Finala orduko azken ametsean iratzarrita
Olatz Arrizabalagak 22 eta 11 galdu du, Amaia Aldairen aurka, Lau eta Erdiko Banakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurrekoa. Gernika-lumotarra ez da bere sorterrian jokatuko duten final handian egongo.
Argazkia: Argazkijulen. Olatz Arrizabalaga bat-batean iratzarri behar izan da aurtengo amets nagusitik. Gernika-lumotarra lehiaketaz beteriko ikasturtea lehiatzen aritu da, eta urtearen amaieran lehia nagusi bi eduki ditu begiz jota: Pilota Nazioen Liga, alde batetik, Lau eta Erdiko buruz buruko txapelarena, bestetik. Lehendabizikoan, Euskal Selekzioaren koloreak soinean, urrezko domina lortu zuen binaka. Sasoi fisiko nahiz buru aldetik, bete-betean zegoen, Banakako Master Laboral Kutxa Txapelketari heltzeko. Baina, bat-batean, ametsa zuztarretik ebaki zuen Amaia Aldaik, finalaurrekoan Arrizabalaga 22 eta 11 garaituta.
Dimoztarra pilotari lehiakorra da edozein testuingurutan, baina bereziki Lau eta Erdikoan. Finalerdiaren lehen tantoak berdinduak izanik ere, norgehiagokari neurria hartu bezain pronto, ez zuen areriorik izan, Arrizabalaga bere ohiko mailaz azpitik aritu baitzen. Gernika-lumotarra izan zen aurrea hartzen lehena, eta indartsu azaldu zen, markagailuak 4 eta 5ekoa bistaratu arte. Ordutik aurrera, dimoztarra nahieran aritu zen; tanto piloteatuak eta latzak egonagatik ere, Aldairen aldeko aldeak gora besterik ez zuen egin, eta bere joko oldarkorrak bere hautagaitza bermatu baino ez zuen egin.

Argazkia: Argazkijulen.
Hanketan txinpartarik gabe.
Arrizabalagak, bere aldetik, ez zuen egunik onena izan, “batez ere, alde psikologikotik”. Azaldu duenez, jokoaren pisua eroaterakoan, hankek “betiko legez ez zutela erantzuten” sumatzen zuen, eta horrek “eragin argia” zeukan hala abiaduran, nola tantoen biribiltzean. Hain zuzen, aurkaria hormaren kontra ipintzeko suertatu zitzaizkion aurkeretan, bere ohiko mailatik oso urrun aritu zen, eta hainbat abagunek alde egin zien. Aldaik, baina, ez zuen ezertarako tarterik utzi: erasoan, sakeetan nahiz erremateetan nagusi izan zen, eta defentsa lana egitea egokitu zitzaionean, ostera, hanka zein esku aldetik bizi-bizi ibili zen kantxan. Ñabardura txiki denak jagon zituen, eta hark ekarri zion finalaurrekoan bere arerioari eskuburdinak jartzea, ezertarako aukerarik eduki ez zezan. 22 eta 11koak dimoztarraren nagusitasuna baino ez zuen frogatu.
Olatz Arrizabalaga: “Aldai uneoro hobeto ibili zen, bere maila naturalean, eta nik ez zuen egun ona izan”
Hala, Aldaik bere laugarren txapela janzteko hautagaitza kantxaratu zuen, eta Arrizabagalari ihes egin zion Gernika-Lumoko Santanape pilotalekuan, herrikideen aurrean, Lau eta Erdiko Banakako Txapelketa defendatzeko aukerak. Etxeko pilotariak, eskarmentuari eta bere ibilbide oparoari zor, erabateko profesionaltasunez hartu du porrota: “Aldai uneoro hobeto ibili zen, bere maila naturalean, eta nik ez zuen egun ona izan. Orain abendu amaieran Arrate Bergaragaz hasiko dudan Binakako MLK Txapelketan zentratzea tokatzen zait”.

Argazkia: Argazkijulen.
Aldairen eta Enara Gaminderen artean egongo da txapelketa. Azken hark, izan ere, 22 eta 14 menperatu zuen, beste finalerdian, iazko txapelaren defendatzaile Goiuri Zabaleta. Finalari begira, aurreikuspenak egitea “ia ezinezkoa” dela uste dut Arrizabalagak: “Aldai maila fisikotik eta joko aldetik koska bat gorago dago, baina Gamindek maila handia erakutsi zuen Zabaletaren aurkakoan eta, gainera, Nazioen Ligan nahieran ibiltzetik dator. Final ezin estuagoa izango da, eta lehen tantoetan egongo da giltzarria; partiduaren lehen zatian nagusi azaltzen denak bere jokoa ezarri dezake, azken txanpari begira”.
“Akatsetatik ikasi, eta urtearen bigarren zatia bestelako modu batean planteatu beharko dut”
Bere aldetik, hurrengo urtean berriro buruz burukoari heltzeko grina “eduki baduela” dio: “Akatsetatik ikasi, eta urtearen bigarren zatia bestelako modu batean planteatu beharko dut, Lau eta Erdikora maila handian heltzeko eta falta zaidan txapelketa handia irabazten saiatzeko”. Bien bitartean, abenduaren amaieran binakakoari helduko dio. Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren hurrengo ekitaldia “bestelakoa” izango da: “Zazpi bikotek jokatuko dugu, denek denen aurka. Txapelketa luzea eta gogorra izango da, baina prest gaude. Hilaren 28an, Sopelan edukiko dugu lehenengo hitzordua”.