Argizaiolaren ikusizko ondare kolektiboaren bilgune
'Argizaiola trofeoa 1980-2025' erakusketa ikusgai dago abenduaren 5etik 9ra bitartean, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Erakusketagaz argazkien ondarea babestea, zabaltzea eta balioestea bilatu dute
Euskal Herriko Argazkilari Elkarteen Federazioaren —lurralde osoko 25 argazki elkarte biltzen dituena— Argizaiola trofeoa 1980-2025 erakusketa ikusgai dago abenduaren 5etik 9ra bitartean, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Euskal argazkilarien ibilbidea, sormena eta talentua omentzen dituen atzera begirako erakusketa da.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan dagoen argazki lehiaketen lehiaketa bakarra da Argizaiola lehiaketa, eta, ziurrenik, “Europako bakarra” ere badela diote; izan ere, elkarte federatuek antolatutako lehiaketetan saritutako lanek parte hartzen dute bakarrik. Ondorioz, Argizaiola Euskal Herriko argazki sari “gorena” dela uste dute. “Lau hamarkadaz, lehiaketa hau erreferente kultural bihurtu da, sortzaileen belaunaldi ezberdinen topagune eta ikusizko ondare kolektiboaren bilgune“, diote Argizaiolako kideek.
Hala, erakusketagaz ondare hori babestea, zabaltzea eta balioestea bilatu dute, 1980tik aurtengora arte Argizaiola Saria irabazi duten argazkiak lehen aldiz erakusketa berean bilduz. “Erakusketarekin, elkarteak berretsi egiten du euskal argazkigintzaren kultura sustatzearen, ikus-memoria babestearen eta talentua bilatzearen konpromisoa”, esan dute.
Izan ere, uste dute proiektu honek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako argazkigintzaren “historia bizia” omentzen duela, “identitate artistikoaren etorkizuna argitik eta begiradatik eraikitzen jarraitzeko”.
Bilakaera, bost etapatan.
Bost etapatan banatu dute erakusketa, zeintzuek Euskal Herriko argazkigintzaren bilakaera teknikoa, estetikoa eta tematikoa islatzen duten. 1980tik 1989ko etapan, Argizaiolaren jatorriari egingo diote erreferentzia, eta horren begirada dokumentalari. Hurrengo hamarkadan sendotze artistikoan eta kolorearen hedapenean jarriko dute begirada, eta argazkigintza digitalaren etorrera landuko dute 2000. urtetik 2009ra arteko epean. Narratiba berrien eta sormen aniztasunaren garapena eman zen 2010eko hamarkadan, eta azken bost urteei erreparatuta, argazkigintza garaikideari eta egungo erronkei egingo diote erreferentzia.