Zortzi buru eta txapel bakarra: finala, ate joka
"Gogotsu eta prest" ageri dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak. Busturialdeko ordezkaritza oholtzaratuko da: Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta Aitor Etxebarrizarraga Gabiola gernika-lumotarra. Garaileari txapela jantziko dion Arantza Plazak egiteko hori "opari ederra" dela nabarmendu du.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea. Bilboko Casillak estreinakoz hartuko du, abenduaren 20an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala. 17:00etan taularatuko diren zortzi bertsolarien artean Busturialdeko ordezkaritza egongo da: 2018an gailenduriko Onintza Enbeita Maguregi muxikarra finalistetako bat izango da, beste behin. Beragaz batera, txapela lehenengoz janzten saiatuko den Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra ere finalean ariko da. Ordezkari lea-artibaitarrik ere egongo da: Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra.
Enbeitak txapelketa duela mende laurdena baino toki “askoz ere habitagarriagoa” frogatzea motibazio duela azaldu zuen: “Dibertigarriago eta gozagarriagoa ere bada”. Beraiekin, honakoek neurtuko dituzte beren abileziak: Jone Uria Albizuri getxoztarrak, Aitor Bizkarra Ruiz eta Txaber Altube Sarrionandia abadiñarrek, Gorka Pagonabarraga Agorria durangarrak eta Oihana Bartra Arenas bilbotarrak.
Onintza Enbeita: “Txapelketa duela 25 urte baino toki asko ere habitagarriagoa da”
“Bulkada bat”.
Protagonistak “gogotsu eta prest” azaldu dira gaur [abenduak 10], finalaren atariko prentsaurreko agerraldian, bertso saio “ederra” aurreikusten dutela eta. Beraiekin egon da, gainera, Arantza Plaza Zamora gizaburuagarra, aurtengo irabazleari txapela jantziko dion gizaburuagarra; bi hamarkadaz baino gehiagoz aritu da bertso irakasle ikastetxeetan, eta transmisioari lotutako beste hainbat proiektutan ere esku hartu du. Aurtengo omenduak aitortu du “bulkada bat” sentitu zuela, antolakuntzatik txapela jartzea proposatu ziotenean, eta “segituan” hartu zuela “opari eder” horri baiezkoa emateko hautua.
Arantza Plaza Zamora: “Bulkada bt sentitu nuen txapela jartzea proposatu zidatenean”
Plaza 2004. urtean ekin zion bertso irakaskuntzaren bidea urratzeari, eta 2022ra arte behar horretan jardun izan du. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da, astero-astero herrietako hezkuntza zentroetan bertsolaritza irakasten eta alor horren belaunaldi arteko transmisioaren mesedetan lan egiten aritu ostean, Mundu bat bertso programa tarteko.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidente Belate Olabarria Astobiza orozkoarrak azaldu duenez, finala “txapelketa handiaren emaitza” izango da, baita haren “atzean dagoen jendearen beharrarena” ere. Asteak joan, asteak etorri, areto zein frontoiak lepo bete dituzten bertsozaleez ere oroitu da lehendakaria: “Eurak barik ezingo litzatekeela inongo txapelketarik egin”.
Belate Olabarria Astobiza: “Finala txapelketa handiaren eta haren atzean dagoen jendearen beharraren emaitza da”
Bertsotan ariko direnez gain, Idoia Anzorandia Kareaga barakaldoztarra eta Igor Menika Bengoetxea arantzazuarra ariko dira gai-jartzaile lanetan. Epaileei dagokienez, hauexek izango dira: Ander Arrien Aspiazu genrika-lumotarra, Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra, Ainhoa Arregi Elosua bilbotarra, Garazi Mendoza Agirre eta Jurgi Fuentes Goikoetxea mungiarrak, Marta Ortiz Mateo bilbotarra eta Miriam Juaristi Urizar zaldibartarra. Idazkari beharretan, aldiz, Itziar Basterretxea Olarreaga bilbotarra eta Itxaro Juaristi Olaetxea abadiñarra arituko dira.
Sarreren salmentaz.
Finala galdu gura ez dutenek oraindik badute beraien sarrera eskuratzeko aukerarik: www.bertsosarrerak.eus atarian eskuragai daude. Halaber, argitu zuten finalaren egunean bertan ere, 15:30ean, txarteldegia zabalduko luketela, “sarrerarik geratuko balitz“. Eremu nagusirako ateak, hain zuzen ere, ordu horretan zabalduko dituzte. Alde horretatik, zaleei “sasoiz joateko” deialdia luzatu diete antolatzaileek, “jende ugari bilduko baita, azken orduko trabak ekiditeko”.
Ohikoa den bezala, bi ataletan jokatuko dute finala. A atalean, honakook egin beharko dituzte: hiruna bertso egingo dituzte ofiziotan, zortziko nagusi zein txikian. Ondoren, bakarkako lanari ekingo diote: puntua emanda, hiru bertso, zortziko txikian. Ondoren hiruna bertso egingo dituzte ofiziotan, hamarreko txikian. Bakarkako lanera itzuliko dira hurrena: gaia emanda, hiruna bertso, doinu eta neurri librean. B atala zortziko txikian launa bertso ofiziotan eginez hasiko dute buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariek; ondoren, hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko laburrean. Amaitzeko, ganbarakoari helduko diote: gaia emanda, hiru bertso, doinu eta neurri librean
Zaintza guneari buruzkoak.
Finalaren egunean haurrentzako zaintza gunea ipiniko dute, Casillan bertan. Hala, bertso saioak iraun artean haurrentzako gune hori zabalik egongo dela azaldu dute, eta argitu hezitzaileak egongo direla bertan beharrean. Hala umeak, nola gurasoak bertan egon ahalko dira, eta, gainera, zerbitzua doakoa izango da.
Hain zuzen ere, antolatzaileek eremu horri dagokien oharrak aurreratu dituzte. Argitu dute 6 urteko adinetik gorako haurrek finalerako sarrera erosi beharko dutela, espazio hori baliatzeko; 3 urtez azpikoak, berriz, heldu batek lagundurik egon beharko dira, gunean. Bestalde, umeek hala nahiko baldin balute, tarteka saiora bertaratzeko aukera izango lukete, “beren guraso edota arduradunak lagunduta”. Haurra gustura egon ezean, guraso edo arduradun horri deituko lioketela azaldu dute, “bila joan dadin”: “Beraz, gurasoak edo arduradunak sakelako telefonora adi egon beharko dira”. Zerbitzu hori baliatzeko, Internetez izena eman beharko da, eta formularioa bete.