'SPrako Tranbian' aurrera egiten dabiltza 11 orduko irakurraldian
Berbalagun egitasmoa martxan da, eta urtero legez, 11 orduko irakurraldia prestatu du gaurko, Euskararen Egunerako. Ezetz Jakin lehiaketako sariak ere banatu ditu: Ion Lauzirikarentzat ikasturteko lehen saritua.
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura duen Berbalagun egitasmoa martxan dago, eta beste urte batez, Euskararen Egunerako 11 orduko irrakurraldia prestatu du. Hala, aurten, Unai Elorriagaren lanean egin dute geldialdia gernika-lumotarrek, SPrako Tranbia liburuaren nondik norakoak entzun ahal baitira Elai Alai areto txikiaren kanpoko bozgorailuetatik.
09:00etan hasita, etenik barik, udalerriko eragile, talde, sare edo elkarteetakoak ari dira igarotzen Berbalagunek jarritako mikrofonoaren aurretik, eta, Elorriagaren beraren bisita ere espero dute. Goizean, hezkuntza zentroetako ikasleek parte hartu dute, eta udal langileen txanda izan da eguerdian. Arratsaldean, berriz, bestelako talde eta kolektiboetakoak igaroko dira bertatik.
Baina hori bakarrik ez. Ezetz Jakin lehiaketa ere abian dute Berbalagunek, eta, lehiaketaren ikasturteko lehenengo sariak banatzeko egun aproposena aukeratu dute: Euskararen Eguna. Ion Lauzirika Ibarluzeak jaso du sari nagusia Kabiren eskutik. Paperean zein digitalean jarri dute martxan lehiaketa beste ikasturte batez, eta 118 pertsonak parte hartu dute bertan; horietatik galdera guztiak zuzen erantzun dituztenen artean zozketa eginda gailendu da Lauzirika.

Parte hartzaile guztien artean egiten den zozketako sariduna, berriz, Miren Gerrikaetxebarria Navarro izan da, eta 20 euroko bono saria jaso du, udalerriko establezimenduetan erabiltzekoa.
Dagoeneko martxan dute abenduko lehiaketa. Eta, hamabost galderetatik asko, euskararekin lotutakoak dira. Izan ere, Durangoko Azokari buruzkoak dira batzuk, euskararen harira antolatu diren beste ekitaldi batzuei buruzkoak besteak, eta badira herriko urteurrenei buruz ere galdetzen dutenak. Lehiaketan parte hartu gura dutenek, ohi legez, galdetegia online bete edota kultur etxeko Berbalagunen postontzian sartu beharko dute, abenduaren 30a aurretik. Abenduan, Rugantino Trattoriak emango du saria.