Herrigintzatik sortua, komunitatearekin hazia: 20 urtez eskualdearen ahotsa euskaraz zabaltzen
Duela hogei urte, Busturialdeko herrietako eguneroko errealitatea euskaraz kontatzeko ametsak forma hartu zuen: Busturialdeko Hitza errealitate bihurtu zuten euskaltzaleek. Herrigintzatik sortu zen, eta komunitatearen babesari esker hazi da, Busturialdeko Hitza eskualdeko ahotsa bihurtuz, hurbileko informazioa eskuz esku zabalduz. Urteurren biribilak atzera begiratzeko ez ezik, egindako bidea aldarrikatzeko eta etorkizunari begira erronkak mahai gainean jartzeko balio izan du.
Duela 20 urte, Busturialdeko herrietan eguneroko tokiko informazioa euskaraz jasotzeko aukera errealitate bihurtu zen: 2005eko abenduaren 15ean kaleratu zen Busturialdeko HITZAren lehenengo alea. Baina, aurretik ere bazebilen ilusioa martxan, izan ere, urriaren 31n, Urriko Astelehenean, 0 alea banatu zuten eskuz esku. Ordutik hona, etenik barik, eskualdeko albisteak zabaldu ditu HITZAk, hurbiletik eta hurbiltasunez. Herrigintzatik jaio zen, eta herrigintzari zor dio bizirik irautea. Hori da, hain zuzen ere, atzo (abenduak 14) Gernika-Lumoko Pasealekuko ospakizun jaialdian HITZAkoek nabarmendu zuten mezua: Busturialdeko HITZAren ibilbidea ezin da ulertu komunitaterik barik. Irakurleak, harpidedunak, eragileak, udalak eta langileak izan dira egunkariaren euskarri nagusiak bi hamarkadatan.
“HITZArenganako maitasuna, elkartasuna eta babesa erakutsi duzue 20 urtetan. Gurea bada proiektu txikia, zuen babes eta maitasunagaz eta bertako langileen etengabeko ahaleginagaz hazi dena, hazten doana”, adierazi zuen atzo Aintzina Monasterio HITZAko zuzendariak lantaldearen izenean. Izan ere, bi hamarkadaz bidelagun izan dituztenekin eta aurrerantzean ere alboan edukiko dituztenekin ospatu gura izan zuten gaztaro bete-betean egotea.
Askoren eguneroko errutinaren parte izan da HITZA 2005etik: “Sorreratik, askoren gosariaren osagai izan da; beste batzuentzat, goiz erdiko kafearen parte bat; eta beste askorentzat bazkalosteko konpainia edo afalostean, patxadatsu irakurtzeko lasaitasuna”. Baina ohitura hori izateaz harago, euskararen normalizazioaren bidean tresna izan da HITZA, eta izaten jarraitu nahi duela erakutsi zuten atzo. Baina, testuingurua ez dela samurra adierazi zuten, eta hizkuntza politiketan jauzi eraginkorrak ematearen beharra plazaratu zuten: “Euskararen normalizazio biderako lagungarri izateko jaio zen HITZA, eta euskarak bizi duen oldarraldiaren aurrean, hemendik ere pizkundea aldarrikatu gura eta behar dugu. Euskara larrialdian dago eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin. Beraz, abenduaren 27anĀ Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egiten dugu hemendik ere,Ā Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek esan moduan,Ā Pizkunde berri baten lehen txinparta bihurtu dadin”.
Hain zuzen ere, proiektuaren hastapenak izan zituzten gogoan Oihana Cabello HITZAren zuzendari ohiak, Zihara Enbeita HITZAko kazetari ohiak eta Pernan Basterretxea harpidedun eta Euskal Herrian Euskarazeko eragileak. Hasierako garaiak “zailak” izan zirela onartu zuten hirurek, baina HITZA “beharrezkoa” zela jakitun, horren aldeko apustu sendoa eta lan gogorra azpimarratu zituzten. “Proiektua asmatzen hasi ginen, eskualdean euskaraz bizitzeko beste bultzada bat behar genuela pentsatuta, eta Lea-Artibain eta Mutrikun ere bazegoela HITZA ikusita”, gogoratu zuen Basterretxeak. Hala, euskalgintzako eragileak batu, eta “burugogortasunez” ekin zioten egunkaria sortzeari. “Azpiko lan asko egin genuen, inork ikusten ez zuena, baina gero lan horrek eman ditu fruituak, eta 20 urte bete ditu proiektuak”, azaldu zuen Basterretxeak.
Cabellok berretsi zuen hasiera “ez zela erraza izan”, nahi zutelako bertoko albisteak bertoko ikuspegitik eta bertoko errealitatea ezagutzen zuen pertsonen eskutik kontatu: “Zaila izan zen jendearengana hurbiltzea eta eragileen arteko sarea sortzea. Mesfidantza ere bazegoen. Proiektuak hastapenak gogorrak izan zituen, baina apurka-apurka joan ginen jendearen konfiantza lortzen”. Eta, sare bat osatu zuten. Izan ere, Enbeitak azpimarratu zuen, bere ustez, HITZAk lagundu duela eskualde bateratu bat izaten.

Ā
Bi hamarkadatan, milaka albiste eman ditu Busturialdeko HITZAk: onak eta ez hain onak, gozoak eta gaziak. Beste komunikabide handiago batzuetan lekurik ez duten istorioak, gertaerak, albisteak jaso ditu sarritan, ahotsik ez dutenei ahotsa emanez, “eskualdeko ekimen txikienak ere garrantzitsuak direlako”. “Beste komunikabideetan ahotsik ez dutenei ahotsa ematen ahalegintzen gara egunero. Txikitasunean handia delako gure eskualdea bera, eta txikitasunean handiak direlako bertoko herritarrek sortzen dituzten proiektu, ekitaldi, jaialdi eta abarrak”, azpimarratu zuen Monasteriok.
Eta kazetariak “informatzaileak baino gehiago” direla gehitu zuen Cabellok, “eskualdeko engranajearen motorra” direla esanda: “Hitza ezin da galdu. 20 urte ditu, eta nahiko nuke oraindik jaio ez direnek ere euskaraz irakurtzeko aukera izatea eskualdean”. Onartu zuen ez zuela espero proiektuak 20 urtez jarraitzea, baina “indartuta dagoela” ikusten duela adierazi zuen: “Paperean dago, digitalean ere bai. Mila gauza eta mila ekintzen bozgorailua izateaz gain, HITZA hor egoten da behar den guztietan laguntzen. Balorean ipini behar da atzean dagoen profesionaltasuna. Ze, hain proiektu txikia izanda, balioan jarri behar da langileek egiten duten lana, zenbaterako gai diren. Beraz, mezu bat erakundeei: hor dauden pertsona profesional horien lana onartu eta errekonozitu behar da”.

Txikitasun horren bidean, aldaketak eta erronkak izan dira. Alboko eskualdeetako proiektuekin bat egitea “beharrezkoa” izan zen une batean, eta gorabeherak gorabehera, balioei eutsiz eta proiektu bakarra sendotuz heldu da HITZA 2025aren amaierara: “Bidean oztopoak egon dira, baina pozteko hamaika arrazoi ere bai. Aukerak eta mehatxuak topatu ditu bidean, baina langileen ahalegin etengabeak, eta jendarte euskaltzalearen maitasun, hauspo eta babes nekaezinak egin dute posible jarraipena”. Eta aurrera begira, komunikazio proiektu “erreferente” izaten jarraitu nahi du, “euskaraz, euskaratik eta euskaragatik“.
Zutabe finkoak dauzka HITZAk, baina oinarri sendoagoak behar dituela esan zuen Monasteriok, euskarazko prentsa benetan sostengatuko duten politika aktiboak, eraginkorrak eta iraunkorrak. “Asko eta asko izan zarete euskarazko eskualdeko egunkariaren alde sorreran zein ondorengo urteetan makina bat behar egin duzuenak. Sorreratik, askoren ahotsa, askoren HITZA da, eta horri eusteko konpromisoa berresten dugu egunez egun, urtez urtez. Eskualdeko eragile, elkarte, talde, instituzio eta norbanakoen informazioak lantzen ditugu papereko edizioan zein edizio digitalean, Bertoko ahotsaĀ delako. Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, ikus-entzunezkoak, argazki galeriak, zozketak, gehigarri bereziak…Ā eskaintzen ditu, Busturialdeak kontatzeko daukana zabaltzeko, denen bozgorailu izateko”. Eta, politika iraunkorrez ez ezik, komunitatearen babesak ere “ezinbestekoa” izaten segitzen du: “Harpidedunak, bezeroak eta erakundeen bultzada behar ditu HITZAk hazten jarraitzeko”.

Ospakizuna ez zen soilik atzera begirakoa izan, baizik eta eskerrak emateko eta aurrera begiratzeko unea ere bai: “Eskerrik asko HITZAren komunitatea osatzen duzuen denoi. Harpidedunak, eragileak, udalak, zutabegileak, bezeroak, irakurleak, sare sozialetako jarraitzaileak, banatzaileak⦠Asko zarete egunero HITZA elikatzen duzuenak, euskaratik eta euskaraz, herrigintzatik, txikitasunetik⦠Asko zarete txikitasunetik ekinda, proiektu hau, komunitate hau handi egin duzuenok, sendotu duzuenok. Eta eskerrik asko 20 urtetan hitzez hitz HITZA egin duzuen langileoi, 20 urtetako HITZAk egiteko zuen alea ipini duzuen guztioi”.
Eta, urteurren jaia ere elkarregaz ospatu zuten: izan ere, denetariko jarduerek bete zuten Pasealekuan. Lilibertsoko Mikel Retolaza eta Ibai Amillategi bikain aritu ziren bertsotan, HITZArekin izan duten eta duten loturari buruz, zein eskualdean euskaraz den egunkaria izatearen garrantziari buruzko bertsoak botaz. Eta, ostean, Sustabiz Fundazioko kideek herri kirol parte hartzaileetan trebatzeko aukera eskaini zien bertan bildutakoei, baina horien arreta euren erakustaldiak bereganatu zuen. Izan ere, harriak jasotzen zituzten bitartean, harriei buruzko datuak ere ematen aritu ziren. Eta, txiki zein nagusientzako Motx Pailazoa ere bertaratu zen Bermeotik, Adei lagunarekin batera, bertaratutakoak entretenituz eta kantuan ere jarriz. Baina berarenak ez ziren izan jaialdian entzun ziren doinu bakarrak: Zuga ere igo zen oholtzara, eta Zimeltzeaz bere laneko zenbait kantuz bete zuen Pasealekua.
Dantzak ere presente egon ziren atzokoan, izan ere, eskualdeko dantza taldeetako ordezkariak izan ziren jaialdia zabaltzeaz arduratu zirenak, txistularien doinuei dantza pausoak gehituz: Alkartasuna, Artie, Baso Txoritxu, Egunsenti, Elai Alai, Irrintzi Alai, Urdaibai eta Lorea dantza taldeetatik bertaratu ziren kideak.Ā Eta, horiez guztiez gain, Baserritik Gernikarako ekoizleak, AEK-ko kideak zein Igor Ertzilla soinu teknilkaria lagun izan zituzten HITZAkoek. “Plazerra da zuekin Busturialdeko Hitzaren 20. urteurrena ospatzea”, adierazi diete egunkariko langileek.
Ilusioz hasi zen proiektua izan zen HITZA, eta ilusioari eutsiz jarraitu nahi du, euskaraz, euskaratik eta euskaragatik. “Eskualdeko 20 udalerriak, 20 udalerrietako herritarrak, zarete proiektu honen birikak eta bihotza”, nabarmendu zuen zuzendariak.Ā

Haritza, herriz herri.
Urteurrena ospatzeko, sinbolo berezi bat ere aukeratu dute HITZAkoek: haritza. Gaur (abenduak 15) Bermeon landatu dute lehena, eta datorren urtean eskualdeko beste 19 udalerrietan egingo dituzte landaketak, auzolanean. Horrela, Busturialdeko 20 txokotan utziko du arrastoa HITZAk, eskuz esku egindako bidearen lekuko. “Eskuz esku jaio zen Busturialdeko HITZA, eskuz esku egin du bidea, eta eskuz esku egingo ditugu landaketak. Tokian tokiko harpidedun, irakurle, eragile eta udal ordezkariekin elkartuko gara lantaldea osatzen dugunok”.
Proiektuaren hasiera “ilusioz betetako unea” izan zen askorentzat, eta ilusioari eutsiz jarraitu behar du HITZAk. “Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAren lantaldearen partez, eskerrik asko bidelagunok. Zuentzat eta zuekin, lanean jarraituko dugu!”.