abaunza preso gernika-lumotarraren Lannemezandik Martutenerako lekualdatzea, baina "euskal presoen auzia konpontzeko" eta elkarbizitzarako urratsak "oraindik egiteko" daudela gogoratu du. Biharko [abenduak 16], elkarretaratzea deitu dute, 19:00retan, Merkurion.
Jabier Abaunza Martinez presoa Lannemezango (Frantzia) espetxetik Martutenekora (Donostia) lekualdatu dute. Hala, 320 kilometrotik ia ehunera apaldu da gernika-lumotarraren urruntzea. Berri horren aurrean, Gernika-Lumoko Sarek erabaki “pozgarria” dela adierazi du, betiere espetxeratuen urruntze politika “atzean uzteko” bidean. Hori bai, ohartarazi dute, Abaunzaz gain, Lannemezango presondegian Mikel Karrera Sarobe euskal presoa ere badagoela, eta haren “berehalako Euskal Herriratzea” ere eskatu dute: “Are gehiago, orain ondoan inongo euskal presorik gabe geratu baita”.
Hain zuzen ere, sarekideek azpimarratu dute euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxerako bidea “oraindik bete barik” dagoela, eta “salbuespen neurriak” aplikatzen jarraitzen zaizkiela: “Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, lege arrunta aplikatu, eta, urteetan zehar luzatu den eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen euskal presoen auzia amaitzeko baldintzak eraiki behar ditugu, alegia, etorkizunari begira jartzeko eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko baldintzak”.
7/2014 legedia, “tranpa juridikoa”.
Aipatutako salbuespen egoeren isla, Saretik adierazi dute Abaunzak 7/2014 legedia aplikatzeko “arriskua” duela oraindik. Arau horren arabera, Frantzian kartzela zigorra beteta Espainiara lekualdatzerakoan, zigorra berriro hutsetik abiatzea ezartzen zaio gatibuari, “urteetan indarrean egon den tranpa juridikoaren ondorioz”. Europatik legedia hori aldatzera behartuagatik eta iazko udazkenean Espainiako Kongresuak legea zuzenduagatik ere, “estatu espainiarrak oraindik ez die estatu ezberdinetan betetako zigor batuketa aplikatu euskal preso guztiei”.
Abaunzarena, gainera, ez da inondik inora kasu isolatua, beste 50 euskal preso baino gehiago ari baitira egoera “anker” hori pairatzen. Ez hori bakarrik: Saretik aurreratu dute legediak egungo egoera berrian ere eragina eduki dezakeela, izan gradu progresioari begira, balizko baimenetarako edota baldintza hobee bilaketari dagokionez. Alde horretatik, adierazi dute “arkitektura juridikoaren” zuzenketa prozedura “geldo” doala, eta, bien bitartean, “oztopak ipintzen eta kaleratze aukerak zapuzten” zaizkiela euskal presoei. Horrenbestez, “urgentzia” dute hizpide, konponketa prozesua eta “etxerako bidea orain” jarri behar baita martxan.
Neurriok lau haizetara zabaltzeko eta euskal preso, iheslari zein deportatuen “erabteko etxeratzea” eskatzeko, bihar [abenduak 16], elkarretaratzera deituko dituzte herritarrak, Jabi etxera lelopean; 19:00retan ipini dute hitzordua, Merkurion, eta eskualdeko bizilagunei bertaratzeko deialdia luzatu diete.