24. Korrikak badauka kantua: 'Xiberutikan Mendebaldera'
Atharratzen hasi eta Bilboraino martxoaren 19tik 29ra bitartean egingo den Korrikari soinua eta irudia jarri diote. Pello Reparaz arduratu da musika eta letrak egiteaz, baita bideokliparen zuzendaritza ere, eta ondoan izan ditu Erramun Martikorena eta Maixux Zugarramurdi.
Erramun Martikorena, Ane Elordi, Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi 24. Korrikaren 'Xiberutikan Mendebaldera' kantuaren aurkezpenean.AEK Txikitasunaren garratzia erdigunean jarriko du 24. Korrikak, eta komunitatean jarri gura du indarra. Hala, euskara “guztiontzako aterpe ireki eta erosoa” dela sinetsita, euskararen herrian mundu oso bat sartzen dela erakutsiko dute euskaldunek martxoaren 19tik 29ra bitartean egingo duten Korrikan. Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Bilboraino Euskara gara lelopean eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta herriz herri, auzorik auzo, kalerik kale entzungo da Xiberutikan Mendebaldera kantua. Pello Reparazek sortu ditu kantuaren musika eta letrak, eta bideokliparen zuzendaritza lanaz ere arduratu da. Baina, beragaz batera, Erramun Martikorenak eta Maixux Zugarramurdik hartu dute parte.
Gaur (abenduak 11) aurkeztu dituzte kantua eta bideoklipa Agoizko (Nafarroa Garaia) kultur etxean, eta, “hunkituta”, Reparazek onartu du Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat” dela: “Ez da enkargu hutsa izan: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzuli nahi izan dut”.
Euskara gara da 24. Korrikaren leloa, eta horrek duen “pisu handia” nabarmendu du artistak. “Ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”, adierazi du egileak.
Ondorioz, kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu dela onartu du, eta ez duela “ereserki zurrun” bat egin gura izan gehitu du. Eta, mugimenduan dagoen komunitatea islatzeko, euskal gizartearen parte diren zenbait herritar, kantari, talde edo toki aipatu ditu, tartean Barinagako Bidane Baskaran artzai eta gaztagile gaztea.
Gainera, kantuaren bidez jendeari euskarara hurbiltzeko gonbidapena egin gura izan duela aitortu du Reparazek: “Kantak balio badu norbaitek AEKren euskaltegietan izena emateko lehen urratsa egiteko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egiteko, orduan abestiak bere funtsa beteko du”.
Bere aldetik, Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak Reparazen ahalegina eskertu du: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik, eta, are gehiagi, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diozun ekarpenagatik”. Eta, onartu du, aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak “prozesu demokratiko baten bidez” aukeratu duela nori egin kantuaren enkargua: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskuetan jarri Korrikaren kanta”. Eta, “oso eskertuta” agertu da.
Kantuaren letra
Xiberutikan Mendebaldera kantua. (Pello Reparaz):
Erensugeren itzala
Santa-Grazitikan
Zarrakaztelura
Eta Errigoraren auzolan eredua
Eskutik eskura
Hori ere ba gara
Sorgin baten azken kanta
Itoizko kaletan
Zer gara euskara bera ez bagara
Maixux eta Erramunen herrian
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Basurdearen aztarna gara
Elorretatikan
Agurainaldera
Larruz eraikitako milaka etxola
Dajlatik Gazara
Hor da gure gogoa
Ezkerraldeko AEK
Saretuz lurra
Artzai gazte bat kontu zaharretan
Bariñako Bidane Baskaran
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Lauburu bat gâteau batean baino
Euskara gara
Ilargirik gabe mareak gora
Nola bestela?
Nola bestela?
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan