Emakumeen Munduak 15. Nazioarteko Kongresua hartuko du Gernika-Lumok maiatzean
Gernika-Lumo eta Bilbo izango dira Emakumeen Munduak Nazioarteko Kongresuaren 15. aldiaren epizentroak, maiatzaren 20tik 24ra bitartean, 'Emakumeak eta bakeak' lelopean.
Emakumeen, feminismoen, lurraldeen, gorputzen eta erresistentzien bidez bakeak —pluralean— berriro irudikatzea proposatzen duen Emakumeen Munduak Nazioarteko Kongresuaren 15. aldia Gernika-Lumora eta Bilbora ailegatuko da maiatzaren 20tik 24ra bitartean, Emakumeak eta bakeak lelopean.
Emakumeen Munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak biltzen dituen nazioarteko eta jakintza alor desberdinen arteko topaketa da. Eta, datorren urtekoak, sareak eta estrategia feministak ehuntzeko gonbidapena egingo du, “aldaketak bultzatzekoa, zubiak eraikitzekoa, eta bestelako etorkizuna irudikatzekoa”. Hala, justiziatik eta baketik mundu bizigarriago bat pentsatzeko “espazio kolektiboa” izango dela azpimarratu dute.
Izan ere, sekuritizaziorako zein militarizaziorako dinamikak eta gerrako narrazioak nagusi diren honetan, emakumeak elkartzea “oso garrantzitsua” dela uste dute datorren urteko kongresua prestatu duten Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroak eta Gernikatik Mundura Elkartasun Internazionalistarako Erakundeak, “egunez egunekotik bakeak birpentsatzeko eta lantzeko”.

Baina, aurtengo edizioaren berezitasuna da kongresua ez dutela bi talde horiek bakarrik antolatu: Euskal Herriko, Kolonbiako eta Mozambikeko emkaume, erakunde feminista eta bakegileak bi urte daramatzate topaketa kolektiboki eraikitzen, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura gidari izanda. Hala, aurten Euskal Herriak Mozambikeren lekukoa hartuko du, han 2022an egin zelako aurreko kongresua, zenbait herrialdetako erakunde feministek eta bakegileek elkarlanean egindako diseinu prozesuaren ostean.
Euskal Herriak hartuko duen kongresu hau maiatzaren 20an abiatuko da Gernika-Lumoko Batzarretxean, euskal askatasunen eta demokraziaren ikurra den horretan, Bakearen Hirian, eta Memoria Demokratikoaren Leku den horietako batean. Bestalde, maiatzaren 21etik 24ra Bilbo izango da kongresuaren epizentro, han hausnartuko baitute bakeari buruz. Maiatzaren 24an biribilduko dute kongresua, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginda.
Zortzi lan ildo.
Emakumeak eta bakeak leloa jarri diote kongresuari: alde batetik, emakumeak, emakumeen aniztasuna intersekzionalitate osoan islatzeko eta sexu, genero identitate aniztasuna biltzeko; bestetik bakeak, bakea indarkeria ezetik kanpo eta modu zabalagoan ulertzeko. “Bizitza eta elkarrekin bizi garen lekua zaintzea lehenesten duten beste egiteko modu batzuei buruz hausnartzea proposatzen du kongresuak”, diote.
Ondorioz, aniztasunari buruzko topaketa eta elkarrengandik ikasteko gunea izango da, eta zortzi gai proposatu dituzte parte hartzaile guztien sormenerako abiapuntu izateko. Hala ere, jakinarazi dute gaiak ez direla hertsiak: “Horregatik, badago aukra gai bakoitza osatu eta aberastuko duten proposamenak egiteko”.

Zehatz esateko, hurrengo gaiak dira proposatu dituztenak: desmilitarizazioa, des-sekuritizazioa eta armagabetze globala; memoriak eta indarkeriak ez errepikatzeko bermeak; migrazioak, erbesteratzea eta behartutako lekualdatzeak; ondasun komunak; gorputzak-lurraldeak-bakeak; zaintza eta egunerokotasuneko bakeak; eta, bakearen aldeko metodologia feministak.
Deialdia.
Kongresuak emakumeei parte hartzeko deialdia egiten die, eta bertan izan gura dutenek otsailaren 1era arte bidali ditzakete proposamenak. Gonbidapena mundu osoko emakume*, kolektibo, oinarrizko erakunde, aktibista, ikertzaile, ikasle, artista eta komunitateei zuzenduta dago. Eta, egitarau “zabal eta bizia” sortzeko asmoz, formatu anitzekoak izan daitezke proposamenak —panelak, tailerrak, mahai inguruak, ekintza artistikoak edo bestelako esperientzia sortzaileak—, betiere kongresuko zortzi gai-ildoetako batekin lotuta.
Proposamenik aurkeztu barik kongresuan parte hartu nahi dutenentzat deialdia 2026ko otsailaren 2an zabalduko da.
Aurrekariak
Izaera organikoa duen kongresua da Emakumeen Munduak, edizio bakoitza aurrekotik autonomoki sortzen dena, eta kontinentetik kontinentera doana. Lehenengo topaketa 1981ean izan zen, eta harrezkero, lau urtean behin, edizioek askotariko formatuak aurkeztu dituzte. Parte-hartzaileen kopurua ere topaketaren araberakoa da, esaterako, Mozambikeko edizioan 2.000 pertsona bildu ziren aurrez aurre, eta beste 800ek birtualki jarraitu zuten kongresua.
XV. Emakumeen Munduak kongresuak akademia formalaren eta aktibismo sozialaren arteko sozializazio – eta konexio-eremu anitza izatea du helburu, mundu osoko emakumeen* ahotsak ernaltzeko leku seguru eta anitza. Adierazpen modu guztiak aintzat hartu eta errespetatuko dituen giroa ekarriko du: ezagutza modu desberdinetatik sortu, bateratu eta adierazi daitekeela abiapuntutzat hartuz.