Mape ibaia berriro biziberritzeko pausoak ematen
Argazkia: URA Busturian, Alarbi parean, Mape ibaiaren lehengoratze lanak abiatu dira. URAk eta Busturiko Udalak elkarlanean gauzatuko dituzten jarduketa horiek 192.635,74 euroko inbertsioa suposatzen dute, eta ibaiaren egoera ekologikoa hobetzea dute helburu nagusi: biodibertsitate handiagoa eta herritarrentzat irisgarriagoa eta atseginagoa den eremu naturala sortzea.
Proiektuaren bidez, ur emaria neurtzeko estazio zaharra eta ur jauzi artifiziala kenduko dituzte, eta gaur egun harri lubetaz estalita dagoen 180 metroko ibaiertza naturalizatuko da. Lubeta desegin ondoren, Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatutako ezponda leunduko dute, ibaiaren luzetarako eta alboko konektibitatea berreskuratuz. Horri esker, bai uholde arriskuak murriztu, bai inguruko ekosistemak indartu egingo dira.
Busturiko Udalaren arabera, jarduera horren helburua argia da; hain zuzen ere, herriko ingurune naturala babestu, haren erabilera jasangarria sustatu eta ondare etnografikoa zaindu beharrari erantzuten dio proiektuak.
Mape ibaia Urdaibaiko Ibai Sarearen eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren parte da; hortaz, lan horrek lehentasunezko ibai habitataren lehengoratzea eta espezie babestuen —besteak beste, baso igel iberiarra eta bisoi europarra— bizilekuaren hobekuntza ekarriko du. Ibaiertzetako ekosistemak hobetzea ezinbestekoa dela argi ikusten dute URAko ordezkariek zein Busturiko udal ordezkariek. Biodibertsitateagatik ez ezik, uraren kalitatea eta erregulazioa bermatzeko duten garrantzia ere berebizikoa da herriarentzat eta inguruarentzat.
Egitasmoa, gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearen ingurumen-aholkularitzaren laguntzagaz gauzatuko da, eta aurretik Mape eta Axpe Amunategi ibaietan egindako lanen jarraipena izango da. URAgaz eta unibertsitateagaz sinatutako hitzarmenari esker, ibaiaren habitata eta espezie bereziak lehengoratzen lagundu eta Altamira eta San Kristobal inguruan uholde arriskuak murriztuko dira.
Busturiar guztien onerako, Mape ibaia berriro biziberritzen doa, inguruko ekosistemak zainduz eta naturarekiko errespetua oinarri hartuta. Pauso sendoak ematen ari dira etorkizun jasangarriago baterantz, ibaiaren bizi-kalitatea berreskuratuz.