Euskararen larrialdi egoeraren aurrean mobilizatzeko deia zabaldu du Ikamak
Biharko [abenduak 11] greba deitu dute Ikasleria Martxaneko kideek, Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hezkuntzan dagoen euskararen larrialdi egoeraren kontrako aldarriz betetzeko asmoz. Bilbon, 12:00etan jarri dute hitzordua, Arriagatik. Bermeoko eta Gernika-Lumoko Ikamak, horreri eutsiz, bateratzeak antolatu ditu Busturialdeko tren geltokietan.
Argazkia: Ikasleria Martxan. Ikamak ikasle greba deitu du biharko [abenduak 11], eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak deitu ditu, 12:00etan. Bilbokoa Arriagatik hasiko dute eta Donostiakoa Bulebarretik. Bermeo, Gernika-Lumo eta Lea-Artibaiko Ikamak, gainera, bateratzeak deitu dituzte eskualdeetako txoko desberdinetan, Bilbora elkarrekin hurbiltzeko asmoz. Bermeoko geralekuan 10:48an gelditu dira; Mundakakoan 10:52an; Gernika-Lumoko institutukoan, 11:09an; eta, herrigunekoan 11:11n.
Euskara «larrialdi egoeran» dagoela salatu dute Ikasleria Martxaneko kideek: «60ko hamarkadatik aurrera eman zen susperraldi prozesuaren agerpenean ez ezik, atzeraldian sartzen hasita gaude jadanik». Eta, esan dute testuinguru horretan ulertu behar dela azken hilabeteetan «logika atzerakoia eta forma judizial, mediatiko zein soziopolitikoa duen euskararen aurkako oldarraldia».
Euskal Herria hiru eremu politiko-administratiboetan banatuta dagoen heinean, «egoera oso desberdina» bizi da eremu bakoitzean, eta euskara ofiziala den arren, euskalduntze prozesuan «aurrerapenik ez» dagoela adierazi dute; «blokeo eta atzeraldi fasean» dagoela, hain zuzen: «Indarrean dagoen hezkuntza euskararen ezagutzaren arloan salto kuantitatibo nabarmena emateko elementu garrantzitsua izan bada ere, gaur egun agortuta dagoen eredua da. Izan ere, ez da gai euskararen gaitasun maila egokia bermatu, erabileran jauzi bat eman, eta euskarak dituen erronka berriei erantzuteko».
Egoera horren aurrean jakin badakite ezin direla isilik gelditu. Horregatik, euskalduntzen duen sistema baten alde borrokatu nahi dute, aurreko belaunaldiek egin bezala: «Orain, ikasleriaren ardura da sortzera doan euskararen aldeko olatuaren motor izatea».
Deitutako aldarrietara batzeko deia zabaldu du, beraz, Ikamak, «bost arrazoi» bereiziz. Euskararen larrialdi linguistikoa eta oldarraldiagatik kezkatuta daude: «Ez dira batere baikorrak euskararen etorkizunaren gaineko prospekzioak, eta euskararen aurkako oldarraldi juridiko eta politikoa ere parez pare dago». Horrez gain, independentzia eta euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dituzte, «Euskal Herria nazio zapaldua» dela adieraziz, eta Euskal Herriak «curriculum eta Estatu egitura propioak» behar dituela nabarmenduz.
Euskaraz ikasteko eskubidea eta ofizialtasuna ere azpimarratu dute: «Euskarak lurralde osoan ofiziala izan behar du. Nafarroako zonifikazio legea indargabetu behar da, eta Ipar Euskal Herrian baxoa euskaraz egiteko eskubidea bermatu behar da, D eredua orokortuz». Hezkuntza euskalduna, irisgarria eta kalitatezkoaren beharra ere lehenengo lerroan jarri dute, «irakasleak erreferente euskaldunak» izan behar direla gaineratuz, eta «euskarazko kalitatezko materialen» beharra berretsiz. Halaber, Ikamakoen iritziz, murgiltze eredu eraginkorrak sortzea ere beharrezkoa da: «Ikasle guztiek izan beharko lukete euskalduntzeko aukera, eta horretarako beharrezkoa da murgiltze plan anbiziotsuak diseinatzea eta segregazioarekin amaitzeko neurriak hartzea».
Hala, Euskal Herriko 60 eragile eta norbanako baino gehiagoren atxikimendua jaso dutela gogoratu dute Ikamakoek; kirolariak, musikariak, bertsolariak, talde politikoak eta sindikatu desberdinek adierazi dute Ikamaren deialdiarekiko atxikimendua. Grebara batzeko eta mobilizazioekin bat egiteko deia zabaldu dute, gainera, Gure hezkuntza, euskalduna! lelopean.