Astratxiki eguna ekintza anitzez jantziko dute
Astra Txikik "hasieratik izan duen presentzia handia" ospatuko dute domekan, Astratxiki egunez. "Egitarau potentea" nahi zuten, eta horrela antolatu dute, goizean hasi eta iluntzera arte.
Duela 20 urte okupatu zuten Astra, udalerriko gaztetxe baten eskariari eta entsegu lokalen faltari erantzuna bilatzeko asmoz. Bi hamarkada igaro dira geroztik, eta hori ospatzeko egitarau zabalaz gozatzen ari dira Astralagunak abenduaren hasieratik. Era guztietako ekintzez josiko dute, alegia, Astra abenduan zehar: mahai-inguruak, hitzaldiak, ikuskizunak eta kontzertuak, besteak beste.
Hala, adin tarte guztientzako ekintzak antolatzeko nahiari segika, Astratxiki eguna ospatuko dute domekan [abenduak 14]. Antzolatzaileek nabarmendu dutenez, Astra Txikik “hasieratik izan du presentzia handia“. Orain daudenak, halaber, Astratxikiren bigarren bertsioa direla azaldu dute: “Bere garaian Astra Txiki 1.0 egon zen, baina horren parte ziren umeak, dagoeneko nerabeak dira, eta beraz, gaur egungo Astra mugitzen hasi direnak. Orain, ordea, bigarren belaunaldi horri eutsi nahi diogu, etorkizuna bermatzeko”.
Biharko gazteak “modu komunitario batean hezi” nahi dituzte, eta helburu horren isla izango da domekarako prestatu duten “egitarau zabala”. Hala ere, aipatu dute 20. urteurreneko egitarau orokorrean egon badaudela Astratxikiren alorreko beste hainbat ekintza, baina egun berezi bat nahi zutela; “egun potente bat”. Horregatik, “denetariko ekintzak” jarriko dituzte bertaratuko diren haur eta familientzat aukeran. Hala nola, AkroYoga, ipuin kontaketa, zirkua, eta aurpegi margoketa izango dira nagusi, besteren artean, domekan.
Antolatzaileek, baina, guztiei eman diete garrantzia: “Egitaraua osatzen duten ekintza guztiak dira garrantzitsuak guretzat. Astra den bezala, denak du garrantzia; eragile asko, jende asko eta interes asko, baina guztia bateratuta”. Goizean hasi eta iluntzera arte piztuko dute sutan erre zen herriaren sugarra, beraz.
Elkarlana.
Gainera, Busturialdeko Hitzak ere 20. urteurrena ospatuko du domekan, eta, eguerdian “ekintza bateratuak” egingo dituzte biek ala biek, beti ere, “euskararen bultzatze ariketa etengabe hori elikatzeko asmoz” elkarlanean jardunez. Gauzak horrela, Astra Txikitik zein HITZAk domekarako aurreikusitako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute.