Mundaka Lagunkoia: "Inplikazio aktiboa" eskatuko duten proiektu "egingarriak"
Mundaka Lagunkoia ekimen sozialaren lehenengo diagnostikoa argitara eman dute. Herritarren eta bereziki 65 urtetik gorakoen bizi kalitatea hobetzea helburu du. Aire zabaleko espazioen kudeaketa da herritarrek nabarmendu duten kezka foku nagusia. Ekintza plana ekoiztea izango da prozesuaren hurrengo urratsa.
Mundakako herritar guztiak baina bereziki 65 urteko adinetik gorakoak erdigunera ipintzera dator Mundaka Lagunkoia ekimen soziala. Azken urtean egitasmo horren lehen urratsak egiten aritu dira mundakarrak, udalagaz elkarlanean, eta dagoeneko plazaratu dute Mundaka Lagunkoiaren estreinako diagnostikoa.
Gaur [abenduak 11] egin dute diagnostiko horren emariaren aurkezpen agerraldia, udaletxean. Bertan egon da, udalaren izenean, EH Bildu eta EAJren ordezkaritza; haiekin, proiektuaren garapenean parte hartu duten herriko eragile taldeetako ordezkariak ere egon dira, baita Euskadi Lagunkoia sareko nahiz Bizipoz kooperatibako kideak ere. Gaur egun, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, 88 udalerri dira sarearen partaide, eta horietatik 33 bizkaitarrak dira.
Adinez nagusi direnen bizi kalitatean ahal bezainbeste eragitea izango da Mundaka Lagunkoia proiektuaren helburu nagusia, herriko azpiegituretan, zerbitzuetan nahiz programazioetan eraginez eta autonomia pertsonalari, segurtasunari zein adinekoen ongizateari helduz. Hori dela eta, herritarren ahotsa bilatu dute, eta herrian sumatzen dituzten gabeziak zein interesatzen zaizkien iradokizunak bildu dituzte.
Sorne Rubio: “Diagnostikoak argi erakusten du herriak indarguneak dituela, baina hobetu behar diren aldeak ere bai”
Mundaka Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bultzatutako eta Matia Institutuak abiaturiko Euskadi Lagunkoia sarearen barruan dago. Hori bai, mundakarren kasuan, Bizipoz gizarte ekimenen kooperatiba arduratu da herriko prozesuari ekiteaz. Herritarren %29,4 65 urtetik gorakoak dira, eta, alde horretatik, Sorne Rubio alkateak diagnostikoa herritarrekin “elkarlanean” egindako entzute eta parte hartze prozesuaren “emaitza” gisa jo du: “Diagnostikoak argi erakusten du herriak indarguneak dituela, baina hobetu behar diren aldeak ere bai”.
Alkateak proiektuaren etapa horretan parte hartu duten mundakarren “prestutasuna eta konpromisoa” eskertu ditu, baina argitu zuen esku hartzea are handiagoa izatea “nahitaezkoa” dela: “Ia 90 herritar aritu dira prozesu parte hartzailean, baina gehiago izan behar dira; proiektuak herritar guztien ongizatean eragina edukiko du, eta, beraz, ezinbestekoa da herritarrek inplikazio aktiboa edukitzea”.

Bost urte, lau fase.
Euskadi Lagunkoiaren partaide Andrea Pozok eman ditu alderdi teknikoari nahiz beharrerako metodologiari dagozkion azalpenak. Argitu du bost urteko tartea eskatuko duten lau fasetan oinarrituko dela Mundaka eremu lagunkoi eta inklusibo bihurtu gura duen proiektuaren garapenak. Gainera, aurretiazko fase bat txertatu diote bilakabideari: talde promotorea eratzea. Herritarren iritzia biltzea eta horren araberako lehenengo diagnostikoa ekoiztea izan da lehendabiziko fasearen muina.
Andrea Pozo: “Ekintza plana prestatzera zuzendu beharko da bidearen bigarren urtea; hirugarren eta bosgarren urteen artean, ostera, ekintzak aurrera eroango dira; bosgarrenean, ebaluazioa egitea tokatuko da, azken diagnostikoa orduko”
“Orain, ekintza plana prestatzera zuzendu beharko da bidearen bigarren urtea; hirugarren eta bosgarren urteen artean, ostera, ekintza planean zehazturiko jarduerak aurrera eroan beharko dira; bosgarrenean, ebaluazioa egitea tokatuko da; azkenik, ekimenaren azken diagnostikoa egin beharko litzateke, denbora tarte horretan herritarren kezkak maiz aldatu egiten baitira”, argitu du Pozok.
Iazko urritik abendura bitartean, herritarrez osaturiko bederatzi foku talde eratu zituzten, bederatzi bileraz osaturiko parte hartze prozesurako. “Prozesu hori aurrera eroaterakoan, 89 mundakarrek agertu dute lanerako interesa: %70,8 emakumezkoak izan dira (63); %29,2, berriz, gizonezkoak (26). Denen ala denen esku hartzeari esker, 43 proposamen biltzea lortu da”, azpimarratu du Euskadi Lagunkoiaren kideak.
Bizipoz kooperatibako ordezkari Beatriz Santamariak bertatik bertara lan egin du mundakarrekin, beraien proposamenak, kexak, ardurak nahiz ideiak jasoz. Azaldu zuenaren arabera, iritzi bilketa kolektibo hori lan ildoren araberakoa izan da, “ingurune fisikoari eragiten diona, alde batetik; bestetik, gizarte inguruari dagokiona, eta horiez gain, zerbitzuena”.
Beatriz Santamaria: “Aire zabaleko espazioez gain, etxebizitza nahiz garraioa porzesu osoan herritarren ahotan ibili dira”
Jasotako proposamen sorta aztertuz gero, mundakarren kezka foku esanguratsuena, iradokizunen %23 hartu duena, “aire zabaleko espazioekin erlazionaturikoa” izan da, alegia, aipatutako lehenengo blokekoa. Funtsean, irisgarritasunean, segurtasunean eta hirigintza auzietan oinarrituriko iruzkinak jaso dituzte, baita eraikin publiko, kale espaloi, animaliekin loturiko hiritartasun hezkuntza, oinezkoen segurtasun eta argiztapenari eragiten dietenak ere. Mundakako aire zabaleko espazio edo guneez gain, etxebizitza nahiz garraioa prozesu osoan “herritarren ahotan” bolo-bolo ibili diren langai direla argitu du Santamariak.
Transmisio lana, helmuga.
Parte hartze kotak gora egin dezan, udalak lanean segitzeko borondatea berretsi du. Egitasmoa herritarrengana ahal beste “gizarteratzen” segituko dutela adierazi du Rubiok: “Proiektuak herritarrei arreta deitzea da geure helburua, hau da, mundakar denak jakitun izatea Mundaka Lagunkoiak, 65 urtetik gorakoen ongizatean fokua ipinita ere, guztiei eragiten diela. Hortaz, transmisio lan hori egiten jarraitu behar dugu”.
Hori bai, Bizipoz eta Euskadi Lagunkoiaren kideek nabarmendu dute prozesuaren protagonista nagusia “ezin dela” udala izan, insituzio hori eskemaren “piezetako bat” baino ez delako: “Behetik gorako dinamikak bultzatu behar dira, norbanakoengandik hasi eta udala moduko erakundeetaraino. Plazaratu eta plazaratuko diren proiektuetako asko uste baino egingarriagoak edo errealistagoak dira, baina, herritarren inplikaziorik nahiz interes aktiborik ezean, ezer gutxirako balioko du”.