Gazteen erdiak baino gehiagok feminismoa, bere helburua eta inplikazio soziala zalantzan jartzen dute
Diskurtso erreakzionarioek nerabeengan eta berdintasunari buruzko pertzepzioan duten eraginari buruzko ikerketa egin du Bidane Gartziak Gernika-Lumoko institutuan. Ondorioztatu du institutuko emakume gazte batzuk (%22) feminismotik urruntzen direla, gizon gehienen aldean (% 61).
Ideia erreakzionarioen gorakada nabaria da, diskurtso kontserbadoreak maila globalean indartu dira. Eta, plataformak eta sare sozialak ideia horien hedapen masiboko estrategia bihurtu dira. Ondorioz, dagoeneko onartuta zeuden balio aurrerakoiak “zalantzan” jartzen dituzte askok, baita gazteek ere. Aztertutako joerak dira, ebidentzia horiek jaso dituzten hainbat ikerketa baitaude mahaigainean, tartean hauek: Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean (EDE Fundazioa, 2024) eta Maskulinitatearen kutxa Euskal Atonomia Erkidegoan. Maskulinitateen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua Euskal Autonomia Erkidegoko biztanlerian (Emakunde, 2024).
Errealitate horri begiratuta, eta kezka pertsonal batetik abiatuta, Bidane Gartzia Landa ikertzaileak datu horiek udalerrian berresten diren aztertu nahi izan zuen, eta Gernika BHIri proposatu zion institutuan bertan ikerketa aurrera eroatea: Diskurtso erreakzionarioen irismena nerabeengan, eta feminismoari eta berdintasunari buruzko pertzepzioan duten eragina.
Hala, aipatutako ikerketa horietan agertzen ziren ebidentzia bateratu batzuk hartu zituen oinarri eta ikergai: gazteak feminismotik urruntzen ari direla eta manosferak diskurtso sexistak eta misoginoak zabaltzen dituen espazio birtualen eragina. “Ideia erreakzionarioei, feminismoaren aurkakotasunari eta bestelakoei buruz bat datozen ondorioak ageri dira ikerketa horietan. Baina nik bitan jarri dut arreta, ze, gero eta gazte gehiago aldetzen dira sentimendu feministatik. Gainera, uste dut eremu digitalean kontsumitzen dituzten edukiek eragina dutela euren nortasuaren eraikuntzan, errealitatea interpretatzeko moduan, eta eraikuntza ideologikoan”, azaldu du Gartziak. Eta, ikusi du joera hori ere ematen dela institutuan: “Orokorrean egon den kezka horrekin bat egiten dute institutuan jasotako emaitzek”. Izan ere, ikerketak erakusten du gazteen erdiak baino gehiagok feminismoa, euren helburua eta inplikazio sozialak zalantzan jartzen dituztela.
Izan ere, Gernikako nerabeek feminismoarekiko duten jarrera ezagutzen saiatu da Gartzia, kezka hori globaletik tokira hurbiltzeko eta udalerriaren errealitatea ezagutzeko. Gainera, estereotipoen naturalizazio maila neurtzea eta diskurtso antifeministetara heltzeko espazio digitalak identifikatzea ere izan da asmoa. Hala, institutuko ikasleak dira ikerketaren subjektuak, baina eskola komunitatearen parte hartzea ere izan du azterlanak, ikasleek ez ezik, zuzendaritza taldeak eta familiek parte hartu baitute.
300 ikaslek bete dute inkesta, 165 emakumek, 131 gizonek eta lau pertsona ez binariok: “Ikasleak dira subjektu, eta horien partaidetza ziklo guztietan eman da. Lagina esanguratsua da”. Eta zuzendaritza taldearekin izandako harremana ere “etengabekoa” izan da. Gainera, familiekin ere hartu-emana izan du: aurrez aurreko saio bat eta galdetegiak egin dituzte. “Lehen saiora hamar guraso gerturatu ziren, eta sorpresaz hartu genuen 112 familiak galdetegia erantzun izana”, azaldu du ikerlariak. Bestalde, aipamen handiena izan duten youtuber eta streamerren kanalak ere aztertu ditu.
Ikasleei dagokienez, DBH1 eta Batxilergoko 2.mailara bitarteko 300 ikaslek parte hartu dute, eta, horien %80k baino gehiagok eduki digitalak kontsumitzen ditu, eta adinaren arabera, plataforma ikusienak dira Youtube, Instagram eta Tiktok. Gartziak esan duenez, kontsumitzen dituzten eduki sortzaileen artean gehienek ez dute “jarrera antifeminista”, baina genero rolak eta estereotipo “oso potentziatuak” proiektatzen dituzte.
Gainera, sexuaren araberako bereziketari buruz, ondorioztatu du nesken %37k eta mutilen %5oek sexuaren araberako bereziketa normalizatzen duela, “ezaugarriak eta rol funtzioak genero bakoitzarekin lotuz”. Eta, adibide bat ere jarri du Gartziak: “Indarra eta ausardia gizonei lotzen zaizkien ezaugarriak direlakoaren aurrean, mutilen %43k aldekotasuna erakusten du, emakumeen %18aren aurrean. Aldekotasun hau adinarekin areagotzen da: 14-15 urteko gizonen % 58 ados dago, eta 16-18 bitartekoen % 67”.
Gainera, Gartziak dio sentimendu feministarekiko polarizazioa ere nabari dela ikerkelanean: emakume gazte batzuk (%22) feminismotik urruntzen dira, gizon gehienen aldean (%61). Hori bai, adinak eragina du jarrera antifeministen aurrean: 12-13 urteko mutilen artean %30ak du jarrera hori, eta 14 eta 15 urtekoen artean, %57.
Datu horiek lau bloketan banatutako galderetatik ondorioztatu ditu Gartziak; izan ere, euren kontsumo digitalari buruz, genero rolen ezaugarriei zein jarrerei buruz galdetu die ikasleei, baita berdintasunarekiko zein feminismoarekiko galdera esplizituak egin ere.
Eskola komunitatearen begirada.
Familiekin egindako galdeketetatik ondorioztatu du familiek feminismoari buruz hitz egiten dutela etxeetan (%90), eta gehienek euren alabek eta semeek eduki digitalak kontsumitzen dituztela jakin arren, ia erdiek ez dakiteka horiek zer ikusten duten. “Hori bai, ia familia guztiek uste dute nerabeek plataforma digitaletan ikusten dituzten edukiek eragina dutela nerabeen errealitatearen pertzepzioan eta iritzi ideologikoan”, gehitu du ikerlariak. Eta, parte hartu duten familien %40k “noizbait” feminismoa zalantzan jartzen duten portaerak antzeman ditu euren nerabeengan.
Bestalde, familiekin egindako mahai-inguruan feminismo kontzeptuaren esanahian lan pedagogikoa egitearen garrantzia azaleratu zela dio Gartziak, baita jendartean jarrera matxisten hazkundea nabaritu dutela ere. Gainera, gazteen artean ere “maskulinotasun toxikoak” sare sozialetan duen proiekzioarekiko kezka ere agertu zuten.
Zuzendaritzarekin egindako elkarrizketatik, bestalde, jarrera “erreakzionarioak eta antifeministak” hautematen hasi direla onartu dute. Eta hala berretsi du Eva Ugalde Institutuko zuzendaritza taldeko kideak. Dioenez, ikasleengan “jarrera aldaketa eta nekea” ikusi dute azken urteetan, ikasgelako berdintasunaren sentsibilizazioari eta tratamenduari dagokionez. “Martxoaren 8aren inguruan jarrera aldaketa nabaritzen dugu, ikusten dugu txarrerantz erreakzionatzen dutela. Eta gazteen erabilera digitala ere bada azken urteetako gure kezka nagusia. Ikerketa honek asko balio digu, ze bide jarraitu ikusteko”, azaldu du Ugaldek. Maskulinotasun kaltegarria adierazten duten talde txikien identifikazioa ere egin dute, eta egoera horien aurrean nola jardun ere lantzen hasi direla nabarmendu dute, hezkidetza taldearen bitartez.
Ikerketa.
Baina, emaitzak jasotzeaz aparte, eduki sortzaileek egiten dituzten edukiak ere ikertu ditu Gartziak: El Xokas, RickyEdit eta Jordi Wilden edukiak aztertu ditu: “Gorroto-mezurik zabaltzen ez duten baina mezu androzentrista proiektatzen duten eduki-sortzaile gizonak (esterotipoak birsortzea eta hizkera sexista) dira. Diote ez daudela feminismoaren kontra, baina uste dute lehengoa ona zela; egungoa ez zaie gustatzen. Antiwokismoa eta aniztasunaren aurkako mezuak zabaltzen dituzte, eta maskulinitate tradizionala eta toxikoa indartzen dute. Gainera, ideia misoginoak zabaltzen dituzte, elkartasun eta anaitasun maskulinoaren aterkipean”.
Mezu horiek “diskurtso sinple eta agresiboen” bidez zabaltzen dituztela gehitu du: “Gizonezkoen biktimismo batean oinarritzen dira emakumeak pribilegiatzen gabiltzan diskurtsoa transmititzeko. Askok feminismo instituzionalaren kontra egiten dute, baita berdintasun politiken kontra ere. Sareetan aktibo dauden feministen aurkako jazapena nahikoa indartsua izaten da, gainera”. Gehitu du eduki sortzaileak aztertuta, “irudi estereotipatua eta hutsala” proiektatzen dutela emakumeen kasuan: “Batzuek maskulinitate bat proiektatzen dute, eta besteek horiekin bat datorren feminitatea, estereotipoz betetakoa. Produktua gorputza da, eta proiektatzen duten bizi mota ez da erreala”.
Aurrera begira.
Horrelako ikerketak egitearen eta datuak ezagutzearen garrantzia azpimarratu dute ikastetxeko ordezkariek, egoerari neurria hartzeko eta gaia nondik landu erabakitzeko balio dutela esanez. Informazio baliagarria dute eskuartean, eta hori nola zabaldu aztertzen ari dira orain, horiek oinarri izanda erabakiak hartzeko: “Ikasleekin eurekin datuak zabaltzea ere pentsatu dugu, beste ikuspuntu kritiko batetik azter dezaten ikusten dutena, eta eurak kontzientziatzeko baliagarria izan dadin”.
Hala ere, oraindik erabakitzeko daukate zer eta nola zabaldu, baita hori modu koordinatu batean zelan egin ere. “Baina bai, ideia horiek guztiak mahaigainean daude. Ez dugu ezer zehaztu, baina proposatu nion institutuari herri mailako erronka modura ere landu genezakeela hau, lidergoa hartuta, beste eragile batzuekin elkarlanean. Dimentsio handia daukan ikerketa da, garrantzia handiko kontua aztertzen duena eta denoi eragiten diguna”, azaldu du Gartziak. Hori bai, lehenengo kaltetuak nerabeak direla dio: “Euren osasuna eta ongizatea zaintze aldera, uste dut herri modura, eskuartean zer daukagun jakiteak merezi duela. Ze, kontziente gara gazteek kontsumitzen dutela, baina ez dakigu zer, eta oso zaila da jakitea. Eta hau mahaigainean jarrita, eragile bakoitzak, bakoitzak beretik ekarpena egin dezake”.
Gernikako institutuan inguruetako herrietako jende asko biltzen da; zentro modura ere inguruko “handiena” da: “Honek oinarri bezala balio du; ikerketa estrapolagarria izan daiteke”.
Ez dute alarma sortu nahi, nahiz eta datuak “kezkagarriak” izan. Izan ere, uste dute egoera eraldatzeko momentua dela, horri buelta ematekoa: “Nerabeak inplikatu behar ditugu eraldaketa prozesuan, eurak direlako protagonistak eta eurek emango diotelako buelta honi. Baina lagundu egin behar diegu, bai etxean, bai kalean, bai ikastetxeetan, bai sareetan. Ez dakigu nola, baina sareetan ere egon beharko da”.
Hori bai, gorrototik barik, modu konstruktiboan egindako aldaketa izan beharko dela nabarmendu du: “Kaltetuak eurak dira, modu aske batean euren nortasuna eraikitzeko oztopo bat delako hau. Mutilak ekarri behar ditugu feminismora, ez dakit modua, baina parte aktibo sentitu behar dira. Feminismoaren kontrako iritziak gorrototik jasotzen dituzte, eta uste dut erronka honi modu konstruktibo eta positiboan aurre egin behar diogula”.