Miango-Agerre-Untxeka poligonoa garatu eta kudeatzeko hitzarmena sinatu dute
Sprilurrek eta Busturialdeko Industrialdeak Muxikako Udalarekin sinatu dute hitzarmena. Akordio horri esker, Bizkaiko industria-poligonorik handiena izango denaren urbanizazio eta sarbide lanak hurrengo bost urteetan garatuta egon daitezkeela diote, 2030etik aurrera enpresak hartzeko moduan izateko.
Muxikako zein eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Muxikako Udalak, Sprilurrek eta Busturialdeko Industrialdeak hirigintza-hitzarmen bat sinatu dute, Miango-Agerre-Untxeka poligonoa garatzeko eta kudeatzeko euren arteko harremana arautzen duena. Izan ere, hitzarmenean poligono hori kudeatzeko eta merkaturatzeko lankidetza jasotzen da bertan, baita poligoko berrian kokatuko diren enpresak bilatzeko konpromisoa ere.
Miango-Agerre-Untxeka industria poligonoak 50 hektarea baino gehiago izango ditu, eta jakinarazi dutenez, enpresak kokatzeko espazioak eraiki eta egokitzeko lurzoruaren %70 erabiliko dute. Gainera, gehitu dute egindako aurreikuspenen arabera 120 enpresa eta 1.500 langile hartzeko besteko egitura izango duela poligono berriak.
Horiek horrela, hitzarmenean jasotzen da Muxikako Udalak bere gain hartzen dituela, besteak beste, poligono berriaren eremuko lurrak sartzeko beharrezkoak diren hirigintza tresnak —eremu jakin bateko erabileren eta eraikuntzen araubidea zehazten duten dokumentuak— onartzeko derrigorrezkoak diren administrazio izapideak abian jartzea, eta obrak hasteko beharrezkoak diren kudeaketa eta urbanizazio tresna guztiak udaletxean onartzea.
Busturialdeko Industrialdeak, bere aldetik, poligonoa garatzeko beharrezkoak diren hirigintza kudeaketako tresnak idatzi eta izapidetuko ditu, eremua urbanizatzeko obrak egiteko lizitazioa egingo du, eta poligonoa kontserbatzeko hirigintza erakunde bat eratzea ere sustatuko du.
Sprilurrek, aldiz, konpromisoa hartu du Muxikako Udalari beharrezko lurzorua lagatzeko, Inamako egungo lurzatian trafikoa banatzeko eta arintzeko biribilgune bat egiteko edo barne konexioko bide bat egiteko, eta gainera, udalari lagako dio, baita ere, Inamako lursailaren ondoan dagoen eskola zaharraren eraikina.
Ondorioz, sinatutako akordioari esker, “Bizkaiko industria-poligonorik handiena” izango denaren urbanizazio eta sarbide lanak hurrengo bost urteetan garatuta egon daitezkeela diote, 2030etik aurrera enpresak hartzeko moduan izateko.
Izan ere, gogoratu dute, Miango-Agerre-Untxeka poligonoa Busturialdeko Plan Estrategikoan aipatzen dela, plan horretan deskribatutako erronka nagusienetako baten legez, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko eta Bizkaiko jarduera ekonomikoetarako lurzori premiei erantzuteko jarduera bezala ulertzen baitute.