'A ze marroia', hondakin organikoaren gaikako bilketa areagotzeko kanpaina
Bizkaiko 30 udalerritan —aurrerago zehaztuko dituzte— aurrera eroango dute 'A ze marroia' ekimena. Kanpaina horrekin herritarrak edukiontzi marroiko gaikako bilketaz kontzientziatzea bilatuko dute.
Edukiontzi marroiko hondakin organikoaren gaikako bilketa areagotzeko eta hondakin organikoa zuzen bereizteko helburuz, A ze marroia kanpaina aktibatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko sailak, Garbiker sozietate publikoaren bidez. Kanpaina urtarrilaren 19an abiatu eta maiatzaren 17an amaituko da, eta ibilbide horretan oraindik zehaztu ez diren 30 udalerri zeharkatuko ditu.
Hondakin organikoaren zirkulua ixtea bilatzen dute kanpainagaz, hori baita ingurumeneko erronkarako giltzarria. Ze, nahiz eta Bizkaiak urtetik urtera hondakin organikoaren bereizketan aurrera egin duen, errefusaren edukiontzietan uzten diren hondakinen %40 organikoak dira oraindik, batez ere janari hondarra. Horiek edukiontzi marroian utzi behar dira, tratamendu egokia emateko, izan ere, material horri balio energetikoa ematen diote, elektrizitatea sortzeko. “Baina helburua da zirkulua ixtea eta kalitateko konpost bihurtzea lurraldean bertan erabili ahal izateko”, diote.
Iaz, 11.354 tonako maximo historikora iritsi zen hondakin organikoen bilketa; hau da, aurreko urtean baino %5 gehiago bildu zen. Hala ere, etorkizunerako erronka handia da: jatorrian bereizitako kantitatea bost aldiz biderkatzea, eta egungo 12.000 tona ingurutik 2030ean 60.000 tona ingurura igarotzea. “Kantitate horietara heltzeko, herritarrek ohiturak aldatu behar dituzte, eta horretara bideratu dugu kanpainaren oinarria estrategia dibertsifikatuaren eta orotariko sektorearen alde egitera”.
Izan ere, “hurbila, ibiltaria eta denentzako egokia” izango dela kanpaina diote. Lehiaketak antolatuko dituzte, eta herritarrek probak egingo dituzte hondakin organikoak bereizi eta kudeatzeaz zenbat dakiten egiaztatzeko. Horrez gain, udal askok edukiontzi marroia identifikatu eta ixteko ezartzen dituen sistemei buruzko informazioa ere emango du kanpainak, atxikitze prozesua erraztu nahi du eta.
Gainera, gazteak ere kanpainaren protagonista izango dira: 20 ikastetxetako bisitaldietan, jarduera dinamikoak egingo dituzte, hala nola errealitate birtualean murgiltzeko esperientziak eta txikitatik ondo bereizten ikasteko diseinatutako prestakuntza lehiaketak.
Bestalde, ostalaritzako sektorerako sentsibilizazio ekintza bereziak antolatuko dituzte, bezero zein establezimenduak kontutan hartuta, eta, dibulgazio materiala ere banatuko dute.
Kanpaina osatzeko, sare sozialetako eduki eta ekintzak egingo dituzte, eta kontsultarako tresna digital erraz bat jarriko dute herritarren eskura, edukiontzi marroiaren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko.