Indarkeria matxista "lehen mailako arazo sozial eta politikotzat" hartzeko eskatu dute Gernikako Sare Feministakoek
Emakume bat bortizki erasotua izan zen joan den astean Gernika-Lumon, eta eraso hori gaitzetsi zuten atzo (abenduak 10) Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek: "Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude".
Emakume bat bortizki erasotua izan zen joan den astean bere bikotekide ohiarengatik, Gernika-Lumon: 50 urteko gizon batek bikotekide ohia jipoitu, aizkora batekin heriotza mehatxua egin eta hainbat orduz atxikita eduki zuen. Erasotzaileak biktimarekiko urruntze agindua zeukan, eta Ertzaintzak aste honetan espetxeratu du. Eta eraso hori gaitzetsi zuen atzo (abenduak 10) Gernika-Lumoko Sare Feministak, Merkurion egindako elkarretaratzean: “Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude. Lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu erasotuari: ez zaude bakarrik”.
Eta, hori, gizartearen egitura patriarkala agerian uzten duen “gertakari bat gehiago” zela adierazi zuten: “Jakin badakigu erailketa eta eraso matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura hetereopatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla”.
Baina indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela gehitu zuten: “Indarkeria matxista da emakumeon diru iturriak kontrolatzea; indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea; indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea; indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea, eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea; eta, indarkeria matxista da egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabea, zoritxarrez”.
Emakumeak soilik emakume izateagatik erasotzen dituztela salatu zuten berriro, eta “errealitate gordin horri” erantzuteko urgentziazko mekanismoak behar dituztela aldarrikatu zuten, hemen eta orain. “Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, hori lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu”, eskatu zuten.
Eta, egungo “jarrera konplizeak alboratu”, eta egungo “gizarte antolaketa sexistari aurre egiteko” benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen zuten; “Gure bizitzak daude jokoan. Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu, bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu, eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Gu ez gara isilduko. Erasorik ez, erantzunik gabe. Feministok erantzuteko prest gaude: lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte”.