Bi hitzordu, giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren urteurrenaren harira
Gogoan, por una memoria digna taldeak ekitaldi bi antolatu ditu Gernika-Lumon, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 77. urteurrena gogoratzeko helburuz: 'Herencias del franquismo y del terrorismo. La consideración de sus memorias y sus víctimas' liburu aurkezpena eta 'Gregorio Ordoñez' dokumentalaren proiekzioa.
Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 77. urteurrena da abenduaren 10ean, eta egun hori gogoratuko dute hilaren 11n eta 12an, Gernika-Lumon. Horretarako, Gogoan, por una memoria digna elkarteak ekitaldi bi hitzordu prestatu ditu: Herencias del franquismo y del terrorismo. La consideración de sus memorias y sus víctimas liburu aurkezpena egileekin (abenduak 11) eta Gregorio Ordoñez dokumentalaren proiekzioa eguaztenean (abenduak 12).
Lehenengo hitzordua Fernando Buesa Fundazioak eta Pipergorri kultur elkarteak batera antolatu dute, eta Antonio Rivera, Fabian Laespada eta Izaskun Saez de la Fuente hurbilduko dituzte udalerrira eurak idatzitako liburua aurkezteko; 18:30etik aurrera, kultur etxean izango da aurkezpena. Izan ere, antolatzaileek uste dute indarkeria frankistaren eta terroristaren biktimak, zein haien historiak eta oroitzapenak, “errealitate bizia” direla, baina “guztiak ez daudela berdin tratatuta”, ez eta aintzakotzat hartuta ere. “2022ko Memoria Demokratikoaren Legea bidegabekeria hori konpontzen saiatzen da, baina biktima batzuk eta besteak bereizita aintzat hartzen ditu, eta horrek desberdintasunak sor ditzake haien legitimitate instituzional eta sozialari dagokionez”, argudiatu dute.
Eta gehitu dute, frankismoak eta terrorismoak “biktimak sortzeaz ez ezik”, horien ekintzaileek “demokrazia, zuzenbide estatua eta gizarte-aniztasuna arbuiatzerakoan ere bat egin” zutela: “Hala, ondorio guztietarako tratu parekatzea beharrezkoa da laidoak eta desberdintasunak desaktibatzeko, eta norabide anitzeko memoria partekatua bultzatzeko, egiletza desberdineko biktimak bere gain hartuko dituena, eraginkorra izango dena eta gizarte demokratiko baten memoria kulturala eraikitzeko balioko duena”.
Barikuan, bestalde, Elai Alai aretoan elkartuko dira, 19:ooetan, Gregorio Ordoñezi buruzko proiekzioa erakusteko; ekitaldi hori Diario Vasco egunkariagaz batera antolatu dute, eta sarrera librea izango da, edukiera bete bitartean. Dokumentalak PPko zinegotzi eta Donostiako alkateordearen hilketa gogorarazten du, hilketa horren 30. urteurrenean. Ekoizpenak zinegotzia hil zuen atentatuaren inguruabarrak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 1995ko testuingurua eta erailketa horren ondoren bizi izandakoa errepasatzen dituela adierazi dute.