Bide eta hautuak, margolan bihurtuta
Jose Ramon Zulaika Bermeoko bizilagunaren ‘Zulaika’ erakusketa domekara bitartean egongo da ikusgai, Nestor Basterretxea aretoan.
Gizartea aldakorra da. Bizitzan etengabe ematen dira aldaketak: edonoiz, edonon. Asko ausazkoak dira, ekidin ezin direnak, beste batzuk, baina, kontzienteak dira, hartutako erabakien ondorio zuzenak. Bigarrenak islatu ditu Jose Ramon Zulaikak Zulaika erakusketan, “Lurreko eta zeruko bideak” aukeran izanik, pertsona bakoitzak bat edo beste aukeratzeko joera duela uste baitu.
Bermeoko bizilagunaren ustez, “apur bat nahastuta” aritzen da gizakia bideen aukeraketa egitean, eta berak ere ez du guztiz argi margolanetan islatzen duen hori errealitatea den edo ez: “Ez dakit benetako bizitzaren ikuspegia den, edo gustatuko litzaidakeen bizitzarena”. Argi izan duenik baldin bada, bidea eta erabakiak islatzeko “bi figura” erabiltzea izan da: emakumea eta gizona. Halere, umeren bat ere sartu du margolan batzuetan.

“Konturatu nahiz bide oso ona aukeratzen duen jendea dagoela, eta batzuei oso ondo doakie dena. Baina badago bide orekatua daraman jendea, bide ona hartu duena, baina oso txarto doakiona. Beraz, ez dakit margotzen dudana errealitatea den edo nahi dudana, zalantza asko ditut”, nabarmendu du Zulaikak. Zalantzak zalantza, bideen ideiari jarraiki margotzen ditu bere lan guztiak.
Bide aldaketa.
Duela 11 urte ekin zion Zulaikak bere “prozesu berriari”; izan ere, aurretik arrantzaleak eta paisaiak margotzen zituen: “Niretzat, aldaketa eboluzioa da. Imajinatzen dut momentu bat heltzen dela, non paisaiak ez dizuten ezer esaten, eta natura hilak, are gutxiago”. Orduan, bere lanetan “gauza pertsonalagoak, intimoagoak” kontatzen hasteko nahia sentitu zuen.
Teknikari dagokionez, baina, bere ibilbide hasierako hautuari tinko eusten jarraitzen du Bermeoko bizilagunak; paisaiekin egin bezala, prozesu berrian ere olioz pintatzen jarraitzen du, nahiz eta akriliko eta urmargoak ere erabili izan dituen. Margolariarentzat olioa erabiltzean, margolanaren eta denboraren arteko harremana sortzen da: “Etengabe moldatzea ahalbidetzen du, beste teknika batzuk inprobisazioarekin lotuago daude”. Aitortu duenez, 2022. edo 2023. urteetan hasitako lan batzuk amaitzen dihardu oraindik: “Nire sormen prozesua luzea da: margotu, lehortu, errepasatu, berriro errepasatu…”.
Herritarrek ikusteko.
Azken urteetan hamaikatxo lan sortu ditu, eta, erakusketarako, aukeraketa egin behar izan du: “Niri gehien gustatu zaizkidan hamabost lan aukeratu ditut, baina obra askoz handiagoa da”. Margolanak “independenteak” direla nabarmendu du, bakoitzak istorio bat kontatzen duelako, “gauza bat ikusteko modua, ikuspuntu ezberdinetatik”. Halere, kolore aldetik hegemonia dago.
Bideak Nestor Basterretxea aretora eraman ditu Zulaikaren lanak, eta izandako harreragaz “pozik” dago: “Erregistroa egitean galdetu zidaten ea zenbat jende bertaratu zitekeen, eta hiruzpalau pertsona erantzun nuen. Jende nahikoa joan da, eta pozik nago”. Feedback-ari dagokionez, margolan guztiak “oso antzekoak” direla esan diotela onartu du, baina berarentzat hori “estiloa” da.
Zulaika domekara arte egongo da ikusgai, 19:00etatik 21:00etara arteko ordutegian. Bitartean, artistak bozetoak egiten jarraituko du, ez duelako bere burua berriro paisaiak egiten ikusten: “Orain egiten dudana garrantzitsuagoa da”.