Cisnerosen jokoaren distirak itsututa
Gernika Rugby Taldeak 51 eta 7 galdu du Cisnerosen aurkako Errege Kopako partidua. Asteon atseden hartuko dute basurdeek, eta hurrengoan multzokako fasearen azken lehia izango dute, Pozueloren kontra.
Argazkia: Tatiana Sabater. Gernika Rugby Taldeak Errege Kopan noraino iritsi zitekeen ikusteko gogoz heldu zien iragan zapatuan [abenduak 6], Madrilen, Club de Rugby Complutense Cisnerosen aurkako norgehiagokari. UE Santboianaren eta Valentziaren aurka garaipena bana poltsikoratu ondoren, multzokako fasearen hirugarren partiduan goi mailako arerioa eduki zuten aurrez aurre, etxetik kanpo jokatzeak beregain dituen “karga denekin”, gainera. Gogor saiatuagatik ere, etxeko taldea lehen unetik nagusi izan zen; madrildarrek hastapenetik partiduaren erritmoa markatu zuten, eta markagailuan alde esanguratsuak urratu zituzten.
Basurdeek, beren aldetik, alde haiek apaltzeko saiakerak egin zituzten, baina ez zen posible izan. Cisnerosen lantaldearen sakontasuna gako izan zen. Duela zenbait denboraldi, erasoan “ahulguneren bat edo beste” erakutsita ere, talde sendoa, orekatua eta “goreneko mailakoa” izatera iritsi direla frogatu zuten asteburuan, Gernika RTko kideek azaldu modura. Hala, 51 eta 7ko markagailuagaz gailendu zen etxeko taldea.

Argazkia: Tatiana Sabater.
Errege Kopan aurrera egin ahal izateko aukerak “oso murritzak” dira gernika-lumotarrentzat: “Finalaurrekoaetara sailkatzeko, geure buruaz gain, gainontzekoek egiten dutenaren pentsuan egon beharko gara; zerbait oso-oso arraroa gertatu ezean, ez da erraza izango aurrera egitea”. Asteburu honetan atseden hartuko du Urbietako taldeak. Hurrengoan, ordea, Madrilera itzultzea egokituko zaie: CRC Pozuelo Rugby taldearen aurka jokatu beharko dute multzokako aldiaren azkenengo neurketa.
Liga erregularrean, talde hark 39 eta 0 irabazi zien basurdeei. Partiduaren zailtasun maila, horrenbestez, “ageri-agerikoa” izango da. Hori bai, argitu dutenez, orduko norgehiagoka hura “bestelako egoeran” jokatu zuten: “Lantaldean hainbat hutsune genituela lehiatu behar izan genuen partidua, muturreko egoeran. Argi dago oraingo hau ere gaitza izango dela, baina, beti bezala, zelaigunean den-dena uzteko prest aterako gara”.