Jaurlaritzak Elantxobeko kirol portuaren kudeaketa EKPri pasa dio
Euskko Jaurlaritzak Euskadiko Kirol Portuak erakundeari eginiko transferentzia horri esker, portuaren eta udalerriaren "benetako beharretara egokitutako kudeaketa hurbilagoa eta arinagoa" bermatu gura dute.
Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuaren arabera, aurrerantzean, Elantxobeko kirol portuaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundean kudeaketapekoa izango da, portu hori ustiatzeko beharrezko baliabideekin batera. Erabaki horren noranzkoa, azaldu dutenez, euskal kirol eta aisialdi portu guztien kudeaketa “EKP moduko erakunde espezializatu baten” eskumenean biltzea da.
Kudeaketa EKPri transferitzeagaz batera, “erabakiak hartzerakoan” eta Elantxobeko portuaren “beharrizan espezifikoei” erantzuna ematerakoan “hurbiltasun handiagoa” lortuko dela adierazi dute. Hain zuzen ere, kirol portuetan “eskarmentu zein presentzia” esanguratsua duen instituzio batean txertaturik, erabiltzaileen eskakizunei erantzuteko gaitasuna “indartu” egingo da, mantentze beharrak “arintzeagaz” batera. Ez hori bakarrik: itsas erabilerak eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko hobekuntzen plangintza erraztuko dela azaldu dute. Horiek horrela, hurbiltasun horrek udalerriko eguneroko-eguneroko errealitatera egokituriko “funtzionamendu eraginkorragoa” ahalbidetuko duela nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzatik.
Amaia Barredo: “EKPk Elantxobeko portua kudeatu ahal izateak eredu hurbilago eta eraginkorrago bateratz aurrera egitea ekarriko du”
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok “herritar nahiz erabiltzaileen” behar horien inguruko egokitasunari keinu egin dio: “EKPk Elantxobeko portua kudeatu ahal izateak eredu hurbilago eta eraginkorrago bateratz aurrera egitea ekarriko du. Eskualdaketa honegaz, arreta zuzenagoa, mantenu lan arinagoa eta pertsonen zerbitzura egongo den kostaldearen kudeaketa lortuko dira”.
Orain arte, Elantxobeko kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Litoralaren Garapena, Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzari zegokion. Dekretu berri horregaz, baina, EKPk osorik hartuko ditu “instalazioen kudeaketa eta kirol portuko zerbitzu publikoaren prestazioa”. 2022 urtean kudeaketa transferitu zitzaion Lekeitioko portuan aplikaturiko ereduari jarraitu diote, Elantxobeko kasuan.
72 portu eta 108 amarraleku.
Azken transferentzia hori aintzat izanda, EKPk 72 portuko plaza eta 108 amarratoki hartuko ditu beregain, baita horri dagozkion “portu tasen izapidetzea nahiz kudeaketa ere”. Eskualdaketaren barne daude, bestalde, erabilera nautiko-errekreatiborako esleitutako portu jabetza publikoko azalerak nahiz ondasunak. Hala, EKPk kirol eremuko portuaren kudeaketari, antolamenduari eta mantentze beharrei dagozkien eskumen oro beregain hartuko ditu EKPk.