Eako Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak eskainiko ditu
Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia argitaratu du Eako Udalak. Interesa duten herritarrek abenduaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.
Martitzenean (abenduak 3) Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen han eta hemen, eta gurearen balioa indartzearen aldeko aldarriz bete ziren eskualdeko txoko ugari. Ildo hori jarraituta, Eako Udalak eguna aprobetxatu, eta euskara ikasteko dirulanguntzen deialdia argitaratu zuen. Abenduaren 18ra arte zabaldu dute epea, hala nola, eskaerak aurkezteko, eta zehaztu dute HABEk onartutako zentroetan egindako ikasketak lagunduko direla. Gaineratu dute aurten edo iaz bukatutakoak ere barne hartuko direla, horien baitan.
Baina, irizpideren bat zein beste ere eman ditu aditzera udalak: besteak beste, esan dute “ezinbestekoa” izango dela gutxienez %80ko asistentzia-maila ziurtatzeko gai izatea, beti ere “oinarrietan aurreikusitako justifikatutako hutsegiteak” alde batera utziz. Horrez gain, aurretiaz HABEri dirulaguntza eskatzea ere nahitaezkoa izango dela jakinarazi dute.
Interesa duten herritarrek udaletxean edota egoitza elektronikoan zenin erregistro-gaietako laguntzarako bulego edo posta-bulegoetan aurkeztu behar izango dute eskatutako dokumentazioa, abenduaren 18a baino lehen. Xehetasun guztiak, eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio gehigarria Eako Udalaren webgunean dago eskuragarri, azaldu dutenez.