"Espainiar epaitegiek uko egiten diote frankismoaren gizateriaren aurkako krimenak ikertzeari"
Erregimen frankistak Gernika-Lumon eginiko "zitalkeria guztiak" salatzen dituen kereila kriminalaren egoera eguneratua azaldu dute gaur [abenduak 12]. Kasua zertan den argitu du prozesua lantzen ari den talde juridikoak, baita prozeduraren erronkak zeintzuk lirakeen nabarmendu ere.
Lantalde judiziala, ezker-eskuma: Ibargutxi, Hernandez eta Amutio Giza Eskubideen Nazioarteko agiria gizateriaren historian gehien itzuli den dokumentua da; 577 mintzaira daude haren lekukotasunaren zipriztinak blaituta. Kasu batzuetan, baina, hark islatzen duen oinarria ez dator bat historiak utzitako lorratzekin. Horren adibide da, kasurako, 1937 eta 1975 urteen arteko diktadura frankistak utzitako ondorioa.
2023ko martxoaren 29ko bilkuran, udal taldea osatzen duten alderdi politikoek eta frankismoaren zortzi biktima gernika-lumotarrek aho batez onartu zuten frankismoak berrogei urtez eragindako basakeriak salatzera zetorren kereila kriminala aurkeztea; kereila hark bonbardaketa eguna zuen hasiera data, eta frankismoak iraundako 40 urteak zein trantsizioa barnebiltzen zituen. Urte hartako ekainaren 9an, baina, Gernika-Lumoko Lehen Auzialdiko Instrukzio Epaitegiko bigarren aretoak atzera bota zuen eskakizun hura. Hilabete haren 20an, kereilaren aurkezleek epaitegiaren hautu hura salatu zuten.
Gaur [abenduak 20], Andoni Hernandezek, Josu Ibargutxik eta Aitor Amutio gernika-lumotarrak osaturiko talde juridikoak prozesu legal horren egoera zertan datzan azaldu dute, kultur etxean egin duten agerraldian, eta kasuak aurrez aurre egituen agertokien zein erronken berri eman du. Udalbatza osatzen duten alderdietako ordezkariak egon dira gaurko agerraldian, biktimen zein udalerriko memoria eragileen ordezkaritzaz gain.

Biktimen, memoria taldeen eta alderdi politikoen ordezkaritza.
Frankismoaren krimenen aurkako kereilak biktimen aintzatespena, erreparazioa eta babesa du zutabe, baita biktimarioen ikerketa eta beren erantzukizun eskaera ere. Ibargutxik aditzera eman duenaren arabera, kereilaren gaitzespena “ez dator bat” egun arnas daitekeen “ustezko” memoria zein erreparazio aldarteagaz: “Duela hiru urtetik indarrean dagoen Espainiako Estatuaren Memoria Demokratikoaren Lege berriak frankismoaren biktimentzako Tutoretza Judizial Eraginkorrerako oztopoak ezabatzen direla azpimarratzen du, eta, gainera, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak, 2022ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketa gaitzesteko eta biktimei aitortza egiteko ebazpena onartu zuen. Hori gutxi ez, eta 2024ko martxoaren 13an Gernika Memoria Demokratikoaren Leku izendatu zuten”.
Josu Ibargutxi: “Biktimen erreparazioarekiko erantzukizuna biktimarioak ikertuz eta epaituz lortu behar da, izan norbanakoak, izan erakundeak; modu horretan baino ez dira bermatuko biktima guztiek merezi dituzten duintasuna eta justizia”
Ez hori bakarrik: Ibargutxik duela aste batzuk Alemaniako presidenteak biktimei eginiko aitorpena ere plazaratu du: “Gernika mundu guztiarentzat da XX. mendeko faxismoaren zitalkeriaren memoria guneetako bat, nazioartean onartua; edozelan ere, Espainiar Estatuak eta Felipe VI.a estatuburuak oraindik ez dute ez barkamen, ez aitortza keinurik egin. Funtsean, justizia osoa zor zaien frankismoaren biktimen erreparazioak erantzukizunak eskatzen ditu, eta hori biktimarioak ikertuz eta epaituz lortu behar da, izan norbanakoak, izan erakundeak; modu horretan baino ez dira bermatuko biktima guztiek merezi dituzten duintasuna eta justizia”.
“Espainiako lurralde osoko justizia erakunde, auzitegi zein instrukzio epaitegiek ez dute onartzen frankismoaren kereila kriminalak epaitzeko saiorik”
Amnistiaren Legea, horma.
Gernika-Lumoko kereila kriminalaren ebazpena ez da inondik inora kasu isolatua. “Espainiako justiziak prozedimendu berbera egiten jarraitzen du beste toki ugaritan: Nafarroako Probintzia Auzitegian, Iruñeko Instrukzio Epaitegietan, Valentziako 13 zenbakiko Instrukzio Epaitegian, Bartzelonako Epaitegietan, Pontevedrako Instrukzio Epaitegietan edota Tarragonakoetan; espainiar epaitegiek uko egiten diote frankismoaren gizateriaren aurkako krimenak ikertzeari”.
Alde horretatik, Pedro Sanchezen gobernu taldeak, haren Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak eta Espainiako lurralde osoko justizia erakunde, auzitegi zein instrukzio epaitegiek “ez dute onartzen” frankismoaren aurkako kereila kriminalak epaitzeko saiorik: “Hitzez hitz errepikatzen dituzte Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko aretoaren argudio bideak: delituen preskripzioak, legezkotasun pritzipioak eta 1977ko Amnistiaren Legeak galarazi egiten dituztelakrimen frankisten hala ikerketa, nola epaiketa”.
Andoni Hernandez: “Memoria Demokratikoaren Lege berria Diputatuen Kongresuan izapidetu zenean, memoria taldeek proposamen argiak egin zituzten, baina alderdi politiko nagusiek ez zuten Amnistiaren Legea aldatu, ezta baliogabetu ere”
Memoria lanketaren inguruko “sinesgarritasuna” bermatu gura baldin badute, aipatutako erakundeei eskakizun argi bi egin behar zaizkiela azpimarratu du Hernandezek: “Alde batetik, Amnistia Legea aldatzea edo baliogabetzea; bestetik, Zigor Kodea aldatzea, legezkotasun printzipioa nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik txertatzeko. Izan ere, frankismoak eginiko gizateriaren aurkako delituak preskribaezinak izan beharko litateke”.
Abokatuak gogorarazi duenez, Memoria Demokratikoaren Lege berria Diputatuen Kongresuan izapidetu zenean, memoria taldeek “proposamen argiak” egin zituzten, “baina alderdi politiko nagusiek ez zuten Amnistiaren Legea aldatu, ezta baliogabetu ere”: “Gainera, Kongresuak, 2023an, baztertu egin zuen Zigor Kodean legezkotasun printzipioa sartzea, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideari jarraiki”. Bi neurri horiek, hain zuzen, “nahitaezkoak” direla argitu du Hernandezek. Osterantzean, inpunitate frankista bere horretan geratuko litzateke, “benetako estatu demokratikoa eraiki gura baldin badute, behintzat”.
“Espainiako Estatuaren zigorgabetasun frankistaren eredua maila guztietan salatu behar da, espainiar justiziak bere betebehar judizial eta demokratikoak kunplitu arte”
Aurreikuspenei dagokienez.
Lanketan bete-betean murgilduta dauden arren, egoera ez da ezelan ere erraza, traba judizialak “ugariak” baitira. Hernandezen arabera, “ezinbestekoa” da Legebiltzarrean ordezkaritza politikoa daukaten alderdiek jarrera “irmo eta positiboa” edukitzea, instantzia judizial orotan “benetako babesa” aitor dadin: “Hori derrigorrezkoa da, alderdi demokratikoak baldin badira eta justizia irmo eta zehatz baten alde benetan egin nahi badute; justizia hori zor zaie bai frankismoan, bai trantsizioan giza eskubideen urraketa larriak pairatu zituzten herritarrei”.
Hala, borrokan “tinko segitzeko” hautua berretsi dute gaurkoan, “baikortasunari eutsiz”. Giza eskubideen blindatzea ardatz duen egun seinalatuaren ingurumarian, “Espainiako Estatuaren zigorgabetasun frankistaren eredua maila guztietan salatu” behar dela nabarmendu dute: “Espainiar justiziak bere betebehar judizial eta demokratikoak kunplitu arte”.