Zapatuetan eta domeketan zabalik egongo da liburutegia, otsailaren 1era arte
Liburutegiko erabiltzaileen beharrei erantzuteko asmoz, liburutegiak egutegi berezia izango du abenduaren eta urtarrilaren artean: abenduaren 13tik otsailaren 1era arte, zapatuetan eta domeketan zabalik egongo da, 10:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 14:00etara artean, hurrenez hurren.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko liburutegia erabiltzaile guztien beharrizanei eta itxaropenei erantzuten saiatzen da, baita erabiltzaileek liburutegiko zerbitzuei ematen dizkieten erabilerei ere (egunkariak irakurtzea, liburuak, aldizkariak, CDak maileguan hartzea, ikastea, irakurketa txiki-txikitatik familian dinamizatzeko jarduerak egitea, eta abar). Horrenbestez, liburutegiko espazioak eta ordutegia erabilera anitz horietara egokitu beharra dago; halatan, ikasleek ikasteko espazioen beharrizana aztertu ondoren, liburutegiak egutegi berezia izango du abenduaren eta urtarrilaren artean.
Hala, abenduaren 13tik otsailaren 1era arte, zapatuetan eta domeketan zabalik egongo da, zapatuetan 10:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian, eta domeketan, 10:00etatik 14:00etara artean.
“Ordutegi aldaketa hori zerbitzua erabiltzaile eta ikasle guztien beharretara egokitzeko egin dugu”, jakinarazi dute kultur etxeko arduradunek. Izan ere, uste dute ezin dela ahaztu liburutegi publiko bat Bizkai, Araba eta Gipuzkoak babestutako eta finantzatutako erakunde bat dela, helburu duena ezagutza eta informazioa eskuratzea, mugarik eta bereizketarik barik, “lurraldeak informazioaren arloan dauzkan beharrizanak asetzen direla bermatuko duten baliabideen eta zerbitzuen bitartez”.